Italian, italiarrak bezain lehiakor ari dira hainbat euskal enpresa

Arabako Errioxara ardoa saltzera joatea bezala izan daiteke makina-erreminta Lombardian saltzea, baina helburua lortzen ari dira. Euskal industriaren produktu aurreratuak arrakasta du herrialdean

Italian jarduten duten euskal enpresetako buruzagiek gosaria egin zuten atzo Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuarekin. IREKIA.
xabier martin
Milan
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Italiara joandako euskal enpresak ez dira saltzen ari tokiko lehiakideak baino merkeago. Haiek bezain produktu aurreratuak diseinatzen eta eskaintzen dituzte, haiek bezain zerbitzu eraginkorrak jartzen dituzte bezeroen eskura. Italiako merkatu helduetan bidea urratu badute «beste edozein bezain onak edo hobeak» direlako da, ez merkeago saltzen dutelako.

Euskal enpresarien txanda izan zen atzo Eusko Jaurlaritzaren Milango enbaxada komertziala zabaltzeko bidaian. CIE Automotive, Orkli, Fagor Automotion, CAF, Ulma, Siemens Gamesa, Lantek, Soraluce, Tecnalia, Tubacex, Iberdrola eta Danobateko ordezkariek lan gosaria egin zuten Ekonomia Garapenaren Saileko ordezkariekin. Italiako merkatuak eskaintzen dituen «aukera handiak» helarazi zizkioten Arantxa Tapia sailburuari. «Arabako Errioxara ardoa saltzera joatea bezala dela diote batzuek, baina gu saltzen ari gara», azaldu zuen Gasteizko Lantek konpainiako zuzendari nagusi Alberto Martinezek. Lantek metalgintzarako softwarean aritzen da, eta Italia du lehen merkatua. «Duela hogei urte iritsi ginen, eta merkatuak hazten jarraitzen du».

Ordiziako Orkli ere eskarmentu handikoa da Italian; etxetresnentzako osagaiak ekoizten dituzten kooperatiba Italiako enpresa batean sartu da kapitalarekin. «Italiaren aldeko gure apustua oso argi dago», esan zuen Olatz Imaz finantza zuzendariak. Mondragon Taldeko beste kooperatiba batek ere, Danobatek, lantegi propioa zabalduko du gaur, Piemonten. DanobatGroupeko Soralucek Italia dauka helmuga estrategikotzat aspaldian. «Salmenten %40 Alemanian egiten ditugu, eta beste %20 inguru Italian egiten ari gara», esplikatu zuen Rafael Idigorasek, Soraluceko zuzendari kudeatzaileak. 2001etik dago Elgoibarko enpresa Italian, eta «nor baino nor gehiago» ari da tokiko lehiakideekin. «Italiako merkatua kontsumitzaile handia da, bai, baina baita esportatzailea ere, eta hori oso kontuan hartu behar da».

4.0 industria, gora

Italiaren hazkundeari buruzko zalantzak ez ditu asko kezkatzen euskal enpresak, badakitelako beren sektoreetan dinamismo handia dagoela. «4.0 industriarekin lotura duen edozer aurrera doa hemen; eraldaketa digitala urrats handiak egiten ari da, eta hori oso ongi datorkigu guri», azaldu zuen Lantek-eko ordezkariak. «Arlo fiskalean ere aldaketa batzuk bultzatzen hasi dira», eta, egoera politikoa oztopo ez bada haiek burura eramateko, euskal enpresentzat ere «onuragarria» izango dela uste du Olatz Imazek.

Edonola ere, Lantek-ek, Orklik eta Soralucek Italian «geratzeko» asmoa dute, «epe luzerako» alegia. Eta Italiako bankuen egoera kaskarra dela eta, «etxean gihar finantzarioa dagoen bitartean» proiektuak finantzatzeko arazoak urrun ikusten dituzte. «Gure industriak gaitasun handia dauka, eta hori badakite jadanik Italian», esan zuen Rafa Idigorasek; «erraza da haiekin lan egitea, besteak beste, antz handia dugulako hainbat esparrutan». Idigorasek uste du «onenekin» daudela, eta hori ez dela «merkeago» saltzeagatik, euskal industriaren produktu aurreratuak arrakasta duelako baizik. «Izan ere, ez dugu merkeago saltzen».

Bi Italiaz hitz egin beharko litzateke enpresa horien salmenten helmuga aztertzean: iparraldea eta hegoaldea. «Italia osorako gabiltza, baina iparraldean egiten ditugu salmenten %90 baino gehiago, industria dagoen eremuan», esplikatu zuen Alberto Martinezek.

Eusko Jaurlaritzak Milanen zabaldu berri duen bulego komertziala enpresa txiki eta ertainentzako «tresna oso eraginkorra» izan daitekeela uste du Olatz Imazek. «Burokrazia handiko herrialdea da oraindik, eta hemen hedatu nahi duenarentzat oso onuragarria izango da bulegoa baliatzea, besteak beste, harremanak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.