Gerra Ukrainan

Ukrainari bere energia azpiegiturari eusten laguntzea adostu dute G7koek

Munduko herrialderik industrializatuenek hitzartu dute «ur eta energia azpiegiturak konpontzen, defendatzen eta zaharberritzen» laguntzea. Kievek adierazi du nahikoa gas badutela negurako

Argi etenak ohikoak dira Ukrainan. Hamaika ibilgailu, herenegun, Kieveko etorbide batean, une horietako batean. OLEG PETRASIUK / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak datu bat eman zuen herenegun gauean: 4,5 milioi pertsona elektrizitaterik gabe zeuden herrialdean. Eta Vitali Klitxko Kieveko alkateak beste zenbaki baten berri eman zuen ordu batzuk geroago, atzo goizean: hiriburuko 450.000 bat etxetan argirik gabe esnatu ziren —hiru milioi biztanle inguru ditu—. Kontuan hartu behar da urriaren 10az geroztik Errusiako armadak Ukrainan egindako bonbardaketek herrialdearen sare elektrikoaren %40 hondatu dutela. Horiek horrela, G7 taldeko herrialdeek koordinazio mekanismo bat adostu dute, Kremlinek energia azpiegiturei egindako erasoen aurrean Ukrainari laguntzeko.

Ikusi gehiago:Finlandiak uste du Turkiak ez diola itxiko NATOn sartzeko atea

Munduko herrialderik industrializatuenen taldea Munsterren (Alemania) batzartu zen atzo, eta AEBetako Estatu Departamentuko iturriek Reuters berri agentziari adierazi ziotenez, neguan Ukrainak edukiko dituen beharrez hitz egin zuten G7koen taldeko Atzerri ministroek, eta hitzartu zuten mekanismoaren bidez lagunduko diotela Ukrainari «energia eta ur azpiegiturak konpontzen, defendatzen eta zaharberritzen». Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak herenegun iragarri zuen, bide batez, G7koek adostua dutela plan bat negura begira Ukrainari eman beharreko laguntza logistikoa bermatzeko.

Horren guztiaren harira, Denis Xmihal Ukrainako lehen ministroak atzo nabarmendu zuen Ukrainak nahikoa gas duela negurako, baldin eta aurreikusitako inportazioak aintzat hartzen badira. Xmihalek gobernuaren bilera batean zehaztu zuenez, herrialdeak 14.500 milioi metro kubiko gas ditu lur azpiko biltegietan.

Gerra frontean, Errusiako presidente Vladimir Putinek atzo eginiko ekitaldi publiko batean eskatu zuen Kherson eskualdean dauden zibilak ebakuatzeko, horiek ez dituztelako ekintza militarrekin lotutako neurriak «pairatu» behar. Moskuk partzialki okupatuta daukan eskualde horretako —anexionatu egin zuen irail amaieran— buruzagi militar errusiazale Kiril Stremusoven arabera, laster posible da Kherson hirian «bonbardaketa masibo bat» gertatzea. Dnieper ibaiak bustitzen du eskualdea, eta azken asteetan Errusiak milaka pertsona ebakuatu ditu ibaiaren mendebaldeko ertzetik ekialdekora.

Bestalde, Xi Jinping Txinako presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Pekinen bildu ziren atzo, eta Scholzek eskatu zion Xiri Errusiarekiko duen «eragina» balia dezala Ukrainako gerra amaitzeko. Txinako hedabideen arabera, Xik erantzun zion nazioarteak babestu beharko lituzkeela gatazka modu baketsuan bukatzeko ahaleginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.