Turismoa oso urruti dago oraindik pandemia aurreko kopuruetatik

2020an baino turista eta gau gehiago izan arren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak bisitarien herenak falta dituzte sektorea suspertzeko. Pandemia aurrekora itzultzen azken sektorea izango da turismoa

xabier martin
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Aspaldian aurreikus zitekeen bidaiariez hornitzen den jarduera suspertuko den azkena izango zela, eta Eustatek 2021. urteari buruz emandako datuek berretsi egin dute turismoa oraindik urrun dagoela pandemiaren aurreko normaltasunetik. Industria koronabirus izurriaren aurreko egoerara itzuli da erakusle askotan, eta esportazioek (azaro arteko datuekin) hobekuntza handi hori islatu dute asteon bertan; langabezia datuak ere hurbiltzen ari dira 2020ko urtarrilera. Bada, turismoak, bidaiatzeko eta ostalaritzan kontsumitzeko indarrean egon diren eta dauden neurriek zamatuta, ez du lortu susperraldi bera, eta oraindik bidaiarien herenak falta ditu izan zena izateko atzera.

2020. urteko zulo beltzetik atera da, noski, baina susperraldi hori ez da nahikoa, esaterako, Donostian pisu handia duen—BPGaren %14— jarduera horrek lortua zuen mailara igotzeko berriro. Izan ere, bakarrik 2019ko turista kopuruaren %68,2 eduki dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta aterpe gauen %66,7.

Aurreko urtean 2.172.927 pertsona etorri ziren Hegoaldeko hiru lurralde horietako hoteletara eta antzekoetara, 2020an baino %75 gehiago, baina 2019an baino 1.269.040 gutxiago. Antzeko galera islatzen dute kontratatutako gauek: 4.178.716 izan ziren 2021ean, aurreko urtean baino %73,4 gehiago, baina 2019an baino 2.843.222 gutxiago.

Lurraldeka, Gipuzkoak izan du hazkunde apalena 2020ko urte beltzarekin alderatuta: %68 handitu zen turista kopurua, eta gauak, %69,4. Arabak hobetu ditu datuak argien: %83,1 eta %80,3ko erregistroak izan ditu. Bizkaian, %80,6 turista gehiago etorri ziren, eta %75,1 gau gehiago saldu ditu sektoreak.

Hiriburuek antzeko bilakaera izan dute: 2021ean, %88,4 igo dira sarrerak Gasteizen, %80,6 Bilbon, eta %74,5 Donostian; eta gaualdiak, %83,2, %81,5 eta %80,7, hurrenez hurren. 2021eko batez besteko egonaldia, hiru lurraldeak kontuan harturik, 1,92 egunekoa izan da, 2020ko 1,95 egunekoa baino pixka bat txikiagoa, eta, halaber, 2019ko 1,97 egunekoa baino apalagoa.

Gau bateko tarifa: 90 euro

Hotelen plazen okupazioa %41,1ekoa izan da 2021ean, eta logelen okupazioa, %48,8koa; beraz, %8,3 eta %7,8 puntu igo dira 2020. urtearekin alderatuta. Gipuzkoan, plazen okupazioa %44,5ekoa izan da urte osoan; Araban, %40,5ekoa; eta Bizkaian, %38,4koa. Hiriburuen balioak dagozkien lurraldeetakoak baino pixka bat handiagoak izan dira.

Errentagarritasun adierazleak ere hobetu egin dira 2021ean, aurreko urte beltzean ikusitakoen aldean. Eguneko batez besteko tarifa 89,44 eurokoa izan da, %21,9ko igoera egon ondoren. RevPar delakoaren kasuan, 2021eko balioa 43,66 eurokoa izan da; hau da, %45 handiagoa.

Iazko abenduko datu zehatzei begira, 181.836 sarrera egon dira, eta 336.886 gau kontratatu dituzte hoteletan eta beste aterpeetan. Bada, 2020ko abenduarekin alderatuta, suspertzea %221,6koa izan da sarreren kasuan, eta % 239koa gaualdienean. Eta, hala ere, 2019ko abendukoen %87,1 baino ez dira, eta gaualdiak, %87,7 baizik ez. 2022an datuak hobetuko direla uste dute sektorean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.