«Borrokak jarraitzen du»

FARCeko gerrillari ohien talde batek «borroka etapa berri bat» iragarri du. FARC alderdiak esan du «bake akordioarekin konprometituta» dagoela. Santos «desertoreak erreprimitzearen» alde dago

Ivan Marquez gerrillari ohiak adierazpen bat irakurri zuen, FARC siglekin sinatua, eta sarera igo zuten bideoa atzo goizaldean. EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
2017. urteko abuztuaren 28an, Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdi politikoa fundatzeko kongresua hasi zen Bogotan. Izena aldatu zuten, baina siglak berak ziren: FARC. Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillako kideek sortu zuten, 2016an Kolonbiako Gobernuarekin bake akordioa izenpetu ostean. Atzo, ordutik bi urte eta egun batera, FARCeko gerrillari ohien talde batek «borroka etapa berri bat» iragarri zuen bideo batean. Gerrillako burutzat jotako Luciano Marin Arango Ivan Marquez-ek komunikatu bat irakurri zuen ordu erdian: «Munduari iragartzen diogu bigarren Marquetalia hasi dela, munduko herriek zapalkuntzaren kontra altxatzeko duten eskubide unibertsalean oinarrituta», adierazi zuen. Marquetalia lurraldean sortu zen FARC gerrilla, 1964an.

Marquez bera Habanako negoziazio taldeko buruetako bat izan zen, eta «traizioa» leporatu dio gobernuari: «[Kolonbiako] Estatuak Habanako bake akordioari egindako traizioaren erantzuna da gerrillan borrokan jarraitzea». Iazko apirilean, gerrillari ohientzako Miravelle eremura joan zen Marquez, eta han ikusi zuten azkenengoz. Bideoan, beste zenbait gerrillari ohirekin ageri da. Haien artean dago Seuxis Pausias Hernandez Jesús Santrich; preso egon da azken hilabeteetan, «azpijoko judizial» batengatik, haren esanetan. Maiatzean utzi zuten aske, baina Kolonbiako Auzitegi Gorenak hura berriz atxilotzeko agindu zuen uztailean.

«Inoiz ez gintuzten ideologikoki garaitu, ezta porrotera eraman ere», esan zuen Marquezek bideoan. «Horregatik, borrokak jarraitzen du. Historiak bere orrialdeetan kontatuko du armak berriz hartzera behartu gintuztela». FARCen irudia eta siglak mantendu dituzte buruzagi ohiek atzoko adierazpenetan, eta FARC, Ejército del Pueblo izenarekin sinatu dute irakurritako agiria.

Gerrillari ohien komunikatua ikusita, FARC alderdiak adierazi du hori gutxi batzuen kontua dela, eta alderdia «akordioarekin konprometituta» dagoela oraindik. Rodrigo Londoño Timochenko alderdiaren presidenteak hitz egin zuen: «Gehienok bakearekin gaude, horrek dakartzan zailtasun eta arrisku guztiekin». Twitterren, Pedro Antonio Martin Manuel Marulanda FARCen sortzailea aipatu zuen Marquezi erantzuteko: «Manuel Marulandak irakatsi zigun emandako hitza betetzen. Gure hitza gaur bakea eta adiskidetzea da».

FARC alderdiaren konpromisoa nabarmendu zuten beste kide batzuek ere. Victoria Sandino senatariak esan zuen ezin daitekeela gerrara itzuli: «Marquezek oharrean azaltzen dituen arrazoiak bidezkoak dira, baina erantzuna ez da gerrara itzultzea».

Erasoei erantzun soilik

Bake akordioaren protagonistetako bat izan zen Juan Manuel Santos, orduko Kolonbiako presidentea. Gogor egin du Marquezen aurka: «FARCen %90ek bake prozesuan jarraitzen dute. Haiekin jarraitu behar da. Desertoreak irmotasun guztiarekin erreprimitu behar dira».

Santosek Bakearen Nobel saria jaso zuen 2016an, «gerra bukatzeagatik», Suediako akademiaren hitzetan. Marquezek aipatu du hori ere: «Bakearen Nobelaren ahots iruzurtiarekin zin egin zuen ez zuela adostutakoaren koma bat ere aldatuko». Gerrillari ohiek Kolonbiako Gobernuari leporatu diote ez duela bete sinatutakoa, eta buruzagi sozialen eta ez dituztela eten gerrillari ohien aurkako hilketak.

«Bi urtean, mugimendu sozialetako 500 lider eta 150 gerrillari ohi baino gehiago hil dituzte, estatuaren indiferentziaren eta utzikeriaren erdian». Haien hitzetan, «modalitate operatibo berri bat» izango da oraingoa. «Erasoei erantzungo diegu bakarrik. Klase senideok ez dugu jarraituko elkar hiltzen».

Marquezek adierazi du aliantzak egin nahi dituztela ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin. Atzo, mezua zabaldu zutenean, ELNko komandante batek «agur» egin zion Marquezi; gerrillariak Uriel du ezizena. Haren ustean, «gizartearen sakoneko aldaketetarako legezko bideak itxita daude», eta «errealitatea aldatzeko» alternatiba «erresistentzia armatua» da. Dena dela, Uriel ez da ELNren komando zentraletako kidea; beraz, hark esandakoa ezin da gerrillaren iritzi ofizialtzat hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.