Albistea entzun

Cebekek zerga jaitsiera nahi du, «konplexuak uxatuta» enpresak erakartzeko

Bizkaiko patronalaren ustez, Kontzertu Ekonomikoa lehiakortasuna hobetzeko erabili behar da. Garcinuñok dio sindikatuak «langileen aurka» doazela

Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentea, eta, haren ezkerretara, Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusia.
Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentea, eta, haren ezkerretara, Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusia. CEBEK Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko maiatzak 12 - Bilbo

«Euskal ekonomiak igoera epela izan du aurtengo lehen hiru hilekoan. Aurreikuspenak moteldu egin dira, baina ez gara ezkorrak. Lehenago edo geroago egingo du gora, ziur asko txertaketaren eskutik». Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko enpresarien konfederazioko presidenteak horrela laburbildu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak izan duen urte hasiera. BPG %0,2 igo da, eta datu apala da hori, iazko azken hiruhilekoan %0,5 igo baitzen.

Ikusi gehiago. Analisia: Noiz da une egokia enpresarentzat? (Xabier Martin)

Garcinuñoren iritziz, pandemiaren laugarren olatuak eta txertaketa erritmoaren moteltzeak eragin zuzena dute eboluzioan. Hala ere, sinetsita dago ekonomia berpizten denean, prozesu egonkorra izango dela. Cebekek, halaber, aurtengo bere lehen inkesta plazaratu du, eta enpresa gehienen egoera abendukoaren antzekoa da: erdiek eskaera maila «txikia edo oso txikia» dute, eta hiru laurdenek ez dute kaleratzerik aurreikusten.

Aldi baterako erregulazioekin pozik dago Garcinuño, baina, haren ustez, berriro aztertu behar da «COVIDarengatik kaleratzeak egiteko debekua». Pandemia luzatzen ari da, eta lantaldeari buruzko erabakiak hartzeko garaian enpresek duten «ziurgabetasuna» ez da lagungarria: «Lan erregulazio bat eragozteko biderik onena aldi baterako erregulazioa da, eta aldi baterako erregulazioa saihestekoa, aurrez hitzarturiko malgutasuna».

Enpleguaz hitz egitean, kritika oso zorrotzak egin dizkie sindikatuei: «Langileen eta enpresen aurka doaz. Elkarrizketa Sozialerako Mahaia gutxiesten dute. Alderdi politikoek bezala jokatzen dute, eta ez ditu inork bozkatu». Zehazten hasita, sindikatu abertzaleei egotzi die jarrera hori, eta, bereziki, ELAri: «Hauteskunde sindikaletan babes sendoa duen heinean, ardura handiagoz jokatu beharko luke».

Egoera konplexu honetan enpresak «dopaturik» daudela onartu du. Laguntza publikoez aritu da, eta urrunago joan beharko lukeela eman du ulertzera: «Madrilen zergak jaistearen alde egiten duen alderdi batek irabazi ditu hauteskundeak, horrek fiskalitatearen inguruan hausnarketa bat eragin beharko luke. Konplexuak uxatu behar ditugu Kontzertu Ekonomikoa lehiakortasuna hobetzeko lanabes gisa erabiltzeko. Besteak beste, zerga tasa jaitsiz». Cebeken eskaera ezaguna da, eta berriro errepikatu du: zenbat eta tasa txikiagoak izan, orduan eta enpresa gehiago erakartzeko aukera dago, haien eskutik, enplegua sortzekoa.

Epe motzeko eskaerak ere egin ditu.«Lehentasuna orain enpresak berpiztea da. Ezin dugu prozesu hori oztopatu: ez da presio fiskala igotzeko unea». Garcinuñok gaur utziko du Cebekeko presidentetza zortzi urteko ibilbidearen ondoren, eta bere jardunaren balantze positiboa egin du. Carolina Perez Toledok ordezkatuko du. Euskal Herrian, lurralde mailako patronal bat zuzenduko duen lehen emakumea da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA
Artxiboko irudian, laneko heriotza bat salatzeko elkarretaratzea Iruñean ©Inigo Uriz / Foku

Behargin bat hil da Bergaran

Irune Lasa

Markinako behargin bat hil da Bergarako Fagor Ederlanen lantokian «lan istripu ez traumatikoan», salatu du LAB sindikatuak. Beharginak 44 urte zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.