ELAk eskatu die EAJri eta EH Bilduri Madrilen langileak ez «saltzeko»

Alderdi subiranistei eskatu die «eragin ahalmena» erabil dezatela lan erreformak indargabetu ahal izateko. Salatu egin du Jaurlaritzak greben aurrean duen jarrera

ELAren manifestazioa, Bilboko kaleetan barrena. Mitxel Lakuntza idazkari nagusia pankartari eusten ageri da; hirugarrena da ezkerretik hasita. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
ELAk mezu argia bidali zien atzo EAJri eta EH Bilduri: «Madrilen ez gaitzazue saldu akordio hutsalen truke, ezta trenbide bat lurperatzearen edo autobideren bateko 25 kilometroren truke ere». Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak lan erreformak indargabetu ditzatela eskatzeko antolaturiko manifestazioetako baten amaiera ekitaldian egin zien dei alderdiei: «Gaur egun, EAJren eta EH Bilduren boza behar da legeak erabaki daitezen, eta horregatik egiten diegu eskaera. Jendearen lan baldintzak lehentasunen artean sar ditzatela nahi dugu».

Protesta eguna zuen ELAk, Galiziako CIG eta Kataluniako CSC sindikatuarekin batera. Bilbon hartu zuen hitza Lakuntzak, ehunka manifestariren aurrean. Protestan Eaton enpresak Zamudion (Bizkaia) dituen 37 langileak izan ziren txalotuenak. Multinazionalak planta ixteko asmoa publiko egin zuen iragan astean. Apirilaren 6an hasiko dute negoziazio prozesua.

Hiru sindikatuek ez zuten ezkutatu beren asmoa alderdi politiko subiranistak «estu hartzea» dela, «aldarrikatzen duten eragin ahalmen» hori erabil dezaten lan erreforma bertan behera uzteko. Hirurek argi ikusten dute presioa egin beharra daukatela, ez baitira fio Espainiako Gobernuarekin. «Diaz lan ministroak esan du ez direla lan erreformak osotasunean indargabetuko. Puntu batzuk besterik ez dituztela ukituko», salatu zuten.

Espainiako Gobernua, izan ere, 2010eko, 2011ko eta 2012ko lan erreformetan «egiturazko aldaketak» egiteko baldintzak negoziatzen ari da hilaren 18tik. Ministroak esan zuen «alderdirik kaltegarrienak» indargabetzeko negoziazioetan ari direla, eta horri egin zion erreferentzia Lakuntzak. Espainiako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian ari dira eztabaidatzen, CEOE patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin. Azken aste honetan ezer gutxi jakin izan da, baina enpresarien elkarteak esana du ez dela legeak aldatzeko garai aproposa.

ELAko idazkari nagusiak mahai horrek ezartzen duen jokalekua kritikatu zuen: «Ez dakigu zein asmo duten, baina badakigu gobernuak lan erreforma aldatu nahi badu ez duela patronalaren beharrik. Hari beto eskubidea emanda, berriz, traba baino ez du egiten. Erreforma indargabetu nahi bada, aski da bozketa batekin». Sindikatuaren iritziz, baina, enpresariak ez dira oztopobakarra. «Lehendakariak ere uste du ez dela une egokia. Orain aitzakia pandemia da».

Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako sindikatuek bat egin zuten, eta hirurek aldarrikatu zuten lan hitzarmenak euren nazioetan eztabaidatzeko eskubidea. Kezkatuta agertu ziren, badakitelako CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalak gai hori ere mahai gainean dutela. «Madrilen sinatzen diren akordio horiek gauza bakarrerako balio dute: prekaritatea hedatzeko». Azaldu zuenez, Espainiako mailako hitzarmenen %80ek oztopatu egiten dute gai batzuk beste eremu geografiko batzuetan eztabaidatzea.

Greba eskubidearen alde

Lakuntzak, halaber, greba eskubidearen aldarria egin zuen, etakritika zuzena egin zion Arantxa Tapia jaurlaritzako Ekonomia Garapen sailburuari. «Protesta sindikal isilak nahi ditu, irabaziak dituzten enpresek kaleratzeak egiten dituzten bitartean. Vox eta PP bezalako alderdiekin bat egiten dute piketeentzat kartzela zigorra eskatzean».

Gai berean Tubacex, PCB, Aernnova, Gestamp, Zara eta hainbat lantokietako grebalariak egiten ari diren borroka txalotu zuen, eta eredutzat jarri zituen. «Meritu handia du haien jarrerak, eta ezin ditugu bazter utzi. Sindikatuak ez daude kaleratzeak erraztuko dituzten akordioak sinatzeko, enpresa horiei begietara begiratu eta inor soberan ez dagoela esateko baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.