Kaxmir, urtebete lotuta

Gaur bete da urte bat Indiak Kaxmir eskualde autonomoari estatus berezia kendu ziola. Indiako Gobernuak etxeratze agindua ezarri du eremu horretan, manifestazioak eragozteko

Militarrak Kaxmirreko Srinagar hiriburuan, herenegun. FAROOQ KHAN / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Jone Bastida Alzuru
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Egun markatua da abuztuaren 5a Kaxmirko herritarrentzat, eta ez bereziki ospakizunetarako data moduan. Izan ere, gaur urtebete bete da Indiak eskualde autonomo horri estatus berezia kendu zionetik, eta, beraz, New Delhiren kontrol zuzenaren menpe geratu zenetik, autonomiarik gabe.

Bozak irabazi eta lau hilabete aski izan zituen eskuineko BJP Aliantza Nazional Demokratikoa alderdiak kanpainan iragarritakoa bete eta Indiako Konstituzioko 370. artikulua indargabetzeko. Kaxmir eskualde autonomoari estatus berezia aitortzen zion puntu horrek, eta, hura ezabatu zuten dekretu bidez.

Narendra Modi lehen ministroaren arabera, artikulu horrek eskualde autonomoaren garapena «galarazi» zuen ordura arte. Shah Mahmood Qureshi Pakistango Atzerri ministroak, berriz, ziurtatu zuen Indiak eskualdeko bakean eta egonkortasunean eragingo zuen «joko arriskutsu bat» hasi zuela. Era berean, oposizioak salatu du gehiengo musulmana duen eskualdeko demografia aldatzea duela helburu Indiako Gobernuak, eta horretarako hainbat lege onartu dituela: Kaxmirkoak ez direnek eskualdean lurrak erosi ahal izatea, esaterako. Egun, Txinaren, Pakistanen eta Indiaren artean dago banatua lurraldea, eta gehiengo musulmana duen Indiako eremu bakarra da Kaxmir.

Gaur bete da urte bat erabakia indarrean sartu zela, eta eskualdeak bere horretan jarraitzen du. Oposizioak Egun beltza izendatu zuen gaurkoa, eta protesta baketsuak egitera deitu. Ez die horiei bide eman, ordea, Indiak, eta mobilizazioak eragozteko bi eguneko etxeratze agindua ezarri du —atzo eta gaur egongo da indarrean—. «Polizia eta militarrak bidali ditugu Kaxmirrera, separatistek liskarrik eragin ez dezaten», adierazi zuten gobernuko iturriek.

Indiako Gobernuaren ordezkari Shahid Iqbal Choudharyk jakinarazi zuenez, Srinagar hiriburuan segurtasun indarrak etxez- etxe joan ziren herritarrei kalera ez irteteko aginduz. «Pakistanek lagundutako taldeak liskarrak eragiteko asmotan dabiltza, eta ez dugu halakorik ahalbidetuko». Hala, goizetik poliziek eta militarrek eskualde osoko kaleak bete zituzten.

Urte latza

Iragan abuztuaren 5ean estatus berezia kendu ostean, Kaxmir itxi eta komunikazio bideak blokeatu egin zituzten hainbat hilabetez, baita Indiako Gobernuarekin kritikoak ziren hainbat buruzagi politiko atxilotu ere. Oposizioaren arabera, haietako ehunka daude oraindik espetxean, gehienak kargurik gabe.

Martxoan, pandemiaren aurkako neurriak argudiatuta, beste etxeratze agindu bat ezarri zuen gobernuak eremu osoan. Horren harira, giza eskubideen aldeko erakundeek «herritar musulmanen aurkako politikak bultzatzea» egotzi zioten Modiren gobernuari. Egun ere hainbat neurri murriztaile daude indarrean, koronabirusa dela eta.

«Indiako Gobernuak adierazi zuen Kaxmirko biztanleen bizitza hobetzea nahi zuela, baina urtebete pasatu da Jammu eta Kaxmirren estatus konstituzionala baliogabetu zuenetik, eta ez du hori bete», esan zuen atzo komunikatu baten bitartez Meenakshi Gangulyk, HRW Human Rights Watch-eko Asiako hegoalderako zuzendariak. «Horren ordez, agintariek murrizketa itogarriak ezarri dizkiete herritarrei, oinarrizko eskubideak urratuz», gaineratu zuen.

Adierazpen horiek Kaxmir eskualdeak azken urtean sufritu duen indarkeria eta diskriminazio egoeraren isla dira. Narendra Modi lehen ministroaren gobernuak autonomia kendu zion Jammu eta Kaxmir eskualdeari abuztuan, eta bitan banatu zuen eremua urri amaieran. Hala, estatus berezia baliogabetu zionetik, latzak izan dira eremu horri ezarritako mugak: zirkulazio askatasuna mugatu zien, bilera publikoak debekatu, telekomunikazio zerbitzuak eta hezkuntza erakundeak itxi eta milaka lagun atxilotu, besteak beste. Gerora, murrizketa batzuk arindu bazituzten ere, oraindik indarrean jarraitzen dute neurri murriztaile batzuk, eta horiek areagotu egin dituzte pandemia garaian; horren guztiaren aurka protesta egitekoak ziren gaur.

Bestalde, ekonomikoki ere ondorioak utzi ditu Indiako Gobernuaren errepresioak, eta ordutik okerrera egin dute herritarren bizi baldintzek.

Urteetako gatazka

Kaxmirri autonomia kentzea gatazkan izandako azken gertakari nagusia da. Eskualdea munduan gehien militarizaturiko eremuen artean dago, eta, hain zuzen, Indiaren independentziaren garaikoa (1947) da gatazka. Pakistanek zein Indiak lurralde osoaren jabetza aldarrikatzen dute.

Dagoeneko 73 urte pasatu dira Indiako deskolonizazio prozesua hasi zenetik. Britainiar Inperioak, India azpikontinentea utzi, eta hango kolonia bi estatu independentetan zatitu zuen, 1947. urtean. Orduz geroztik, Indiaren eta Pakistanen artean zatituta egon da Kaxmirko lurraldea: Indiako zatia Jammu eta Kaxmir estatuak osatzen du, eta Pakistango zatia, berriz, Azad Kaxmir (Kaxmir librea) eta Gilgit eta Baltistango eskualdeek. Txinak ere kontrolatzen du zati bat: Aksai Chin eskualdea eta Shaksgam. Banaketa hori egin zenetik, 700 kilometroko kontrol lerro batek zatitzen du hamahiru milioi biztanleko harana. 1947. urtean, gainera, Kaxmirren estatus bereziaren aldeko legea onartu zuten.

Gatazkak ez du etenik izan. Hirutan piztu da gerra Indiaren eta Pakistanen artean, lurraldeaz jabetzeko; hots, 1947an, 1965ean eta 1999an. Kaxmirren musulmanak dira gehiengoa, eta Indiako gainontzeko eskualdeetan, berriz, hinduak. Indiak lurralde osoaren jabe dela aldarrikatu du behin baino gehiagotan, baina Pakistanek uste du etorkizuna bertako herritarrek erabaki behar dutela. Hau da, estatu horren estatusa erreferendum baten bidez erabakitzea aldarrikatzen du. NBEk ere hala egiteko gomendatu zuen 1948. urtean.

Indiako armadaren jazarpena etengabea izan da Kaxmirren: milaka atxiloketa, desagertze, bortxaketa eta exekuzio egon dira urte hauetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.