Madrilen oniritziaren zain

Nafarroako Gobernuak hainbat aldiz eskatu dio Espainiako Gobernuari 113 milioiko inbertsioa ahalbidetzeko, baina ez du erantzunik jaso. Maria Txibite bitartekaritzarako prest dago

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, Kongresuan. Alboan, Fernando Grande Marlaska. BALLESTEROS / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Denboraz estu dabiltza. Aurreko ostegunean Nafarroako Gobernua babesten duten lau parlamentu taldeek 113 milioi euroko inbertsio plan berezirako lege proposamena aurkeztu zuten, eta euren asmoa da urriaren 4ko osoko bilkuran onartzea. Egitasmo horrek, besteak beste, tokiko erakundeek azpiegituretan 21 milioi euro inbertitzeko egitasmoa jasotzen du, eta obra horiek adjudikatzeko hiru hilabete eskaseko epea lukete udalek. Azken zailtasun bat dago. Espainiako Gobernuak ez du oraingoz ezer esan, ez alde ez kontra. Koldo Martinez Geroa Baiko eledunak atzo azaldu zuenez, Nafarroako Gobernua hainbat aldiz harremanetan jarri da hala Espainiako Gobernuko nola PSOEko zuzendaritza federaleko ordezkariekin, baina oraingoz ez dute erantzun ofizialik jaso. Madrilen zain daude Nafarroan.

Berriro ere erlojuaren aurka lan egin beharko dute laukoak eta gobernuak, iragan urtean bezala. Iaz, adibidez, azken orduan, urte amaieran lortu zuen 2015-2019 eperako ekarpena kalkulatzeko hitzarmena Madrilgo gobernuarekin. Ekarpenaren bidez 2015. eta 2016. urteetan Nafarroak Espainiari gehiegi ordaindu zionez,iaz diru hori itzuli egin behar izan zion Madrilek, eta, hein batean, foru erkidegoak horri esker izan zuen 215 milioi euroko superabita.

Ezohiko diru hori lortuta, eztabaida politikoaren erdian egon da zer egin 215 milioi euro horiekin. Urte hasieratik laukoa saiatu zen zati bat inbertsio publikorako erabiltzen, baina Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministro ohiak, gastu-araua bete behar dela argudiatuz, behin eta berriz ohartarazi zuen 215 milioi euroak osorik zorraren amortizaziorako erabili behar zirela. Laukoak ihardetsi zion Finantza Egonkortasunerako Legeak berak ahalbidetu zezakeela zati bat inbertsiorako erabiltzea, baina azken hitza Montororen menpeko erakunde batek zuen.

Maiatzean Espainiako Gobernuan izandako ustekabeko aldaketak bigarren aukera bat ireki dio laukoari. Pedro Sanchezen gobernua prest agertu da administrazio guztietako aurrekontuetarako arauak malgutasun handiagoz aplikatzeko, eta hitz horiek nolabaiteko isla izan zuten uztailaren 3an, estatuko aurrekontuen legearen onarpenean.

Xedapen gehigarri baten arabera —116.a, hain zuzen—, aurreko urtean superabita egonez gero eta aurrekontu egonkortasunaren irizpideak eta zor publikoaren helburuak betez gero, aukera badago «2017ko superabiteko dirua inbertsio iraunkorrerako erabiltzeko». Xedapen horren arabera, iraunkorra izan dadin, inbertsioak «epe luzekoa» izan behar du, eta «finantza publikoen iraunkortasunean zein hazkunde ekonomikoan eragin zuzena eta egiaztagarria izan behar du». Laukoak uste du irizpide guztiok bete dituztela, eta legearen araberakoa dela proposamena.

Haatik, Espainiako Gobernuak interpretatuz gero gastu-araua ez dela betetzen, inbertsio hori blokeatzeko aukera du. Horregatik, Nafarroako Gobernuak hainbat aldiz ahalegindu da Madrilen onespena lortzen, arrakastarik gabe. «Espero dezagun inongo arazorik ez dela egongo. Inbertsioak behar bezala justifikatuta daude, eta gizarte arloko edukia dute», azaldu zuen Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, atzo.

PSNri deia

EH Bilduko Adolfo Araizek ez du uste inbertsio horiek Espainiako Gobernuaren baimenik ere behar dutenik, legearen araberakoa baita proposamena. Era berean, gogoratu du urtarrilean Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak parlamentuko mozio batean adierazi zuela 215 milioi horietatik zati bat inbertsiora zuzentzea «borondate politikoaren kontua» baino ez zela. Une hartan ez zegoen PSOE Espainiako Gobernuan, baina Araizek eta Koldo Martinezek borondate politiko hori bera erreklamatu diote orain Txibiteri.

Haatik, PSNko buruzagia orain zuhurrago mintzo da. Atzo, kexu azaldu zen Nafarroako Gobernuko inor ez zelako berarekin harremanetan jarri. Era berean, bi gobernuen artean «bitartekari lanak egiteko prest» agertu zen Txibite, baina ohartarazi zion Iruñeko gobernuari legea bete behar duela. «Ez dakigu Nafarroako Gobernuak Egonkortasun Legea bete ote duen edo kontabilitate irizpideen arteko desadostasun soil bat ote den. Hitz egin behar da eta konpondu aurrera atera dadin».

Oposizioko beste bi alderdiek ere defenditu dute 113 milioi inbertsiorako erabiltzea, baina UPNk «hauteskunde kutsua» ikusi dio egitasmoari. PPren ustez, berriz, hobe luke Nafarroako Gobernuak lehenik Madrilen baimena lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.