Mendebaldeko aliatuek Kabulgo ebakuazioak azkartu dituzte

Atzerriko tropek 82.000 lagun inguru ebakuatu dituzte orain arte. Talibanek aireporturako kontrolak gogortu dituzte. Adierazi dute datorren astearterako gobernu berria osatuta eduki nahi dutela

AEBetako soldaduak Afganistango herritar talde bat Kabulgo aireportura eramaten. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Atzerako kontuaren amaiera hurbildu ahala, ebakuazio lanak areagotzen ari dira Kabulgo aireportutik soldaduak eta zibilak ateratzen ari diren Mendebaldeko aliatuak. Etxe Zuriak emandako datuen arabera, AEBetako hegazkinek 42 hegaldi egin zituzten astearte goizaldetik atzo goizaldera bitartean, eta 11.200 lagun atera zituzten handik. Nazioarteko koalizioko gainerako aliatuek beste 48 hegaldi bideratu zituzten ordu tarte berean, eta 7.800 herritar atzerriratu. Horrenbestez, 82.000 lagun baino gehiago ebakuatu dituzte Kabulgo aireportutik, talibanak aginteaz jabetu zirenetik.

Datorren astearterako amaitu behar dituzte lanok, AEBetako Gobernuak herenegun baieztatu ondoren ez duela luzatuko epemuga. «Zenbat eta lehenago amaitu, orduan eta hobe», esan zuen Joe Biden presidenteak, G7ko agintarien goi bilera amaitu berritan. Talibanekin negoziatzen aritu da egunotan Etxe Zuria, eta haiekin adostutakoaren mende jarri du ebakuazio plana. Hala ere, epemuga ez betetzeko aukera ez zuen erabat itxi Bidenek: «Pentagonoari eskatu diot alternatibak prestatzeko, egutegia moldatu beharko balitz ere».

AEBek egingo dutenaren menpe daude haien aliatuak, eta horren ondorio da azken egunotan Afganistango egonaldia luzatzeko egindako presioa. Londres izan da horretan gehien tematu direnetako bat. Boris Johnson lehen ministroaren eskariei bizkarra eman zien Bidenek, ordea, G7koen goi bileran. Borroka hori galduta ere, eskari horrekin segitu zuen lehen ministroak, baina talibanei zuzenduta: «Abuztuaren 31tik aurrera ere utzi behar dute Kabuldik jendea ateratzen». Ameskerian aritzea leporatu dio zenbaitek lehen ministroari, integristen asmoak baldintzatzeko ahalmena duela uste izateagatik. Hark, ordea, hala iradoki zuen, argudiaturik nazioarteko funtsak jasotzen dituela Afganistanek, eta, horretan segitu ahal izateko, baldintza batzuk bete beharko dituztela talibanek. Halaber, datozen egunetan milaka lagun ebakuatzen jarraituko dutela nabarmendu zuen, eta «azken unera arte» arituko direla horretan. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioko iturriek, ordea, aurreratu dute bere tropek AEBekoek baino lehenago alde egin beharko dutela Afganis- tandik, segurtasun arrazoiengatik.

Atzo, Dominic Raab Erresuma Batuko Atzerri ministroak jakinarazi zuen 10.000 lagun ebakuatu dituztela herrialde horretako soldaduek orain arte. Ez zuen argitu, ordea, Kabuldik atera nahi dituztenetatik zenbat geratuko diren horretarako aukerarik gabe datorren asteartetik aurrera. Defentsa Ministerioko iturriek The Guardian hedabideari baieztatu ziotenez, Londresentzat lan egindako 2.000 lagun inguru daude oraindik Afganistanen.

Gero eta zailagoa bihurtzen ari da Afganistandik ihes egitea helburu hori duten milaka eta milaka herritarrentzat. Izan ere, talibanek atzo jakinarazi zute Kabulgo aireportura joatea galarazi zietela herritarrei, hango egoera «kaotikoa» dela argudiatuta. Aireportuaren segurtasun perimetroa haiek kontrolatzen dute, eta, hainbat hedabidek Kabuldik bertatik emandako azken berrien arabera, nabarmen areagotu dituzte kontrolak azken orduetan. Gainera, soldadu talibanen jarrera gero eta oldarkorragoa dela zabaldu dute.

Izan ere, herritarren ihesaldi masiboa gerarazi nahi dute talibanek, nola edo hala, eta dei egiten ari zaizkie ez joateko. AEBetako Gobernuari eskatu diote «herritar kualifikatuen» ihesa ez sustatzeko. Horrez gain, datorren asteartetik aurrera hegaldi komertzialak berrabiaraziko dituztela iragarri zuen atzo Suhail Xahin bozeramaileak, Twitter bidez, eta dokumentazioa «eguneratua» dutenek horiek hartzeko aukera izango dutela.

Hiru ministroren berri

Talibanak euren proiektu politikoa egonkortzeko ahaleginean ari dira bitartean. Gobernuaren osaketaren inguruko informazioa tantaka ari da zabaltzen. Herenegun, haien iturriek ohartarazi zuten ez dutela karguen banaketaren inguruko informaziorik emango «soldadu estatubatuar bakar bat Afganistanen dagoen bitartean». Atzo, ordea, Zabihullah Mujahid bozeramaileak Efe berri agentziari adierazi zion egun hori baino lehen osatu nahi dutela gobernua.

Organigrama osoaren irudirik ez da oraindik, baina haren parte izango diren batzuen izenak jakinak dira dagoeneko. Herenegun, Pajhwok berri agentziak jakinarazi zuen Gul Agha izango dela Finantza ministroa, eta Sadr Irabhim, berriz, Barne ministroa. Al-Jazeera hedabideak, berriz, Defentsa ministroaren izena ere eman zuen, talibanengandik jasotako informazioa zela baieztatuta: Abdul Qayyum Zakir arituko da kargu horretan, haren arabera, 2007ra arte Guantanamoko espetxean preso egondakoa. 2001ean atxilotu zuten AEBetako segurtasun indarrek, Afganistan okupatu eta gutxira.

Bestelako kargu batzuk ere ari dira betetzen matxinoak, Pajhwoken arabera, eta zerbitzu sekretuetako kideak, Banku Zentraleko burua eta Kabulgo alkatea ere izendatu dituztela aurreratu zuen.

Aldi berean, diplomazia lanetan ere ari dira, eta Alemaniako, Qatarko eta Txinako ordezkariekin bildu dira egunotan. Hain justu, azken herrialde horretako presidente Xi Jinpingek eta Errusiako presidente Vladimir Putinek Afganistanekin izan nahi duten harremanaren inguruan hitz egin zuten atzo, People's Daily berripaperaren arabera. Orain arte, biak Mendebaldeko potentziak baino prestago azaldu dira talibanekin harremanak edukitzeko, baina «gobernu inklusibo» bat bermatzea jarri diete baldintza nagusi moduan. Eskari hori berritu zien Txinako presidenteak talibanei.

«Giza eskubideen nazioarteko legedia» errespetatzea da, ordea, G7ko gobernuek eskatu dietena. Herenegun plazaratutako ohar bateratuan, «emakumeen, haurren eta gutxiengoen eskubideak» errespetatzeko exijitu zieten, eta eragozteko Afganistan «terrorismoaren santutegi» bihurtzea.

Bestalde, herrialdeko egoera bideratzeko arazo nagusia ez badute ere, talibanek ez dute lortu oraindik Panjxir probintzia bereganatzea —kontrolpean ez duten bakarra—. Afganistango Erresistentzia Fronteak gotortuta jarraitzen du han, Ahmad Masud buru duela. Negoziatzeko prest daudela adierazi du Masudek, baina nabarmendu du armak entregatzea ez dela aukera bat: «Nahiago dut hil, amore eman baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.