Poloniak desegin egingo du epaileak diziplinatzeko aretoa, Bruselari men eginez

Varsoviak ziurtatu du justizia erreformarekin segiko duela, baita epaileen lanean esku hartzen ere. Europako Batzordea zigorrak ezarri ala ez «aztertzen» ari da

Epaileak diziplinatzeko aretoaren aurkako protesta bat, uztailean, Poloniako Auzitegi Gorenean, Varsovian. RADEK PIETRUSZKA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Europako Batzordearen presioetara makurtu da Poloniako Gobernua, herrialde horretako sistema judizialaren inguruko tirabiran, Bruselarekiko ohikoa duen tonu gogorrari eutsi arren. Batzordeak astelehenera arteko epea emana zion Varsoviari Europako Justizia Auzitegiak uztail erdialdean eskatutakoa betetzeko. Luxenburgoko auzitegiak Poloniako Gobernuari agindu zion bertan behera uzteko Poloniako Auzitegi Goreneko epaileen inguruko erabakiak hartzea ahalbidetzen dion areto bat, sistema judizialaren erreformaren barruan eratutakoa. Auzitegiak argudiatu zuen areto horrek EB Europako Batasuneko legedia urratzen duela, eta «kontrol politikorako» erabiltzeko arriskua dagoela ohartarazi zuen, epaileen erabakietan esku hartzeko aukera ematen duenez gero. Auziaren inguruko ebazpen bat ematekoa da Luxenburgo, baina, hori egin bitartean, batzordearen jarduna bertan behera uzteko eskatu zion Varsoviari. Mehatxua berritu zion egun gutxira Europako Batzordeak, eta agindu horri nahiz Europako auzitegietatik aurrez iritsitako beste zenbaiti entzungor eginez gero zigor ekonomikoak ezarriko zizkiola ohartarazi zion.

Areto hori desegin egingo duela jakinarazi zuen atzo Poloniako Gobernuak, ohar baten bidez. Justizia erreformaren barruko aldaketa gisa aurkeztu zuen gobernuak erabakia, eta erreforma horri eutsi egingo diola nabarmendu zuen, baita «epaileen erantzukizunari dagozkion gaietan ere».

Izan ere, aretoa desegin arren, epaileen gaineko kontrola mantentzeari ez dio uko egin Varsoviak. Azken erabakiak Bruselarekiko tentsioa zertxobait baretu lezake, baina ez dirudi barealdiak luzaroan iraungo duenik. Gobernuak justizia erreforman egin asmo dituen aldaketen araberakoa izango da Bruselaren eta Poloniako Gobernuaren arteko harremana, hein handi batean. Jaroslaw Kaczynski agintean dagoen Legea eta Justizia alderdiko buruak hil honen hasieran iragarri zuen irailean emango dituela gobernuak erreformaren inguruko xehetasunak.

Areto diziplinatzailetik harago, botere banaketa errespetatu ez izana da Bruselak eta EBko auzitegiek Poloniari kritikatu izan diotena, eta Varsoviak salaketa horiekiko orain arte izan duen jarrerak ez du pentsarazten norabide aldaketa handirik izango denik.

Gainera, erabakiaren berri emateko mezu berean, Poloniako Gobernuak Europako Batzordeari aurreratu zion mozio bat aurkeztuko duela, onartuz gero, Europako Justizia Auzitegiak agindutako behin-behineko neurriak indargabetzeko ahalmena emango liokeena.

Oraingoz, Europako Batzordeak ez du argitu Poloniaren kontrako zigorrak aktibatuko dituen ala mehatxu hutsean utziko dituen. Hango gobernuaren erantzuna «garaiz» iritsi zela jakinarazi zuen atzo. «Ondo aztertuko dugu, hurrengo urratsen inguruan erabaki bitartean», adierazi zuen Christian Wigand bozeramaileak. Dena den, ohartarazi zuen ez dela denbora asko igaroko Batzordeak Poloniaren kontrako neurriak hartu arte, erantzuna «balekoa» ez dela baloratuz gero.

Justizia sisteman esku hartzeko halako tema izatea justifikatzeko, Poloniako Gobernuak sarritan salatu izan ditu haren gabeziak, eta Sobietar Batasunaren garaiarekin lotu izan ditu. Haren arabera, garai hartatik bere horretan mantendu izan diren joerek justiziaren eraginkortasuna gutxitu eta ustelkeria areagotzen dute. «Eraginkortasun falta» hizpide izan zuen atzoko komunikatuan ere, esanez horrek azaltzen duela zergatik duen Poloniako gizarteak harekiko «hain konfiantza txikia».

Praktikan, baina, bere interesekin talka egiten duten epaiak ematen dituztenak zigortzeko erabili izan du gobernuak epaileen inguruko batzordea. Besteak beste, epaileei immunitatea kentzea, soldata murriztea nahiz kargutik kentzea ahalbidetzen dio. Halaber, 2019an onartutako eta iragan urtean indarrean sartutako justizia erreformak dio Poloniako epaileek ezingo dituztela zenbait auzi judizial Europako auzitegietara bideratu, eta hala egin izan duten epaileak zigortu izan ditu gobernuak.

Talde komunitarioko auzitegien eta herrialdeko auzitegien arteko mailakatzea da, hain justu, Varsoviaren eta Bruselaren harremanean puntu beroenetako bat, Poloniako Gobernuak defendatzen baitu hango legediak duela lehentasuna. Auzi horri buruz ere aritu zen gobernua atzoko oharrean. Herrialde barruko legediaren eta EBkoaren arteko talka «estatu kide askotan» gertatzen dela azaldu zuen gobernuak, eta, kasu horietan, herrialde horietako auzitegi konstituzionalek lehentasuna ematen diotela konstituzioak dioenari.

Lagun izandakoak, arerio

Ozeanoz haraindi orain gutxira arte izan duen aliatu bakanetarikoarekin ere etsaitzen ari da Varsovia, beste lege bat medio. Poloniako hedabideetan atzerriko kapitala inbertitzeari mugak jartzea onartu zuen parlamentuak joan den asteazkenean, eta, oposizioaren kritikak ez ezik, AEBetako Gobernuarenak ere eragin ditu. Legeak «hedabideen askatasuna mehatxatzen» duela salatu zuen Anthony Blinken Estatu idazkariak, legea onartu eta berehala.

TVN telebista kateari eragingo dio, batez ere, eta horrek sumindu du Etxe Zuria, AEBetako Discovery enpresa baita katearen jabe. Kapitalaren zati handi bat saltzera behartu dezake legeak konpainia hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.