«Independentzia lortzeko estrategia berria» aurkeztu du Puigdemontek

Crida Nacionalek udazkenean erabakiko du alderdi politiko bilakatu edo ez, galdeketa bidez. Esquerrak ez du proiektuan parte hartuko, eta PDeCATek asteburuan erabakiko du zer egin
Puigdemont, Alemaniatik bideokonferentzia bidez Crida Nacionalen aurkezpena egiten, atzo, Bartzelonako Ateneun.
Puigdemont, Alemaniatik bideokonferentzia bidez Crida Nacionalen aurkezpena egiten, atzo, Bartzelonako Ateneun. QUIQUE GARCIA/EFE

Itxaso Orbegozo Borda -

2018ko uztailak 17
«Independentzia lortzeko estrategia berria»: horixe da Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak sustatutako mugimenduaren egitekoa. Bartzelonako Ateneun aurkeztu zuten atzo Crida Nacional egitasmoa, proiektu subiranista berria. Gemma Geis JxCateko diputatuak eta Ferran Mascarell Madrilgo Generalitateko ordezkariak irakurri zuten manifestua. Quim Torra Generalitateko presidentea ez zen egon, Alemaniatik hartzekoa zuen hegazkina atzeratu egin baitzen eguraldi txarragatik. Telefono bidez hartu zuen parte. Puigdemont bideokonferentzia bidez izan zen aurkezpenean, eta Jordi Sanchez JxC Junts per Catalunya alderdiko liderrak, berriz, gutun bidez eman zuen azalpena. Bi aldiz egin behar izan zuten aurkezpena, jendetza baitzegoen Bartzelonako Ateneun.

Puigdemonten, Torraren eta Sanchezen ekimenez sortu dute Crida Nacional «mugimendu politiko tranbertsala». Zenbait plataformari zuzenean lotutako mugimendua da: 1-O mugimenduarekin eta Junts per la Republicarekin, esaterako. Sanchezek deia egin dio ERCri proiektuaren parte izateko: «Dei egiten diet ezkerrekoak sentitzen direnei, denok gehitzen baitugu», esan du gutun bidez. Mugimenduak hartuko duen noranzkoa zehazteke dago oraindik, baina baliteke hilabete batzuk barru alderdi politiko bilakatzea. «Proiektu irekia da; denon artean osatu behar dugu», esan du Puigdemontek. Gaineratu du webgune bat irekiko dutela egitura juridikoa erabakitzeko, eta udazkenean egingo duten bileran hartuko dutela azken erabakia. Forma juridikoa zehaztuta, martxan jarriko dute proiektua.

Crida Nacionalen buruek Bartzelonako hotel batean eman zieten proiektuaren berri JxCeko kideei,larunbatean. Torrak, Puigdemontek eta Sanchezek independentziara bidean eman beharreko pausoen eta proiektu berriaren funtzioen berri eman zieten.

Mugimenduaren helburu nagusia «lanabes politikoa eta transbersala» izatea da. Hau da, egungo alderdiez harago joan eta horiek bildu nahi ditu proiektuak. Mugimenduan parte hartzera deitu dituzte PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalana eta ERC Esquerra Republicana eta Democrates.

«Zentro-eskuin indartsua»

Esquerrak Crida Nacionalen ez parte hartzea erabaki du. Marta Vilalta bozeramaileak batasuna defendatu du, baina bakoitzak «bere espazio politikotik» egin beharko duela esan du. Hala ere, Esquerrak «zorte ona» opa dio mugimenduari: «Herrialdeak eta independentismoak zentro-eskuin indartsu eta sendoa behar du», esan du bozeramaileak. Zentro-eskuinaren «birmoldatzetzat» du Cridaren sorrera.

PDeCATek kongresua egingo du datorren asteburuan. Hala ere, aurreko astean JxC alderdi politiko gisa erregistratzea erabaki zuten. Beraz, datorren urtean egingo diren udal hauteskundeetan JxC izenarekin aurkeztuko da PDeCAT.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna