Berriak handiekin lotzen

Konektatuta dauden gauzak, big data, adimen artifiziala, zibersegurtasuna... Berrikuntzan aritzen diren enpresa hasiberriek asko daukate eskaintzeko, baina, aurrera egiteko, ezinbesteko dute enpresa handi eta sendoen bultzada. Bi aldeak elkarlanean jartzea da BIND 4.0 programaren xedea.
27 proiektu egin dira BIND 4.0 programaren bigarren edizioan.
27 proiektu egin dira BIND 4.0 programaren bigarren edizioan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Irune Lasa -

2018ko uztailak 7
Star-up-entzako Basque Industry 4.0ren BIND 4.0 Accelerator programaren Demo Day. Sanferminetara bidean atzerritarren bat Kursaal jauregian galduta? Ez. Ingelesezko hitzak laugarren industria iraultzaren harira zetozen eta Kursaal jauregian atzo goizean ez zen festarik —nahiz eta atzerritar batzuk egon—. Giroa lasaia zen, hartu-emanak erraztekoa, baina mundu guztia lanerako zegoen. Batzuk, start-up-ak bezero eta kontratu gehiagoren bila; besteak, enpresa handi eta sendoak, euren lanerako ideia, irtenbide edo produktu onenen bila.

Bi behar horiek asetzeko, enpresa berritzaile hasiberriek eta konpainia sendoek elkar ezagutzeko balio du Bind 4.0 programak. Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk sortua, programaren bigarren edizioari esker jaiotako proiektuak aurkezteko eguna zuten atzo parte hartzaileek.

Karten Space zen horietako bat. Satelite bidezko irudiekin adimen artifiziala erabiliz, start-upak Iberdrolarentzat azpiegitura elektrikoen inguruko landaretzaren analisia egin du. Mantentze lanetan dirua aurreztea, orografia zaileko tokietara jendea gutxiagotan bidali beharra... Abantailak asko izan dira bezeroarentzat. Hori erakutsi nahi zuten atzo Ainhoa Cidek eta Maximo Calvok. «Industriako enpresak gai honetan galduta dabiltza, eta gaurkoa bezalakoek guk eskaintzen ditugun irtenbideak azaltzeko aukera ematen digute».

Etorkizunerako proiektuak

Bi gazteek 2015ean sortu zuten Karten Space. Star-up-ak sei langile ditu, eta asmo handiak: sei nanosateliteko konstelazio bat jarri nahi dute espazioan, lurreko edozein txokoren irudi propioak izateko «gutxienez egunean behin». Horrela, beste sateliteen irudi garestiak ordaindu beharrik ere ez lukete izango. Laster satelite handiren bat espazioratzen denean, harekin batera Kartenen lehen nanosatelitea ere jarriko dute orbitan. «Ea datorren urtean», espero du 28 urteko Cidek.

Munduko edozein herrialdetan egon daitezke Danobaten makina-erremintak. Makina horiek erabat konektatuta egon ohi dira, bai haien egileekin, mantentze lanetarako eta zerbitizazioa eskaintzeko, baina baita lantegiko beste makinekin ere. Eta beste makina horiek lehiakideenak badira, nola babestu Danobaten makinaren datuak? Zibersegurtasunean aritzen den Enigmedia start-up-ak egin dio Danobati informazio delikatu hori enkriptatzeko proiektua. Carlos Tomas Enigmediaren sortzaileetako bat eta teknologia burua da: «Gure produktu bat industrian probatu nahi genuen eta BIND 4.0k horretarako aukera eman digu. Gustura gaude, konturatu gara industrian oso lehiakorrak izateko aukera dugula».

Mercedes Benz ere gustura egongo da BIND 4.0n, bigarren edizioan sei proiektu bultzatu baititu. Bat nabarmentzeko eskatuta, Juan Mokoroa Mercedeseko fabrikazio ingenieritzako arduradunak Atten2ekin egindakoa azaldu du. «Sentsoreak garatu ditugu gure makinetak olioaren degradazioa analizatzeko. Makina mordoa ditugu, sekulako olio kopurua... xedea olioa aldatzeko une egokia ezagutzea da eta dirutza dago jokoan hor».

Ezin zuten hori Mercedesen bertan egin? Mokoroak argi dauka erantzuna. «Bai, jakina. Baina teknologiaren garapena hain bizkor doa funtsezkoa dela elkarlanean aritzea zentro teknologikoekin eta halakoekin, eta batez ere start-up berritzaileekin. Berrikuntzaren ezarpenean abiadura berebiziko faktore bihurtu da, erabakigarria».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Irune Lasa

Informazio osagarria