Trumpen Afganistanerako planak porrot egin du, urtebeteren ostean

Hitzemandakoaren aurka, AEBetako presidenteak soldaduak bidali zituen, baina erabakiak ez du egoera aldatu. Talibanek ukatu egin dute presidentetza jauregiaren aurkako erasoa egin izana

Afganistango presidentetza jauregiari eraso egin zioten. Irudian, poliziak eremua zaintzen, atzo, Kabulen. JAWAD JALALI / EFE.
ander perez zala
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Soldadu gehiago, autonomia militar handiagoa —erasoak egiteko aukerak handitzeko—, talibanekin negoziazioak bultzatzea eta Pakistani laguntza ekonomikoak murriztea —talibanei babesa ematen dielakoan—. Horiek izan ziren, duela urtebete, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen Afganistanerako planaren lerro nagusiak, helburua bakea lortzea izanik. Bakea, betiere talibanak garaituz; hori izan zen karguan haren aurreko Barack Obamarekiko desberdintasun handietako bat, hark soldaduak etxera itzultzea baitzuen lehentasun nagusia. Garai hartan, Afganistango armadak hartu zuen muturreko suniten aurkako borrokaren gidaritza, eta herrialde horretatik ateratzean jarri zuen arreta Obamak. Egungo AEBetako presidenteak, ordea, karguan haren aurrekoarekiko distantziak finkatu nahi izan ditu ahalik eta alor gehienetan, eta 2001eko Afganistango inbasioaren ondorioei aurre egiteko estrategia ez zen gutxiago izango. Urtebete pasatu da planaren iragarpenaz geroztik, eta Trumpen neurriek ere, praktikan, huts egin dute; Afganistanen ez da ez bakerik, ez egonkortasunik. Horren erakusle dira egunotako gertakariak: herrialdeko presidente Ashraf Ghaniren meniarako eskariari uko egin diote talibanek, eta bahiketak eta erasoak ez dituzte gelditu.

Herrialdeak duen desegonkortasunaren erakusle da atzo Kabul hiriburuan izandako erasoa. Ghani diskurtso bat ematen ari zela, gutxienez hamabi suziri bota zituzten presidentetza jauregiaren aurka. Najib Danish Barne ministroaren arabera, erasotzaileek kamioi batetik jaurti zituzten suziriak, eta, erasoaren ostean, segurtasun indarrek horietako hiru hil zituzten. Ez dago argi, ordea, atentatua nork egin duen, talibanek atzo ukatu egin baitzuten haiek izan zirela.

Afganistango presidenteak iragan igandean eskaini zien talibanei hiru hilabeteko su-etena, azaroaren 20ra arte —Mahomaren jaiotzaren urteurrena—. Menia astelehenean hastea nahi zuen Ghaninek, atzo arratsaldetik eta larunbat arratsaldera arte musulmanentzat festa eguna baita —Eid al-Adha—, besteak beste, bizian gutxienez behin Saudi Arabiako Meka hirira joateko. Talibanek, ordea, uko egin zioten su-eten eskaintzari, eta 200 zibil eta 20 soldadu inguru bahitu zituzten herenegun, erantzun gisa. Atzo, ordea, 160 bat zibil aske utzi zituzten. Hamazazpi urteko gerran, talibanek behin soilik iragarri zuten aldebakarreko menia, aurtengo ekainean, Ramadan ospakizunaren hiru egunetan.

Muturreko sunitek borrokan jarraitzeko prest daudela berretsi zuten atzo ere. Haien etsaietako bat dira AEBak, eta are gehiago Trump presidente denetik. Duela urtebete haren Afganistanerako planaren berri eman zuenean, talibanek erantzun zioten Afganistan «amerikarren kanposantu» izango zela. Erantzun horrek eta hilabeteotako gertakariek argi utzi dute AEBetako presidentearen estrategiak ez dituela esperotako emaitzak eman. Izan ere, planaren beste helburu batek, talibanekin negoziazioak abiatzearenak, ez du biderik egin; ez behintzat AEBen errepidetik. Errusiak atzo jakinarazi zuen irailaren 4an Moskun egingo duten bileran izango direla talibanak; hamabi potentzia izango dira han, baina AEBek uko egin diote gonbitari. «Helburua balizko su-eten bat eta bakea lortzea izango da, hamazazpi urte irauten ari den gerra gelditzeko», zehaztu zuen atzo Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Auzi horretan ere badirudi Errusiak aurrea hartuko diela AEBei, nazioartean duten pisua aztertuz gero. «Ez dugu inoiz ukatu talibanekin hitz egiten ari garela. Gizarte afganiarraren parte bat dira. Gure helburua da borroka armatua utz dezatela, eta gobernuarekin hitz egiten has daitezela», gaineratu zuen Lavrovek.

Gerra luzatu du

Afganistango gerra luzatzea besterik ez du lortu Trumpen estrategiak. Iazko udan, AEBen Afganistanerako jeneral John Nicholsonen azaldu zuen Afganistango indarrek bi urtean eremuaren %80 kontrolatuko zutela; aurretik eremuaren %64ren kontrola zuten. Urtebete pasatu da adierazpen horrez geroztik, eta portzentajea puntu bat igo da soilik. Talibanek, berriz, erasoak areagotu dituzte, baina bi aldeen partetik ez da aurrerapauso militar nabarmenik izan. Eraso horiek, beraz, indar erakustaldi bat izan daitezke, balizko negoziazioei begira.

Afganistango gerra 2001eko urriaren 7an hasi zen, AEBetako eta Erresuma Batuko armadak herrialdean sartzean, hura inbaditu eta okupatzeko. Inbasioaren arrazoia 2001eko irailaren 11ko atentatua izan zen —bi hegazkinek New Yorkeko Dorre Bikiak jo zituzten—. Atentatu hori Al-Qaeda taldeak hartu zuen bere gain, eta garai hartan Osama Bin Laden zen taldeko buru. Orduko Afganistango Emirerri Islamikoak babespean zuen Bin Laden, eta okupazioaren xedea zen Bin Laden aurkitzea eta epaitzea, gobernu talibana boteretik kentzearekin batera. AEBen gidaritzapeko koalizioak urte hartako azaroaren 12an kendu zituen boteretik talibanak, eta talibanen matxinada eragin. 2011. urtean hil zuten Bin Laden AEBetako soldaduek, Pakistanen. 2014ko abenduan eman zuen bukatutzat NATOren egitekoa Obamak, baina talibanek lur asko bereganatu dituzte ordutik.

Estrategia pribatizatzea

Egoerari buelta emateko, estrategia berri bat luke buruan AEBetako presidenteak: baliabideak pribatizatzea, soldaduak erabili beharrean mertzenarioak erabiltzea talibanen aurkako borrokan. John Bolton AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariaren ideia da, eta badirudi Trump bide hori hartzekoa dela, nahiz eta oraindik ez duen erabakirik hartu.

Estrategiaren aldaketak interes handia erakutsi du Blackwater enpresa militar pribatuaren sortzaile Eric Princek. Gaur-gaurkoz, 14.000 soldadu estatubatuar daude Afganistanen —10.000 izan ziren 2002an—, horietako asko urtero hiltzen dituzte, eta urtero 76.000 milioi euro inguru gastatzen ditu Pentagonoak Afganistango gerran, Princeren arabera. Trumpek, beraz, begi onez ikus lezake soldaduak erabili beharrean mertzenarioak erabiltzea.

Irailaren 4ko bileraren emaitzen zain, talibanen buruak, Haibatullah Akhunzadak, elkarrizketarako deia egin zien berriz ere AEBei, negoziazio mahaian esertzeko. Europa Batasunak ere negoziaziorako beharraz ohartarazi zuen atzo, eta mota horretako prozesu bati babesa emateko prest agertu zela berretsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.