Tigrayn giza laguntza sartzeko beharra nabarmendu du Unicefek

Haren arabera, ehun mila ume malnutrizioa jasateko arriskuan daude. AEBek «premiazko» su-eten bat eskatu diete Addis Abebari eta TPLFri. Borrokak Amhara eta Afar eskualdeetara zabaldu dira

Tigraytik ihes egindako herritarrak, Um Rakuba kanpalekuan, Sudanen. ALA KHEIR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Etiopiako Gobernuaren eta TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen arteko gatazkari amaiera emateko, Etxe Zuriak «premiazkotzat» jo du lehenbailehen su-eten bat adostea, laguntza humanitarioa eskualdera irits dadin. Izan ere, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, ehun mila umek baino gehiagok datozen hilabeteetan malnutrizioa sufritzeko arriskua dute. Gerrak, ordea, kontrako noranzkoa hartu du, eta mugakide diren Amhara eta Afar eskualdeetara zabaldu da.

Tigrayko gatazkak eskualdeko biztanleengan utzitako ondorioak agerikoak dira. Iazko azaroan borrokak hasi zirenetik, milaka lagun hil dituzte, eta bi milioi herritarrek beren etxebizitza utzi dute; 75.000 inguruk Sudanera ihes egin dute. Laguntza humanitarioa eremura bidaltzeko zailtasunak ere handiak dira, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera: apenas ailegatu den elikagairik eta sendagairik; beharrezko horniduren hamarren bat, erakundearen hitzetan. Hala, 5,2 milioi biztanleko eremuan, herritarren %90 inguruk laguntza humanitarioaren beharra dute.

Nazioarteko erakundeek ez dute eskualdeko herritarren egoera zehatzaren berri izan azken hilabetera arte, Addis Abebak ekainaren 28an alde bakarreko su-etena ezarri zuen arte. «Azken hilabeteetan helezinak izan diren eremuetara iritsi ahala, gure beldurrik handienak baieztatu egin dira», azaldu du Unicefeko eledun Marixie Mercadok, eta gaineratu egoerak hobera egin duen arren Tigrayn sartzea «oso zaila» dela oraindik ere.

Horiek hala, AEBek eta NBEren mendeko erakundeek «elektrizitatea, telekomunikazioak eta banku zerbitzuak berrezartzea» jo dute lehentasuntzat, laguntza humanitarioa iristeko ezinbesteko elementuak direla argudiatuta. Hori bakarrik ez, gerra eremuetan dauden hiri eta herrietara «sarbide mugagabea» izatea ere eskatu du Unicefek. NBEren arabera, 150 kamioi blokeatuta egon dira azken astean, Semeran, Afar eskualdeko hiriburuan. Aurrez, uztailaren 18an, hornigaiak garraiatzen ari zen konboi bati eraso egin zioten.

«Tigrayko eta inguruko eskualdeetako elikagai krisi lazgarria gatazka armatuaren ondorio da, eta gatazkaren parte diren aldeek soilik konpon dezakete», adierazi du Mercadok, Addis Abebari eta TPLFri erreferentzia eginez. Horri bide emateko, «baldintzarik gabeko» eta «berehalako» su-eten bat eskatu du AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Ned Pricek, «elkarrizketa politiko inklusibo bat» hasteko: «Elkarrizketak dira bide egokia, ez indar militarra».

TPLFk ere aipatu du egunotan su-eten bat lortzeko negoziazioaren bidea, baina «trantsiziorako prozesu politiko inklusibo bat» eskatu du horretarako. Hau da, «legitimotasuna galdu duen gobernua» aldatzea du helburu, Getachew Reda bozeramailearen esanetan.

Etiopiako Atzerri ministro Demeke Mekonnenek, berriz, TPLFren gain jarri du egungo egoeraren ardura guztia, eta Addis Abebak ezarritako su-etena baztertu izanaz akusatu du. «Bakea lortzeko aukerari muzin egin diote», azaldu du Demekek, eta nabarmendu talde armatu subiranista dela «korridore humanitarioak blokeatu» dituena. Horrez gain, gatazka Afar eta Amhara eskualdeetara zabaldu izana ere leporatu dio.

Izan ere, azken bi asteetan, TPLFk indar hartu du Tigrayko mendebaldean eta hegoaldean irekita dauden fronteetan, eta aipatutako bi eskualdeetara ere iritsi dira liskarrak. Orain arte, Afarko eta Amharako indar armatuek Etiopiako armadaren alde egin dute, eta azken horiek ez dituzte beren tropak gatazka eremutik mugitu, Addis Abebak su-etena ezarri arren. Kontrara, herritarrei armak hartzeko deia egin diete. Hala, Amharako indar armatuen kokapena baliatuta, Etiopiako armada beste oldarraldi bat prestatzen ari da. Afarren, berriz, 54.000 lagun baino gehiago desplazatu dira, eskualdeko eta TPLFko milizianoen arteko borrokak direla medio.

Aurrera eta atzera

Etiopiako armadaren etaTPLFren arteko gatazkak ez dira berriak, baina tentsioak nabarmen egin zuen gora iazko azaroan, gatazka armatu bat lehertzeraino. Addis Abebak Mekeleko, Tigrayko hiriburuko, base militarrari erasotzeaz akusatu zuen alderdi subiranista, eta hilaren 4an ofentsiba militarrari ekitea erabaki zuen. Armadak Mekele bereganatu zuen hilabete haren amaieran, eta gerra irabazitzat jotzera ere ausartu zen Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmed. Errealitatea, baina, bestelakoa izan da. TPLFk oldarraldiari eutsi, eta, Mekele soilik ez, Adwa, Shire, Axum eta Adigrat hiriak ere bereganatu zituen. Gainera, armada atzera egitera behartu zuen, eta Addis Abeba «aldebakarreko su-eten humanitarioa» ezartzera.

Hasieran, su-etena laguntza humanitarioa iristeko beharrarekin lotu zuen gobernuak. Gero, baina, luzea izan zen ustezko arrazoien zerrenda: hala nola Mekelek «garrantzi militarra» galdu izana, soldaduen «mendeku nahia» etetea eta «atzerriko beste mehatxu batzuei» erantzun beharra aipatu zituzten gobernukoek.

Gatazkak iraun bitartean, gainera, nazioarteko hainbat erakundek «gerra krimenak» egiteaz akusatu dituzte Etiopiako eta Eritreako armadak —Addis Abebari laguntzen ari da—. Besteak beste, gatazka hasi zenetik, 1.600 sexu eraso baino gehiago salatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.