Oreka hauskorra agerian

Errusiako Defentsa Ministerioak Israeli egotzi dio Sirian Errusiako hegazkin bat botaraztea, baina Putinek erantzun apala eman dio. Israelen eta Errusiaren arteko tentsio aldirik larriena eragin du

MICHAEL KLIMENTYEV/SPUTNIK/KREML / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Errusiak eta Turkiak Siriako Idlib probintzian erasoaldi bat hastea eragotzi duen akordioa egin eta biharamunean, Siriako gerra hasi zenetik tentsio aldirik larriena piztu da Errusiaren eta Israelen artean. Errusiako hegazkin militar bat bota zuten herenegun arratsean; eskifaiako hamabortz kideak hil zituzten, eta Errusiak Israel egin zuen erantzule. Siriako gerran Moskuren aliatuak Tel Aviven etsaiak dira, baina urteotan bi potentzia militarren arteko lehentasunetako bat izan da elkarren arteko talkak eragoztea. Horregatik, atentzioa eman zuen atzo goizean Errusiako Defentsa Ministerioaren akusazio zuzenak: «Israelgo armadaren ekintzak erasokortzat hartzen ditugu». Baina hasierako erreakzioa bezain deigarria izan zen Vladimir Putin Errusiako presidenteak ondoren egin zituen adierazpenak: «Badirudi kasu honetan akats kate tragiko bat izan dela». Gaineratu zuen «erantzuteko neurriak» izanen direla Errusiak Sirian dituen militarren eta azpiegituren segurtasuna hobetzea. «Eta guztiek izanen dute neurri horien berri».

Gertakaria erronka handia da Putinen eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren arteko harreman onarentzat, eta bi potentzia militarrek Siriako hegoaldean mantendu duten orekarentzat. Hain zuzen, oreka horren hauskortasuna azaleratu baitu. «Akats kate tragiko bat» aipatu zuen Putinek, eta hegazkina gertakari kate baten ondorioz bota zutela ondoriozta daiteke alde guztiek emandako azalpenen arabera. Egoera ongi azaltzen duen gertakari katea.

Guztiek baieztatu dutena da Siriaren aireko defentsak bota zuela hegazkina, Israelgo hegazkin militar bat eraso bat egitera zihoanean —azken urteetan Israelek eraso anitz egin ditu Siria hegoaldean hango armadaren eta Iranen aldekotzat jotzen dituen indarren eta azpiegituren aurka—. Hegazkin horri eman beharrean, ordea, Siriako armadak eremu berean zebilen Errusiako bati eman zion. «Israelgo pilotuak nahita gorde ziren Errusiako hegazkinaren gibelean, eta Siriako aireko defentsaren tiroen bidean paratu zuten», adierazi zuen Igor Konaxenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak.

Errusiak martxa bizian paratu zuen makineria diplomatikoa; Sergei Xoigu Defentsa ministroak Avigdor Lieberman Israelgoari deitu zion kexatzeko eta erantzunen bat emanen zietela jakinarazteko, eta Atzerri Ministerioak Israelgo enbaxadako bigarrena deitu zuen azalpenak emateko. Putinen adierazpenak, ordea, hasierako giroa baretu zuen. Ondoren, arratsaldean, Netanyahurekin solas egin zuen telefonoz. Israelgo lehen ministroaren bulegoaren arabera, Netanyahuk «atsekabea» adierazi zion Putini hildako militarrengatik, baina erru osoa Siriako armadari leporatu zion, eta erran zion Israelek «asmoa sendoa» duela «Irani eragozteko Sirian militarki ezartzea». Borondate oneko keinuren bat ere eskaini zion, ordea: proposatu zion Israelgo aireko armadaren burua Moskura bidaltzea azalpenak emateko

Eguerdiko mezua zertxobait doitu zuen Putinek arratsaldean. Kremlinen arabera, Netanyahuri erran zion Israelek «Siriaren burujabetza urratu» duela, eta leporatu zion Moskuren eta Tel Aviven arteko hitzarmenak ez betetzea. «Israeli eskatu dio halako egoerak saihesteko».

NBEn oniritzia akordioari

Turkiak 2015ean Errusiako hegazkin bat bota zuen Sirian, eta hagitz tentsio aldi handi bat sortu zuen bi herrialdeen artean. Errusiak Israelekin duen harremana bertzelakoa da, ordea, eta oraingo testuingurua, ezberdina. Turkiarekin ere bideratu zuen harreman diplomatikoa, herenegun Idlibi buruz egindako akordioak erakutsi bezala. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ontzat jo zuen atzo akordio hori, zibilen egoerari «lasaialdi bat» emanen diola iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.