Oposizioak bidea itxi dio gobernuari DSBEaren erreforma tramitatzeko

EAJk eta PSE-EEk atzeratu egin dute gizarte laguntza aldatzeko lege proposamenaren bozketa, aurrera ateratzeko gehiengorik ez baitzuen. EH Bilduk «oso gutxi mugitu» dela leporatu dio Enplegu Sailari
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzoko osoko bilkuran.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzoko osoko bilkuran. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 29
Linboan geratu da, oraingoz, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma. Eusko Jaurlaritzak legealdirako duen helburu nagusietako bat da, baina gobernuak ez du artean inor konbentzitu aldaketa aurrera ateratzeko. Oposizioko alderdien ezezkoak moldaketaren tramitazioari bidea itxi zion atzo Eusko Legebiltzarrean. Udazkenera arteko epea du orain Enplegu Sailak akordio bat bideratzeko.

Porrotaren irudia eragotzi zuten atzo gobernua sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk. Bi alderdiek aurkeztutako lege proposamen baten formularekin iritsi zen testua ganberara. Tramiterako onartu edo ez bozkatu behar zuen atzo osoko bilkurak, eta, gutxienez, beste talderen baten abstentzioa ezinbestekoa zen. Botoak bermatuta ez izanda ere, proposamena eztabaidatu egingo zela zirudien, jeltzaleek eta sozialistek gai zerrendatik atera eta atzeratu egingo zutela jakinarazi zuten arte, aurreko puntua amaitzen ari zenean.

«Oposizioak eskatuta» hartutako erabakia zela adierazi zuten EAJk eta PSE-EEk, elkarrekin sinatutako ohar baten bidez. Modu horretan, gizarte babeserako sisteman «adostasunak zabaltzeko borondatea» dute. Lege proposamen gisa tramitatzeak «denborak azkartzea» ahalbidetuko lukeela adierazi dute bi alderdiek, eta uste dute atzerapenak ez duela esan nahi «galdutako denbora».

Gobernuak atzerapen hori behartuta hartu behar izan duela argi utzi zuten oposizioko ordezkariek, ordea. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk baieztatu zuten lege proposamena aurrera ateratzearen aurkako botoa erabakia zutela. Koalizio independentista izan zen bozketa atzeratzeko aukera mahai gainean jarri zuen bakarra, atzo horren alde bozkatzeko behar besteko bermeak ez zituela iritzita. Elkarrekin Podemosek eta PPk ukatu egin zuten tramitea atzeratzea eskatu izana.

Hasieratik, erreformaren edukia negoziatzeko eta adosteko borondatea adierazi dio EH Bilduk gobernuari. Lehen hartu-emanak ere egin ziren, proiektua bera aurkeztu baino lehen. Haatik, testuan jasotako edukiek ados jartzeko aukera «urrundu» egiten zuela ohartarazi zuen. Azken asteotan aurrera jarraitu dute negoziazioek, baina emaitzekin kritikoa da EH Bildu. «Gobernua oso gutxi mugitu da» akordioak lortzeko, ohartarazi zuen Nerea Kortajarena legebiltzarkideak. Tramitazioaren aldeko botoa ematea «txeke zuria sinatzea zen», eta, Kortajarenaren ustez, «ezin genuen halakorik egin».

Lege proposamena ezbaian

Koalizio independentistaren ustez, erreformaren helburua izan beharko litzateke babes sistema hobetzea eta horren irismena handitzea. Hau da, gaur egun laguntzak kobratu ezin duten baina behar egoera dutenengana zabaltzea. Haatik, jeltzaleen eta sozialisten proposamenak «murrizketen bidean sakondu» egingo luke, Kortajarenaren aburuz. EH Bilduk gogor salatu du onuradunak identifikatzeko asmoz sistema biometrikoak ezartzeko neurria, besteak beste.

Pilota gobernuaren eskuetan dago, baina aldaketa gauzatzeko erabili nahi den bideak zaildu du konponbidea. Lege proposamen bat dagoenean, oposizioak ezin du osoko zuzenketarik egin. Horrek esan nahi du tramiterako onartu aurretik edukiei buruzko berme argiak nahiko lituzkeela EH Bilduk. Gobernuko alderdien iturrien arabera, proposamena bertan behera utzi eta lege proiektu gisa onartuko balitz, urtebete atzeratuko litzateke eztabaida.

Gobernuak onartutako lege proiektuetan, gainera, txosten ekonomiko eta juridiko ugari aurkeztu behar dira. Horien falta gaitzetsi du oposizioak, era berean. «Oso zaila da lege hau konpontzea zuzenketa partzialekin», aurreratu zuen Elkarrekin Podemoseko Tinixara Guanchek.

«Testu txarra da, formagatik, eta ez du bermerik, ezta zorroztasun juridikorik ere», salatu zuen Laura Garridok (PP). Erreforma ez dela behar bezain sakona iruditzen zaio, eta ziurtatu zuen Enplegu Sailak ez duela edukia PPkoekin negoziatu nahi izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna