Turkiak Mediterraneo ekialdean gasa bilatzeko lanak luzatu ditu

Ankarak esan du oraingoz irailaren 12ra arte egingo dituztela jarduera horiek. Greziak erabakia gaitzetsi, eta lan horiek baliogabetzeko urratsa egin du. Turkia ariketa militarrak egiten hasi da

Turkiak Mediterraneo ekialdean gasa bilatzeko lanak luzatu ditu.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Greziaren eta Turkiaren arteko harremanak gaiztotuz joan dira azken hilabeteetan, eta baliteke Ankarak atzo iragarritako berriak haien arteko tentsioak areagotzea: Turkiak jakinarazi zuen beste hamar egunez luzatuko dituela Mediterraneo ekialdean gasa bilatzeko egiten ari diren jarduera polemikoak; hots, irailaren 12ra arte —atzo amaitzea aurreikusten zuten—. Azkar erantzun zuen Greziak, eta lan horiek baliogabetzeko abisua helarazi zuen, Turkiaren jarduerak «legez kanpokoak» direla argudiatuta; eremu hori bere menpe dagoela salatzen du. Atzerri Ministerioak adierazi zuenez, operazio horrekin Turkia «asaldura eta ezegonkortasuna» sortzen ari da eskualdean, eta segurtasuna «ahultzen». Gainera, salatu zuen Ankarak entzungor egiten jarraitzen duela elkarrizketarako dei guztiei, eta, bide batez, «probokazioak» areagotzen.

Hain zuzen, Zipretik gertu topatutako gas hobi baten ondorioz piztu dira bi herrialdeen arteko azken liskarrak. Ankarak 320.000 milioi metro kubo gas topatu ditu han. Aurkikuntza oinarrizkoa da Recep Tayyip Erdogan presidentearen herrialdearentzat; izan ere, azken hamarkadetako hazkunde ekonomikoa dela-eta, herrialdeak gas ugari xahutzen du. Ankarak esportatu egiten du erregai horren zatirik handiena, eta, ondorioz, gasa erostera bideratu behar du bere aurrekontuen zati handi bat. Mediterraneo ekialdean topatutako hobiak, ordea, gas esportazioen merkatuan sartzea ahalbidetuko lioke herrialdeari, eta horrek bultzada bat emango lioke ekonomiari.

Greziak, ordea, salatu zuen «legez kanpokoak» direla ustiaketak —Atenasek beretzat aldarrikatzen du Zipre inguruko itsas eremua, nahiz eta uhartearen iparraldea Turkiaren menpe egon—. Turkiak, berriz, ohartarazi zuen Mediterraneoari, Itsaso Beltzari eta Egeo itsasoari dagokienez dituen eskubideak baliatuko dituela ustiaketak aurrera eramateko.

EB Europako Batasunak, hasieran behintzat, Atenasen jarrera babestu du, eta Turkiari zigorrak ezartzea aztertzen ari da. Halere, bi aldeei hainbat aldiz dei egin die negoziazio mahaira itzultzeko. Fuat Oktay Turkiako presidenteordeak «hipokritatzat» jo zuen EBk Ankarari zigorrak ezartzeko daukan asmoa.

Atzo, Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluek esan zuen Ankara prest dagoela Greziarekin elkarrizketak izateko: Mediterraneo ekialdeko eskubideen inguruan aritzeko eta desadostasunak konpontzeko. «Zoritxarrez, gure deiei jaramonik egin ez zaielako, beharrezko neurriak hartu behar izan ditugu», gaineratu zuen. Halaber, Kastelorizo uharteko «presentzia militarra» gutxitzeko exijitu zuen Cavusogluek. Mediterraneo itsasoaren hego-ekialdean dago uharte hori, eta, Greziaren lurraldearen parte bada ere, Turkiako kostaldetik bi kilometro eskasera dago. «Kastelorizo uharteko militarizazioak akordioetan ezarritako muga gainditzen badu, Greziak galdu egingo du».

Ariketa militarrak

Egoera horretan, Turkiak joan den astean iragarri zuen armadak ariketa militarrak egingo zituela asteartean [atzo] eta asteazkenean [gaur], benetako munizioa erabiliz. Frantziak, Italiak eta Greziak hiru eguneko maniobra militarrak iragarri ondoren eman zuen asmo horren berri. Ondoren, ostiral gauean, Ankarak jakinarazi zuen larunbatetik hasita irailaren 1 arte «tiro ariketak» egingo zituztela Turkiako Anamur hiriaren pareko eremuan ere, Zipre uhartearen ipar-mendebaldean. Beraz, bi herrialdeek egin dituzte ariketa militarrak, eta aldeen arteko eztabaida areagotu dezake horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.