Beste joera baten zantzuak

Trump AEBetako presidente denetik, Israelek areagotu egin ditu Zisjordanian kokaguneak eraikitzeko planak. 238 kokaleku daude egun. 1977an, 4.400 kolono zeuden; 2017an, 413.400

Iazko urrian, palestinar batek bi israeldar hil zituen. Abenduan, armadak haren familiaren etxea eraitsi zuen, Tulkaremen, Zisjordania iparraldean. ALAA BADARNEH / EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente bilakatzeak mesede besterik ez dio egin Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari. Urteak pasatu ahala, Barack Obama AEBetako presidentearen eta Netanyahuren arteko harremana gero eta okerragoa bilakatu zen, eta bi agintarien arteko mesfidantza agerikoa zen; batak besteari hainbat gauza leporatu zizkion Israelen eta Palestinaren arteko harremanaz. Orain, ordea, Netanyahuk haren neurrien aldeko jarrera duen politikari bat du Etxe Zurian, eta horrek ahalbidetu dio palestinarren aurkako neurriak zalantzarik eta beldurrik gabe hartzea. Israel AEBen inoizko babesik handiena jasotzen ari da, eta jarrera horrek eragin zuzena izan du Tel Aviven Zisjordaniarako kolonizazio planetan: Trumpen agintaldiko lehen urtean, 2017an, eraikitze lanen kopuruak behera egin zuen, 3.066tik 1.643ra, Obamaren agintaldiaren azken urteetako presioen ondorioz. Baina, iaz, eraikitze lanen kopurua %20 handitu zen urtarriletik irailera, Peace Now taldearen datuen arabera.

Gorakada hori ez da kasualitatea. Trump AEBetako presidente dela, eta kontrakorik esaten ez duela baliatuta, Israelgo Gobernuak eraikitze lanen eta, beraz, kolonoentzako etxebizitzen kopurua handitu nahi du datozen urteotan. «Gobernuak uste du dena dagoela onartuta, eta hori egiteko garai egokia orain dela, inoiz ez duelako hainbesteko babesik jaso AEBetako Gobernutik», argudiatu du Peace Now taldearen Kokaguneen Behatokiko Hagit Ofranek.

Etxe Zurian izandako aldaketaren adibide da Israelgo Gobernuak etxebizitzak eraikitzeko atera dituen lizitazioak. Kopuruak gora egin du azken urteotan, eta kasu horretan ere sumatu da Obamaren eragina: 2016an, haren agintaldiko azken urtean, Tel Avivek 42 lizitazio atera zituen; 2017an, Trump boterera iritsi zenean, Tel Avivek 3.154 lizitazio atera zituen; eta, iaz, are gehiago, 3.808. Lizitazioen gorakadak, beraz, datozen urteotan kokaleku gehiago eraikitzeko oinarriak jarri ditu.

Israeldarrek, gora urtero

Peace Now taldearen datuen arabera, Zisjordanian hiru milioi pertsona inguru bizi dira egun. Horietatik, palestinarrak dira 2,8 milioi, eta kolonoak 413.400 —Jerusalem ekialdean, 200.000—.

1977az geroztik, gora besterik ez du egin kolonoen kopuruak Zisjordanian. Urte horretan, 4.400 ziren israeldarrak, eta 2017an, 40 urte geroago, 413.400, Israelgo Estatistika Bulego Zentralaren arabera.

Horiek guztiak 132 kokagunetan daude banatuta, eta kopuru horri beste 106 kokaleku gehitu behar zaizkie, Israelgo Gobernuaren baimenik gabe eraikitakoak, eta, beraz, legez kanpokoak direnak Israelgo legediaren ikuspuntutik. Gainontzekoak, aldiz, legezkotzat ditu. 2017ko otsailean, esaterako, palestinarren lur pribatuetan eraikitako 53 kolonia —4.000 bat etxe— legeztatu zituen Israelgo Parlamentuak, Zisjordanian. Erabaki horren bidez, Israelen kontrolpean dagoen Zisjordaniako eremua (C gunea) estatuaren lur izendatu zuen Tel Avivek.

Lehen kokagunea 1967an eraiki zuten, Jerusalem eta Hebron artean: Gush Etzion.

Israelgo indar armatuek 240 palestinar hil dituzte zortzi hilabetean, iaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.