Fedek interes tasak igotzeko asmoa dauka, Trumpen presioei entzungor

AEBetako Erreserba Federaleko buruak diruaren prezioa handitzeko estrategia defendatu du Jackson Holeko urteroko goi bileran. Ez du ikusten «arrisku handirik» ekonomia gehiegi berotzeko

Jerome Powell, Trumpek Fedeko buru izendatu zuen egunean, iragan otsailean, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Donald Trumpen itzala barruraino sartu da munduko banku zentraletako agintarien urteroko goi bileran, Wyomingo (AEB) Jackson Hole parke naturaleko luxuzko hotelean. Hala ere, Etxe Zuriko ugazabaren gerizak ez du ilunpean utzi Erreserba Federaleko (Fed) presidente Jerome Powell, haren Jackson Holeko lehenengo zitan. Ez die men egin Trumpen presioei, eta adierazi du AEBetako ekonomiaren datu makroekonomiko guztiek justifikatzen dutela bere hautua: diruaren prezioa igotzen jarraitzea, nahiz eta erabakiak amorratuta utzi AEBetako presidentea, Feden gidaritzan jarri zuen berbera.

Urte hasieran, Trumpek berak aukeratu zuen Powell Fedeko buru izateko, Barack Obamaren garaiko Janet Yellen ordezkatzeko. Powellek Yellenen ildoa jarraitu du, eta, AEBetako susperraldi ekonomikoa lagun, eutsi egin dio interes tasak handitzeko bideari. Sututa dauka Trump, uste baitu interes tasak handitzeak geldiarazi egin dezakeela AEBetako ekonomiaren hazkundea, eta hain zuzen ere hazkunde ekonomikora lotu baitu bere etorkizun politikoa.

Gaur-gaurkoz, Powellek alde ditu bai datu ekonomikoak, bai burtsetako inbertitzaileak. AEBetako ekonomiaren hazkundearen erritmoa %4,1ekoa da, eta langabezia tasa oso apala da, %3,9koa; halaber, barne kontsumoa %3,7 handitzen ari da; enpresen inbertsioek ere %2,7 egin dute gora, eta Wall Streetek inoizko goraldi boladarik handiena kateatu du. Gainera, Fedek kontrolpean dauka inflazioa, hori baita bere egiteko nagusia: %2aren inguruan dabil, baina ez du ikusten arriskurik hortik gora egiteko.

Hain zuzen, Powellek horixe nabarmendu zuen atzo, Jackson Holeko goi bilerako hitzaldian: «Nahiz eta azkenaldian inflazioa ia %2ra arte igo, ez dugu ikusi zantzu argirik ondorioztatzeko hortik gora egingo duenik. Badirudi ez dagoela arrisku handirik ekonomia gehiegi berotzeko».

Ez azkarregi, ez motelegi

Mundu zabaleko burtsetako inbertitzaileak zain zeuden Powellen berbak —eta isiltasunak— neurtzeko. Udan Trumpek Powellen kontra egindako kritika publikoek ezbaian jarri duteAEBetako Erreserba Federalaren independentzia, eta inbertitzaileek jakin nahi zuten ea men egingo dion ugazabari — politika hedakorrerako eta diru merkeagorako bidea hartuta— edo ea Yellenen eta Powell beraren norabideari etsiko ote dion —interes tasak normalduta—.

Powellek adierazi du bere bideari eusteko asmoa duela, baina Fed barruan eztabaida dago interes tasak igotzen ari diren erritmoaren inguruan: zenbait kidek %2,75 eta %3 bitartean kokatzen dute interes tasa neutrala, oreka ahalbidetzen duena hazkunde ekonomikoaren, langabezia tasa apalaren eta inflazio kontrolatuaren artean.

Helburua hori izanik, gakoa da igoeraren erritmoarekin asmatzea. Powellek atzo aitortu zuen bi arrisku handiren artean nabigatzen ari dela: izan ere, batetik, tasak azkarregi igoz gero hazkunde ekonomikoa eten egin liteke; bestetik, motelegi eginez gero, ekonomia gehiegi bero liteke, eta horrek ekaitza ekarriko luke.

Urtea hasi zenetik, Fedek bi aldiz igo ditu interes tasak: %1,75 eta %2 artean daude orain. Merkatuek aurreikusten dute 0,25 puntuko beste bi igoera egingo dituela urtea amaitu orduko: bata datorren irailean —25ean eta 26an egingo ditu bilerak—, eta bestea abenduan. Orobat, beste hiru igoera espero dira 2020ra bitartean, betiere interes tasa neutralera ailegatzeko.

Baina faktore ugarik alda edo moldaraz dezakete diru politikaren norabidea. Horietako bat estu lotuta dago Trumpekin: muga zergen gerraren ondorioetako bat inflazioa igotzea izan liteke, eta, hala gertatuz gero, Fedek galga jarri beharko lioke interes tasen igoerari. Era berean, Trump kexu da dolarra sendotzeaz ere, eta, Txinari eta Europari euren diruak berariaz debaluatzea aurpegiratzearekin batera, Powell ere egin du horren erantzule —dolarraren balioa %3 handitu da Fed gidatzen duenetik—. Dolarra zenbat eta indartsuago egon, orduan eta gehiago garestitzen dira AEBen esportazioak, eta horren traba egiten dio Trumpen helburu nagusiari: 566.600 milioi euroko defizit komertziala txikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.