Oldarraldiari erantzun ezinik

Washingtonek ez du baieztatu irailetik aurrera Afganistango armada airez lagunduko ote duen. Kabulek miliziak eratuko ditu talibanei aurre egiteko. NBEk giza eskubideen urraketak salatu ditu

Herat hiriko merkatua itxita, atzo. Hiria Kabulen esku dago, baina talibanak inguruetara iritsi dira. M. SADIQ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Talibanen hedapenari aurre egiteko, Washingtonek Afganistango armadari laguntzen jarraitzeko asmoa berretsi du. Halere, Pentagonoko bozeramaile John Kirbyk ez du baieztatu babes horrek iraungo ote duen behin tropek herrialdea uzten dutenean; hilabete amaieran alde egitea espero da. Afganistango armadan jarri du arreta Washingtonek, eta Dohan su-eten bat lortzeko esperantzari eutsi dio. Bien bitartean, matxinoek kontrolpean dituzte zortzi eskualdetako hiriburuak, eta ez dute asmorik oldarraldiari amaiera emateko. Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariaren esanetan, ezinbestekoak dira giza eskubideen urraketak eteteko «berehalako neurriak».

AEBetako presidente Joe Bidenek iragarri zuen maiatzean hasitako tropen irteera prozesua hilabete honen bukaeran amaituko dela, eta azken asteetako bilakaerak ez du iritziz aldarazi. Hala berretsi zuen astelehenean Jen Psaki Prentsa idazkariak. Orain, Kirbyk ez du baieztatu tropek herrialdea utzi ostean Afganistango armada aire erasoekin laguntzen jarraituko ote duten ere. Haren arabera, AEBek ez dute eremua guztiz utziko, hura «talde terroristentzako aterpe seguru» bilakatu ez dadin, baina Kabulen gain jarriko dute matxinoen oldarraldiari aurre egiteko ardura: «Talibanek ez dituzten abantaila asko dituzte, eta horiek erabili behar dituzte». Adierazi du 300.000 soldadu eta polizia dituztela, eta matxinoek ez duten armamentua; hala nola ehiza hegazkinak.

Orain arte, horiek ez dira gai izan talibanen oldarraldia geratzeko, eta atzo Farah eta Pul-i-Khumri batu ziren galdutako hiriburuen zerrendara. Azken horrek balio estrategiko berezia du, Kabul eta herrialdearen iparraldea eta mendebaldea lotzen baititu. Zortzi hiriez gain, talibanen eskudaude herrialdeko 407 barrutietatik gutxienez 125 eta hainbat muga kontrol ere.

Gatazkak, ordea, ez dira eremu horietan bakarrik piztu. Atzo, bi aldeen arteko borrokak herrialdeko 34 eskualdeetatik 11tan gauzatu ziren. Fronte nagusietako bi Mazar-i-Xarif eta Kandahar dira. Lehena Afganistan iparraldeko hiri handiena da; bigarrena, berriz, talibanek joan den mende amaieran ezarritako agintearen kontrolgunea. Halere, Laxkar Gahko borrokak dira herrialdeko odoltsuenak, UNAMA Nazio Batuek Afganistanen duten misioaren arabera. Uztailaren 28an borrokak hasi zirenetik, 140 zibil hil dira han, eta ospitaleak ia kolapsatuta daude.

AEBetako Estatu Departamentuaren arabera, aste honetan Dohan egingo dituzten elkarrizketek emaitza positiboren bat ematea da Afganistan «egonkortzeko» modua. Horretarako, Zalmay Khalilzad, AEBek Afganistanen duten ordezkari berezia, bilkuretan egongo da. Washingtonen arabera, haren helburua su-eten bat adosteko pausoak bultzatzea izango da, eta «indarrez inposatutako gobernu bat» ezartzeko aukera oro baztertzeko lan egitea. Izan ere, Etxe Zuriaren esanetan, modu horretan ezarritako aginte batek ez luke izango nazioartearen babesik. Hori baliatu nahi dute talibanei presioa egiteko, «oldarraldi militarra eten eta konponbide politiko bat negoziatu dezaten».

«Talibanek ulertu behar dute nazioarteko komunitateak ez dituela inoiz onartuko, prozesu politikoa baztertu eta herrialdea indarrez hartzen jarraitzen duten bitartean», adierazi du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere.

Halere, talibanak guda eremuan erakusten ari diren nagusitasuna medio, ez da espero pauso garrantzitsurik. Kabulek ere ez du esperantza handirik, eta Axraf Ghani presidenteak hainbat buruzagi politikoren babesa lortu du, egoera iraultzeko asmoz. «Altxamendurako indar herritarrak mobilizatu, indartu eta bizkor ekipatzea adostu dute», azaldu du gobernuak. Hala, matxinoei aurre egiteko miliziak martxan jarriko dituzte.

Hiriak jomugan

Parte hartzaile gehiagoren iritsierak jada «lazgarria» den egoera okertu dezake, Bacheleten esanetan. Orain arteko giza eskubideen urraketak salatu ditu hark, eta gatazka landa guneetatik hiriguneetara pasatu izanaren ondorioak nabarmendu: «Badakigu gerra urbanoak zibilen heriotzak dauzkala ondoriotzat. Lehenago ere ikusi dugu». Goi mandatariaren bulegoak esan du gerra krimentzat eta gizateriaren aurkakotzat jo litezkeen urraketen berriere izan duela: besteak beste, exekuzioak, funtzionarioen eta emakumeen aurkako erasoak, eta eskolen eta osasun zentroen kontrako atentatuak. Gainera, uztailaren 9tik lau hiritan —Laxkar Gah, Kandahar, Herat eta Kunduz— 180 zibil baino gehiago hil eta 1.200 zauritu dituztela azaldu du. Horiek, ordea, «dokumentatu ahal izan diren biktima zibilen kasuak» dira; «egiazko kopuruak askoz handiagoak» direla uste du. Horren lekuko da Gurutze Gorriak emaniko azken datua:4.000 zauritu artatu dituzte hilabetea hasi zenetik; uztailean, berriz, 13.000 izan ziren. Defentsa Ministerioak ere hildako ehunka talibanen —ez ditu aipatzen zibilak eta soldaduak— berri ematen du egunero; 361, atzo.

Desplazatuak, berriz, 400.000 baino gehiago dira, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Azaldu dutenez, horietako 244.000 inguruk maiatzetik hona bitartean utzi dituzte euren etxeak.

Askok Kabul dute helburu. Han, gatazketatik ihesi iritsi diren 17.000 familiaren, hau da, 120.000 herritar ingururen laguntza eskaerak jaso dituzte, Larrialdien Kudeaketarako Ministerioaren arabera, eta kopuruak gora egitea espero dute. Hala, Afganistango presidenteorde Amrullah Salehk laguntza eskatu dio nazioarteari.

Horrez gain, UNHCRk gehitu du joan den asteburuan 200 errefuxiatuk lortu zutela Afganistan eta Iran arteko muga zeharkatzea. Hala, erakundeak Teherani eskatu dio Milak pasabidea irekita mantentzeko, zibilek ihes egiteko aukera izan dezaten.

Egoera hori, ordea, ez da nahikoa Afganistani migratzaileak deportatzeko «herrialde seguru» izaera kentzeko. Hala adierazi dute Alemaniak, Austriak, Herbehereek, Danimarkak, Greziak eta Belgikak, Bruselari eginiko eskaeran. Belgikako Asilo gaietarako idazkari Sammi Mahdiren esanetan, estatu bateko «zenbait eskualde» seguruak ez izateak ez du esan nahi herrialde horretako herritar guztiei babesa eman behar zaienik. Estatu kideek hilaren 18an egitekoa duten goi bileran eztabaidatuko dute auziaz. Mahdik iragarri duenez, Belgikak asiloa ukatu zaien afganiarrak deportatzen jarraituko du, Bruselak kontrakorik ebatzi ezean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.