Deskarbonizazioa bultzatzea adostu dute EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk

Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Legeari «ahal bezain azkar» bide eman beharra azpimarratu dute Eusko Legebiltzarrean

Zierbenako (Bizkaia) zentral termikoa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, akordio bat sinatu dute EH Bildurekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deskarbonizazioaren bidean pausoak ematen jarraitzeko. Hala, gaur Eusko Legebiltzarrean egingo den osoko bilkuran, taldeek Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Legea «ahal bezain azkar» onartu beharra azpimarratuko dute.

Lege horrek izango duen orientazioa ere adostu dute alderdiek, eta, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, «autokontsumoaren indartzean, energia berriztagarrien hedapenean eta inor atzean utziko ez duen trantsizio energetiko justuan» oinarrituko da.

Halaber, deskarbonizazioaren bide orri bat osatuko duen aditu lantalde bat sortzea ere akordatu dute, joan den legegintzaldian hasitako lanari jarraipena emango diona. Talde horrek Energiaren Euskal Ituna idazteko xedea zuen, baina legealdiaren amaierarekin haren ibilbidea eten egin zela gogoratu du Oterok.

Gainera, Jasangarritasun Batzordeari deskarbonizazioari buruzko ponentzia txostengile bat osa dezala eskatuko diote alderdiek, arlo horretan gizarteko eragileek ere euren ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Alde horretatik, klima larrialdiari aurre egiteko, «herri honetako inteligentzia kolektibo osoa» martxan jarri beharra nabarmendu du Oterok.

«Gure garaiko erronka»

Trantsizio energetikoan «abiadura» hartu behar dela ohartarazi du Oterok, eta horretarako adostasun zabalak sortu beharra azpimarratu du: «Klima larrialdia gure garaiko erronka izango da, eta guztiok behar dugu konpromiso politiko bat deskarbonizazio eraginkor bat egiteko». Horregatik, EH Bilduko kideak akordio honen garrantzia azpimarratu du: «20-30 urterako plangintza bat da hau, eta horrek legealdiak gainditzen ditu».

EAJko Unai Grajalesek ere «akordio politiko, instituzional eta sozialaren» beharra aipatu du, gaur trantsizio energetikoa sustatzeko adostasuna «sendotu» egin dela gehitzeko: «Erronka handiak dira, gauetik goizera lortzen ez direnak. Trantsizio energetikoa adostasunez egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.