Aginteari eusteko borrokan

Gantzen koalizioak irabazi ditu Israelgo hauteskundeak, baina Netanyahu hasia da bere aldeko blokea eratzen. Eskuin muturrak du berriz gobernuko giltza, eta bi alderdi nagusiak elkartu nahi ditu

Aginteari eusteko borrokan.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Karguan urte gehien egin duen Israelgo lehen ministroa da Benjamin Netanyahu, eta hari eusteko asmo argia adierazi du astearteko hauteskundeen ondoren. Botoen %90 zenbatuta, Beni Gantz militar ohiaren Urdina eta Zuria koalizioa izan da garaile, baina gertu du Netanyahuren Likud: 32 eserleku ditu batak, eta 31 besteak. Halere, jarduneko lehen ministroak izan du ekimena, eta eskuineko alderdiekin elkartu zen atzo, haren aldeko blokea osatzeko. 55 diputaturen babesa du oraingoz, eta beste sei behar ditu gehiengorako. Yisrael Beiteinu alderdi ultraeskuindarrak du berriz gobernuko giltza; Avigdor Lieberman buruak beste asmo batzuk ditu, ordea. Urdina eta Zuria eta Likud elkartu nahi ditu, «koalizio liberal zabala» egiteko.

Aurtengo bigarren hauteskundeak egin dituzte herrialdean: apirilean, pareko emaitzak izan zituzten Urdina eta Zuriak eta Likudek, eta Netanyahuk gobernua osatu ezinak bozak errepikatzera eraman ditu. Parte hartzea puntu bat igo da, %69ra, baina ez da alde handirik egon orduko eta oraingo emaitzen artean, alderdi bakar batek ere ez baitauka oraingoz gobernua osatzeko adinako babesik. Reuven Rivlin presidenteak urriaren 2ra arteko epea du hautagai bat izendatzeko. Esan izan du ez duela beste bozik nahi.

Denborarik galdu gabe, atzo bertan elkartu ziren eskuineko alderdiak eta ultraortodoxoak, parlamentuaren egoera aztertu eta hemendik aurrerako koalizioez aritzeko. Likud alderdiaren arabera, negoziazioa abiatzea erabaki dute guztiek, «eskuineko bloke bakarra» osatzeko asmoz. «Eskuineko blokea osatuta, bi aukera baino ez daude: nik gidatutako gobernu bat, ala alderdi arabiarren meneko bat», adierazi zuen Netanyahuk.

Jarduneko lehen ministroak ahal duen guztia egingo du «gobernu antisionista arriskutsu bat saihesteko». Kazetariek esan zioten ez duela gehiengoa osatzeko adina babesik, baina hark ez zuen erantzun nahi izan. Netanyahuk presa dauka: ikerketapean dago lau auzitan, eta immunitate legea onartu nahi du lehenbailehen, salbu geratzeko.

Zenbait hedabidek zabaldu dute Netanyahuren mugimendu azkarraren helburua dela Rivlin presidenteak haren aldeko blokea alderdi bakartzat jotzea, eta jarduneko lehen ministroari ezartzea gobernua osatzeko ardura, bozak irabazi ez dituen arren.

Parean ditu Gantzen Urdina eta Zuria, ezkerreko blokea eta alderdi arabiarrak. Gantzek, 2014an Gazaren aurkako gerran armadaren estatu nagusiko buru zenak, ez du babesik izango alde horretan. Apirilean bezala, Liebermanek argitu beharko du egoera.

Liebermanek proposatu duen bezala, bi alderdi handiek bat egitea da gobernua osatzeko aukerarik azkarrena. Dena dela, Urdina eta Zuriak ezarria du baldintza: Netanyahuk alde egin beharko luke horretarako. Liebermanek, halere, ez du negoziaziorik hasiko politika sekularistak aldatu arte, hori eskatzen baitio jarduneko lehen ministroari.

Horren aurretik, Likudek beste aukera guztiak agortu nahi dituela dirudi. Hareetz hedabidearen arabera, alderdiko kideak laboristengana joan ziren atzo, ultraortodoxoekin eta eskuindarrekin koalizioan bat egin dezatela eskatzera. Laboristek erantzun zieten Netanyahu ordezkatzea dela euren helburu nagusia.

Bozetan, arabiarrek eman dute jauzirik handiena. Zerrenda Batua koalizioan aurkeztu ziren 2015eko hauteskundeetara, baina nor bere aldetik joan ziren apirilekoetara: Hadaxek eta Ta'alek bat egin zuten, halere, eta sei eserleku izan zituzten. Baladek eta Zerrenda Arabiar Batuak, berriz, lau eserleku izan zituzten. Oraingoan guztiak elkartu dira berriro, eta emaitza hobea izan dute: Zerrenda Batua hirugarren indarra izango da parlamentuan, hamahiru eserlekurekin.

Arabiarrek, gora

Koalizioa berriz aurkezteak eragina izan du arabiarren arteko parte hartzean ere. Zerrenda Batua koalizioko Ahmad Tibi kideak Netanyahuri eman zizkion eskerrak, haren gorroto diskurtsoak mesede egin dielakoan: «Gure kanpaina lokartuta zegoen duela bi aste. Joan den astean, azti batek iratzargailuak jarri zituen herri arabiar guztietan. Netanyahu zen azti hura. Bat-batean, arabiarrak hauteslekuetara joan ziren». Parte hartzea hamar puntu igo da haien artean: %60koa izan da, Haaretz-en arabera.

Netanyahu New Yorkera joatekoa zen datorren astean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusira, baina atzo adierazi zuen ez dela han izango, gobernua osatzen saiatzen jarraitzeko. Israel Katz Atzerri ministroa joango da haren ordez. Hortaz, Netanyahu ez da Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin elkartuko. Israelek «sekula ez du izan lagun minagorik Etxe Zurian», haren ustean. Batzar Nagusia irailaren 24an hasiko da, Israelgo Hauteskunde Batzordeak emaitzak Rivlini aurkeztu bezperan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.