Espainiako Gobernuak, azkenean, Llarena defendatuko du Bruselan

Puigdemont eta Torra Belgikan batzartu dira urte politiko berriari hasiera emateko. Kataluniako Fiskaltzak ikerketa irekiko die mossoei, xingola horiak kendu dituzten pertsonak identifikatzeagatik
Errepublikaren defentsarako batzordeetako kideak Llarenaren eta erregearen argazkiak erretzen, Bartzelonan, artxiboko irudian.
Errepublikaren defentsarako batzordeetako kideak Llarenaren eta erregearen argazkiak erretzen, Bartzelonan, artxiboko irudian. QUIQUE GARCIA /EFE

Itxaso Orbegozo Borda -

2018ko abuztuak 28
Espainiako Gobernuak atzera bota zuen atzo, presioen ondorioz, joan den ostegunean oharrean azaldutakoa, eta bere gain hartuko du Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epailearen defentsa. Pablo Casadoren Alderdi Popularrak eta Albert Riveraren Ciudadanosek Espainiako Gobernuari leporatu zioten «funtzioak ez betetzea», eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak larunbatean ministroekin bilera egin ostean, irailaren 4an Belgikan Llarena defendatzea erabaki du. Atzo batzartu ziren Quim Torra Katalunia presidentea eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua. Puigdemontek uste du «aurrekari larria» izango dela «pertsona baten defentsa ordaintzea». PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalana ere ez dago konforme erabakiarekin, eta «alderdi eskuindarren aurrean kikildu» izana egotzi dio gobernuari.

Ostegunera arte Espainiako Gobernuak Llarena ez defendatzeko jarrera «sendoa» azaldu zuen. CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lana zen epailea defendatzea, eta ekintza pribatuak egitea leporatzen zion Madrilek. Joan den asteko jarrera aldatu izana baztertu du Madrilek, eta Llarena defendatzeaz arduratzen den legelari taldearen kontratua amaitzen ari dela nabarmendu du. Dolores Delgado Espainiako Justizia Ministroak esan du «Espainiaren interesak» defendatzeko lanean jarraituko dutela, eta horretarako gobernuak bere gain hartuko duela epailearen defentsa.

Puigdemontek eta Kataluniako kontseilari ohiek jarri zuten salaketa zibila, epaileak eginiko deklarazio batzuek errugabetasun presuntzioa eta beren ohorea urratzen dituztela argudiatuz. Urriaren 1eko gertaerak kontuan izateko eskatu diote epaileari, inpartzialtasunaren «zantzu garbiak» dituztela argudiatuz. Irailaren 4an, Belgikan deklaratzera deitu dute Llarena, eta egun berean zehaztuko du Torrak independentistek jarraituko duten bidea.

Atzoko bileran Llarenaren gaia hizpide izan bazuten ere, prozesu subiranistaren inguruan ere jardun zuten Torrak eta Puigdemontek. Xingola horiak kendu dituzte Tarragonako lau herritan, azken astean. Ikerketa irekiko du Kataluniako Fiskaltzak mossoek xingola horiak kentzen aritu diren pertsonak identifikatu dituela argudiatuz. Torrak erabakia gaitzetsi du: «Nola ausartzen dira horrelako kontu bategatik mossoei ikerketa irekitzen, eta aldi berean nola da posible urriaren 1eko gertaerak ez ikertu izana?». Abuztuaren 17a eta 24a bitartean, Kataluniako lau herritan xingola horiak kendu zituzten hamalau pertsona identifikatu dituzte mossoek. Hamabost eguneko epea du Mossos d'Esquadrak erantzule diren agenteak identifikatzeko, eta txosten bat aurkezteko mossoen esku hartzearen arrazoiak argitzeko. Puigdemontek nabarmendu du zenbait alderdi «indarkeriarekin jolasean ari direla», eta Kataluniaren batasunean arrakalak sortu nahi dituztela, baina Katalunia ez dela «norgehiagoka» horietan eroriko.

Primarioetarako bidea

Urte politiko berria atzo hasi zuten Katalunian, Puigdemonten eta Torraren batzarrekin bat. Diada eguna, iazko urriaren 1eko erreferendumaren urteurrena, eta prozesu subiranistaren judizializazioa hizpide garrantzitsuak izango dira, baina ez bakarrak. Udal hauteskundeak eta Europako hauteskundeak izango dira 2019ko maiatzaren 26an, biak egun berean. ANC Biltzar Nazional Katalanak joan den ostegunean proposatu zuen zerrenda bateratu bat aurkeztea udal hauteskundeetarako. Alderdi independentistak batzeko deia izan zen, eta atzo ireki zuten parte hartzeko epealdia. PDeCAT alderdiak jakinarazi du zerrenda bateratuari muzin egingo diola gainontzeko «alderdi independentista guztiak» proiektura batzen ez badira. «Alderdi independentista guztiok batuko bagina, zentzua izango luke proposamenak; gainontzean, zentzugabea litzateke. Guk beste eredu bati jarraituko genioke kasu horretan», esan zuen atzo David Bonvehi PDeCATeko presidenteak, alderdiaren opor osteko lehen bileran.

Bonvehik zuzendutako alderdiak uste du ERCk eta CUPek ezetz esango diotela zerrenda bateratuari, baina gogoratu zuen «sentsibilitate guztietako» alderdi independentistek bat egin dezaketela «batasun bat» osatzeko.

PDeCATeko liderrek esan dute zerrenda bateratu bat osatu nahi dutela Europako Parlamenturako hauteskundeetarako, baina uste dute ANCren proposamena bezain «arrakastarako aukerarik gabeko» proiektua dela. Hala ere, datozen egunetan batzartuko dira berriz, Carles Puigdemontek zuzendutako Crida Nacionalean parte hartzeko aukera aztertzeko. «Proiektua zertan datzan jakin arte zaila egingo zaio alderdi honi erabaki bat hartzea», aitortu du Bonvehik, baina ez du atzera bota ados jartzeko ideia.

Zerrenda bateratua proposatzeaz gain, urriaren 1erako lanuztera deitzea aztertzen ari da ANC, joan zen urteko erreferenduma «goraipatzeko». Datozen egunetan, sindikatuekin eta erakunde independentistekin batzartuko da proposamena aztertzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna