Danobatek lehen fabrika zabaldu du Italian, merkatu kuota handitzeko

Elgoibarko bikaintasun zentroaren bikia da Piamonten atzo inauguratutako planta, eta bezeroentzako probaleku bat izango du. Alberto Tacchella Italiako makina-erremintaren aditu sonatua kontratatu du
Muturreko teknologiako makinen erakusleihoa ere izango da Danobaten Italiako lantegi berria.
Muturreko teknologiako makinen erakusleihoa ere izango da Danobaten Italiako lantegi berria. IREKIA

Xabier Martin - Berriemaile berezia

2018ko ekainak 22
Piamonteko Bistagno herrian ikurrinak daude. Italiako banderekin batera mugitzen ditu udako haize beroak Danobaten fabrika berriaren sarreran. Elgoibarko makina-erremintaren enpresa liderrak euroguneko hirugarren ekonomiaren merkatuan egindako lorpenak egonkortu nahi ditu planta berri horrekin. Atzo inauguratu zuten 2.500 metro koadroko lantegi ikusgarria, Danobaten lehen planta Italian.

Ekoizpenerako soluzio aurreratuak eskaintzea estrategikoa izango da aurrerantzean Gipuzkoako enpresaren bigarren merkatuan. Milango zentro ekonomikotik 140 kilometrora dago planta, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia harro agertu zen haren inaugurazio ekitaldian. «Euskadiren politika industrialaren arduradun gisa, gaurko egunak harrotasuna, aitortza eta ospakizuna dakartza», esan zuen. «Danobatek giharra dauka, eta indar hori berrikuntza da, adimena, teknologia eta egokitzeko gaitasuna». Piamonteko eskualdeko gobernuko ordezkariak eta Gipuzkoako Diputazioko Ekonomiaren Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuru eta Iñigo Uzin Mondragon Taldeko presidentea ere ekitaldian egon ziren. Danobateko zuzendari kudeatzaile Xabier Alzagak azaldu zuen «negoziorako aukera berriak sortzeko» zabaldu dutela planta. Elgoibarko kooperatibak «gertutasuna eta bikaintasuna» eskaini nahi die Italiako bezeroei.

«Gure bezeroa kanpoan dago aspaldian, eta guk kanpoan egon behar dugu», esan zion BERRIAri Pello Rodriguez Danobat Groupeko zuzendari nagusiak, orain aste batzuk; Bazkundeko Gipuzkoa Saria jasotzera zihoan orduan. Atzo, Bistagnoko lantegian zen, nazioartekotzearekin hartutako konpromisoa berresten. «Gure enpresan ez dute komertzialek bidaiatzen bakarrik; nork ez duen bidaiatzen galdetuko nuke. Zer ekartzen duen horrek? Bezeroaren albo-alboan egotea, eta haren beharrak zein diren ongi ulertzea. Hori da benetako abiapuntua: zure bezeroak ongi baino hobeto ezagutu behar dituzu, benetan behar duena eskaintzeko. Zertarako eduki ahalmen teknologiko izugarria, ez badakigu zer eskaini behar dugun?».

Danobatek Italian egindako urratsa bete-betean sartzen da filosofia horrekin. Goi mailako ingeniaritza soslaia duten langileak ariko dira Piamonten, hasteko, ez delako fabrika normal bat izango. Mekanizazio pertsonalizaturako probalekua eta muturreko teknologiako makinen erakusleihoa izango da. Teknikariak bezeroekin batera egongo dira eskainitako soluzio teknologikoaren bizi ziklo osoan. Makina erabat pertsonalizatuei buruz hitz egiten du Danobatek, soluzio bakarrei buruz. Eta hori guztia ekoizpen prozesu askoz eraginkorragoak lortzeko, noski, produktiboagoak. Digitalizazioa da makina-erremintaren oinarria beste aro batera jauzi egiteko, eta Danobat Group buru-belarri sartu da esparru horretan aspaldian, arrakastaz lehiatzeko, hala Italiako merkatu helduan nola beste edozeinetan.

Tacchella, golak sartzeko

«Bolumena handitzera gatoz, ospea hartzera», esplikatu zuen Xabier Alzagak; «hau ez da hedapen estrategiaren azken albistea izango», ohartarazi zuen, aditzera emanez fabrika gehiago zabal ditzakeela enpresak. Alemanian? Danobat Group erakusten ari den giharra kontuan hartuta, ez litzateke arraroa izango mugarri hori jartzea, salmenta gehien duen merkatuan (%40). Bistagnokoa, hein batean, Elgoibarren duen bikaintasun plantaren bikia izango da. Bezeroak bertatik bertara ikusi ahal izango ditu soluzio desberdinak probalekuan, eta makina egokiena hautatu duela jakin ahal izango du soluzio pertsonalizatuei esker.

Alemaniaren atzetik, Italia da bigarren merkatua Danobatentzat, salmenta guztien %20 ingururekin. Bada, makina-erremintaren txapeldunen ligan ari da aspaldian enpresa gipuzkoarra, eta, horrela jarraitzeko, fitxaketa deigarria egin du Italian: Alberto Tacchella. 1960tik erreferentzia da Tacchella Italiako industria fabrikazioan. Aditu handia da ekoizpen sistemetan, eta harekin egindako akordioak aditzera ematen du Danobatek gol ikusgarriak espero dituela epe ertainera; kontratu garrantzitsuak alegia. Dagoeneko marka sonatuentzat ari da enpresa gipuzkoarra, esaterako Ivecorentzat autogintzan, Aviorentzat aeronautikan, eta Lucchinirentzat trengintzan. Tacchellak berak esan zuen Fiat erraldoian sartzen saiatuko direla. «Horretarako, Danobatek Italian duen tokiko marka baten irudiarekin hautsi behar dugu, eta handien artean dagoela erakutsi, horrela delako».

Tacchellak eta bere taldeak kudeatuko dute Danobat Italia, hamabi bat goi ingeniariren lantegia. Xabier Alzagak aitortu zuen Ucimuko presidente ohiaren laguntzarik gabe kasik ezinezkoa izango zela jarri dituzten helburuak betetzea. Gipuzkoako kooperatibak ez du inbertsio handirik egin fabrika eskuratzeko, 500.000 euro inguru, baina inbertsio hori askoz ere handiagoa izango da hedatze prozesuak aurrera egiten duen heinean. Lau urtean emaitza ikusgarriak espero ditu Tacchellak. «Danobaten makinak ez dira low cost, premium baizik, eta hori helarazten asmatu behar dugu, sektoreko munduko bigarren merkatuan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna