Gidaria aldatuta, bide beretik

Annegret Kramp-Karrenbauer hautatu dute CDUko presidente. Merkelek lasaitua hartu du, eta kantziler karguan agintaldia betetzeko bultzada jaso du. Primarioek barne zatiketa islatu dute
Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko presidente hautatu berritan, atzo, Hanburgon. Ondoan du Angela Merkel Alemaniako kantzilerra.
Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko presidente hautatu berritan, atzo, Hanburgon. Ondoan du Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. CLEMENS BILAN / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abenduak 8
Aro berri batean murgildu da Alemaniako alderdirik indartsuena, CDU Batasun Kristau-Demokrata, modu batera edo bestera bada ere. 18 urtean lehenengoz, presidente berria du, baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hutsik utzi duen kargua haren antzeko ideiak dituen politikari batekin bete dute alderdikideek: Annegret Kramp-Karrenbauer da atzodanik CDUren buruzagia, eta, beraz, 2021ean Alemaniako kantziler izateko hautagai nagusia. Kramp-Karrenbauer 25 botoren diferentziarekin gailendu zitzaion Friedrich Merz eskuindarren presidentegaiari, eta lehia horrek agerian utzi zuen alderdiaren barne zatiketa, askorentzat beharrezkoa baita Merkelekiko haustura sustatzea, eskuinera eginez; hori, ordea, ez du irudikatzen CDUren presidente berriak. Alemaniako kantzilerrak, beraz, lasaitu ederra hartu du, gobernuburu karguan jarraitzeko sekulako bultzada izan baita Kramp-Karrenbauerren garaipena.

Orain, trantsiziorako urteak ditu aurretik alderdiak. CDUren presidenteak datozen asteotan argituko du zer bide hartuko duen, zer lehentasun izango dituen eta, finean, zer egingo duen eskuin muturraren gorakada gelditzeko, hori baita alderdikideen artean dagoen kezkarik handiena: boto emaileak berreskuratzea. Gauza bat argi utzi zuen atzo, primarioen emaitzak jakin eta berehala: «Askok diote [Merkelen] kopia bat naizela, gauza bera irudikatzen dudala, baina argi eta garbi esaten dizuet hemen neure burua ikusten duzuela, ni gisa aurkeztu naizela. Gureak diren ideiak behar ditugu, eta ideia onenen alderdia izango gara. Europako azken adarbakarra da CDU!».

Epe laburrera begira, helburu nagusia izango du barne kohesioa lortzea, eta horretarako profil aproposa du: kontsentsuaren politikaria da, barne joerak batu ditzakeena, primarioetako beste bi hautagaiak ez bezala. Eta, gainera, Merkelekin harreman ona du, hori ezinbestekoa izango baita datozen urteetako barne orekei begira.

Bigarren itzulian, larri

Merz izan du aurkari nagusia, sektore eskuindarraren ordezkaria. Lehen itzulian, botoen %45 zituen CDUren presidenteak, eta %39 Merzek; bigarren itzulia egin zuten, eta orduan izan zen garaile Kramp-Karrenbauer, botoen %51,7rekin.

Kramp-Karrenbauerren gorakadak erakutsi du zeinen garrantzitsua den une egokian toki egokian egotea: duela bi urte, Sarreko landerreko ministro-presidentea zen, eta zailtasunak zituen karguan jarraitzeko. Iaz, Martin Schulz sozialdemokraten buruzagi hautatu zutenean, SPD goranzko joera batean murgildu zen, eta, CDUn asko beldurtu egin ziren arren, Kramp-Karrenbauer izan zen olatu hori gelditu zuena, Sarreko hauteskundeetan botoen %40,7 eskuratuta; iazko martxoa zen, eta garaipen horrek nazio mailako politikan sartzeko ateak ireki zizkion.

Iragan otsailean, Merkelek alderdiko idazkari nagusi hautatu zuen, eta bere ondorengo izateko bidea ireki. Hautu segurua irudikatzen zuen, eta horren alde egin zuen atzo ordezkarien gehiengoak, Merkelen bideak oraindik kilometroak dituelakoan. Lehen hitzordu garrantzitsua datorren maiatzean izango du CDUren presidenteak, Europako Parlamenturako bozetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna