Xeikh Jarrahko familiek uko egin diote Israelen akordio eskaintzari

Dozenaka sendi palestinar etxegabetuak izateko arriskuan daude Jerusalem ekialdeko auzoan. Bizilagunek adierazi dute akordioak zuritu egingo lukeela Israelen «garbiketa etnikoa»

Etxegabetuak izateko arriskuan dauden Jerusalemgo Xeikh Jarrah auzoko bizilagun talde bat, Israelgo Auzitegi Gorenean, joan den abuztuan. ABIR SULTAN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Israelen presioak ez ditu iritziz aldarazi. Jerusalem ekialdean, etxegabetze arriskuan dauden Xeikh Jarrah auzoko dozenaka familia palestinarrek baztertu egin dute Israelgo Auzitegi Gorenak egin zien ultimatuma: epe bat eman zien auzo horretako lurrak eta etxebizitzak beretzat aldarrikatzen dituen kolono elkartearekin akordioa egiteko. Atzo amaitu zen epea. Proposamenaren arabera, familia palestinarrek jabetza aitortuko zieten kolonoei, eta trukean etxe horietan bizitzeko aukera izango zuten, errenta bat ordainduta eta etxegabetze arriskutik babestuko luketen maizter estatus berezi batekin. Bizilagunek, baina, uko egin diote. «Akordioak egiten ari den krimenetik desbideratzen du arreta: justizia kolonizatzaileak eta kolonoek bultzatutako garbiketa etnikoa», adierazi dute ohar bidez.

Akordiorako aukera baztertuta, auziaren gaineko erabakia eman beharko du orain Israelgo Auzitegi Gorenak. Budour Hassan (Maxad, Palestina, 1989) Zuzenbide ikerlariak eta JLAC Jerusalemgo Laguntza Juridikorako eta Giza Eskubideen Zentroko kideak BERRIAri azaldu dionez, «oso litekeena da auzitegiak palestinarren berehalako etxegabetzea agintzea edo azken erabakia atzeratzea». Aurretik, akordiorako beste proposamen batzuk egin ditu auzitegiak, eta epai bat emateko unea atzeratzen joan da.

Auzia ulertzeko, 1948ko Nakba edo palestinar exodora egin behar da atzera. Orduan, 700.000 palestinar baino gehiago egotzi zituzten beren etxeetatik. Orduko errefuxiatu batzuk eta horien ondorengoak dira Xeikh Jarrah auzoan etxegabetze arriskuan daudenak. 1956an, 28 familiairitsi ziren auzora, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren eta Jordaniako Gobernuaren arteko akordio baten babespean. Jordaniaren kontrolpean zegoen orduan Jerusalem ekialdea. Baina 1967an, Israelek indarrez okupatu zuen hiriaren zati hori eta anexionatu egin zuen, eta, ordutik, Israelek bere legedia ezartzen die bertako palestinarrei, nazioarteko zuzenbidearen aurka. Orain, kolono judu talde batek dozenaka sendi palestinarren etxeen gaineko jabetza galdegin du, 1948 aurretik lur hori haiena zela argudiatuta.

«Mikrokosmos bat»

«Palestinarrentzat Xeikh Jarrahko auzia mikrokosmos bat da, etenik izan ez duen Nakbaren isla. Behin lekualdatzera behartuak izan diren errefuxiatuez ari gara, eta bigarren lekualdatze baten arriskuan daude orain». Hassanek nabarmendu du auziak agerian uzten duela «Israelen kolonizazioaren basakeria», eta horregatik izan duela «oihartzuna» palestinarren artean.

Israelgo Auzitegi Gorenak, baina, auzia «parekoak diren bi alderen arteko jabetza kasu baten gisara» aurkeztu du, «aldeetako batek justiziarako sarbiderik ez duela aintzat hartu gabe». Beste aldean, kolono elkarteak daude, «Israelen babesarekin, finantza ahalmen erraldoiarekin eta abokatu talde ospetsuekin».

Legedia ere ez da parekoa batzuentzat eta besteentzat. Hassanek Israelgo legeen izaera baztertzailea salatu du. «[Auzi Juridiko eta Administratiboen] Legeak Israelgo juduei aitortzen die 1948 baino lehen jabetzan zituzten lurrak berreskuratzeko eskubidea. Jabetza Absentearen Legean oinarrituta, berriz —Israelek 1950ean onartu zuen—, errefuxiatu palestinarrek ez dute aukerarik 1948 baino lehen jabetzan zituzten lurrak berreskuratzeko».

Xeikh Jarrahko bizilagunentzako irtenbidea «ez da auzitegietatik etorriko», Hassanen iritziz. «Azken finean, auzitegi okupatzaile bati buruz ari gara hizketan». Ikerlariak uste du irtenbidea «kaletik» behartuko dela. «Horrek jarri du auzia lehen mailan, eta horrela lortu da Israeli presio egitea ere. Protesta masiboek aldatu zuten auziaren tamaina».

Xeikh Jarrahen etxegabetzeko arriskuan dauden bizilagun palestinarrek nazioartearen esku hartzea galdegin dute. «Nazioarteko zuzenbidearen urratze larriek egiazko diplomazia eta ondorio politikoak izan behar ditu erantzun. Ekintza ezaren eta zigorgabetasunaren kultura ez da gehiago luzatu behar».

Bestalde, Israelgo Auzitegi Gorenak Xeikh Jarrahko beste eremu bat konfiskatzea onartu zuen herenegun. Lurra lau familia palestinarrena da, 4.700 metro karratuko azalera du, eta Jerusalemgo Udalaren esku utzi dute epaileek. Israelek argudiatu du parke publiko bat eraikitzeko erabiliko duela, eta 20 urtez ahalegindu dela jabe palestinarrek lur horiek saltzera bultzatzen, zigor tasa bidez. Israelen okupazioaren kontrako hainbat eragilek, berriz, eremua kolonizatzeko ahaleginean aritzea egotzi diote Tel Avivi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.