Zimbabweko oposizioak esan du «frogak» dituela bozen iruzurra egiaztatzeko

Mnangagwa presidenteak irabazi ditu hauteskundeak. Chamisa oposizioko buruarentzat, «ilegalak» izan dira. EBk emaitzak berandu ematea kritikatu du
ZANU-PFko bi kide Mnangagwaren kamisetak soinean dituztela, hauteskundeetako emaitzak ospatzen, atzo.
ZANU-PFko bi kide Mnangagwaren kamisetak soinean dituztela, hauteskundeetako emaitzak ospatzen, atzo. AARON UFUMELI / EFE

Igor Susaeta -

2018ko abuztuak 4
Zimbabweko presidentetzarako hauteskundeen emaitzaren berri eman eta bospasei ordura argitu zuen egunak Harare hiriburuan. Orduan kaleetan ziren herritarrei mezu bat helarazi zieten poliziek atzo, haien ibilgailuen bozgorailuetatik: «Dena ondo dago. Beldurrik ez izan». Baina arratsaldeko lehen orduan gertatutakoa kontuan hartuta, egoera nahiko kaotikoa dutela ondorioztatu daiteke.

Hauteskunde batzordearen datuen arabera, ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoko hautagaiak, Emmerson Mnangagwa herrialdeko presidenteak, irabazi ditu hauteskundeak, 2,46 milioi boto lortuta (%50,8). Baina oposizioburua, MDC-T Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko Nelson Chamisa, ez dago ados, eta salatu du emaitzak «iruzurrezkoak, ilegalak eta ilegitimoak» direla. Botoen %44,3 batu ditu, 2,15 milioi bozka. Prentsaurrekora deitu zuen hiriburuko hotel batean, eta hauxe esan zuen: «Hauteskunde hauek irabazi ditugu, eta gobernua osatzeko prest gaude». Goizean adierazi zuenez, bozen «iruzurra» egiaztatzeko frogak ditu. Ez zuen jakinarazi, ordea, zeintzuk diren froga horiek. Hori bai, konstituzioak emaitzak inpugnatzeko aukera ematen du, eta hori egiteko asmoa dute MDC-Tkoek. Mnangagwak ez du eragozpenik jarriko. «Zimbabwe demokrazia bat da. Bi aldeetako edozeinek inpugnatu ditzake emaitzak auzitegietan».

Eta arratsaldeko agerraldia hasi aurretik, kaos hori erakusten duen zerbait gertatu zen. Istiluen kontrako poliziak agertu ziren hotelean, eta agerraldia oztopatzen ahalegindu ziren. «Hau ez da hauteskundeak irabazi dituztenen jokabidea, galdu dituztenena baizik», salatu zuen Chamisak. Mnangagwari «onartezina» iruditu zitzaion segurtasun indarretako kideen jarrera: «Gobernua kritikatzeko eskubidea dute... Ezinbestekoa da hori Zimbabwe berrian». Eta batasunerako deia egin zuen.

Baina giroa gaiztotuta dago 1964ra arte Erresuma Batuaren kolonia izan zen herrialdean. Robert Mugaberen 37 urteko agintaldiaren ondorengo lehen hauteskundeak egin dituzte, eta, kanpainan ez bezala, indarkeriak kaleak hartu ditu hauteskundeak egin ondorengo egunetan. Astelehenean bozkatu zuten zimbabwetarrek, eta hauteskunde batzordearena ez zen kontaketa paralelo baten datuei erreparatuta, irabazi egin zuela esaten hasi zen Chamisa hurrengo egunean. Baina parlamentuaren osaketaren berri eman zuen batzordeak asteazkenean, eta ganberan ZANU-PF izango da nagusi, nabarmen. Horrek MDC-Tren jarraitzaileak sutu zituen, eta segurtasun indarrekin izandako borroketan sei lagun hil ziren.

Batzordeak jakinarazi zuen gaur ematekoak zirela presidentetzarako hauteskundeen emaitzak, baina atzo 01:00ak inguru zirenean iragarri zituzten. Norman Comichi MDC-Tren kanpainaburua egoitzaren agertokira igo zen emaitzak ematen ari zirenean, eta salatu zuen ez zirela «balekoak». Segurtasun indarrek egoitzatik kaleratu zuten. Batzordeak nabarmendu nahi izan du, ordea, emaitzetan ez dagoela «amarrurik», eta alderdiei erakutsiko dizkietela.

Chamisaren esanetan, ZANU-PFk hauteskundeak «irabazi izan balitu», emaitzak «aspaldi» iragarriko zituzkeen. Iruditzen zaio «herritarren borondatearen kontrako kolpea» gertatu dela. «Opakotasun eta dekadentzia moral maila durduzagarria da».

Azken hamasei urteotan aurrenekoz, behatzaile aritu dira EB Europako Batasuneko, AEBetako eta Commonwealtheko ordezkariak, eta emaitzak berandu ematea kritikatu dute. Hauteskunde prozesuak «konfiantza falta» eragin diola nabarmendu du EBk.

Mnangagwak, aldiz, emaitzen «legitimitatea» defendatu zuen atzo, beste prentsaurreko batean. Batez ere landa guneetan lortutako botoei esker irabazi du, bigarren itzulia egiteko beharrik gabe. Adierazi zuen «negozioetarako prest» dagoela Zimbabwe, eta «garapen bidean» dauden beste herrialdeen mailara eraman nahi duela. Iazko azaroan estatu kolpe baten bidez boterera heldutako 75 urteko agintariak erreforma politikoak eta ekonomikoak agindu zituen duela hilabete batzuk. Halere, hauteskundeen ondoren Mendebaldeak erakutsitako jarrerak ez dio gehiegi lagunduko zeregin horretan. Mugaberi egozten zioten hauteskundeetan iruzur egitea eta arerioen aurka indarkeria erabiltzea. Zimbabweri zigor ekonomikoak ezartzen hasi zitzaion Mendebaldea 2000tik aurrera. Aintzat hartu behar da, gainera, Erresuma Batuak Commonwealth kolonia izandakoen elkartetik behin-behinean bota zuela 2002an. Horrenbestez, horrek guztiak Zimbabwe ito du.

Hegoafrika eta Txina

Hegoafrikako bizilagunarekin harreman ona da du Zimbabwek, eta, horregatik, Cyril Ramaphosa presidentea izan da Mnangagwa zoriondu duten atzerriko agintari bakanenetakoa. Txinak ere gauza bera egin du, eta Mendebaldeari eskatu dio lagundu diezaiola Zimbabweri, herrialdearen «garapenari» bultzada bat emanez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna