Noiz sortua: 2019-01-29 00:30:00

Jerusalemgo tranbiaren lehia uzteko eskatu diote langileek CAFi

«Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu behar», ziurtatu du langile batzordeak. BDSren boikoterako deiari jarraituz egin dute eskaera langileen ordezkariek
Andres Arizkorreta CAFeko buruzagia, Irungo lantegian, iazko irudi batean.
Andres Arizkorreta CAFeko buruzagia, Irungo lantegian, iazko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 29

Euskal enpresek atzerriko kontratuetan lehiatzerakoan faktore etikoak ere aintzat hartzeari buruzko eztabaida mahai gainean jarri du CAFeko langile batzordeak. Aho batez eskatu dio zuzendaritzari ez dezala parte hartu Jerusalemgo tranbia linea berria hornitzeko lehiaketa publikoan. «Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik», argudiatu dute CAFeko langileen ordezkariek.

LABek jakinarazi duenez —sindikatu horrek du boto gehien Beasaingo lantegi nagusian—, tranbia proiektuak polemika handia piztu du nazioartean, lurralde okupatuan egitea baita asmoa, palestinarrei desjabetutako lurretan, gainera. «Proiektua legez kontrakoa da; bai trazatuagatik, bai diskriminatzailea delako, Palestinako lurretan kolonoek modu esklusiboan erabiltzeko izango baita. Ez dugu ulertzen nazioarteko legezkotasunaren, etikaren eta elkartasunaren aurkako lanak zer alderdi positibo eskain diezaiokeen CAFi».

Langile batzordeak gogorarazi duenez, «NBEko segurtasun batzordeak, osoko bilkurak zein Nazioarteko Justizia Gorteak, ebazpen ugariren bidez, aipatutako tranbia horrek zeharkatuko dituen lurraldeak okupatzearen aurka daudela adierazi izan dute».

LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek dute ordezkaritza Beasaingo CAFen langile batzordean, eta guztiek diote edozein tranbia proiektuk Jerusalemen palestinarren legezko ordezkarien babesa izan beharko lukeela. Kasu honetan ez dute babes hori inondik inora ikusten. Azpimarratu dute palestinarrek «erabat» baztertu dutela proiektua, eta lan hori egiteak gaitzespen sozial handia eragingo lukeela Euskal Herrian eta mundu osoan.

Lehen aldia da arrazoi etikoak argudiatuta CAFeko langile batzordeak eskatzen diola enpresako zuzendaritzari nazioarteko proiektu batean ez esku hartzeko. Oraingoz ez dute enpresaren erantzunik jaso, lehen eskaera jendaurrean egitea hobetsi baitute sindikatuek. Enpresak zer esango dien ez dakitela onartu dio Iban Pajares LABeko ordezkariak BERRIAri.

BDS mugimenduak ohartarazi zien CAFek parte hartu nahi zuela Jerusalemgo tranbiaren kontratuan. Israelgo produktuen aurkako boikota eskatzen duen nazioarteko mugimendu bat da BDS (Boikota Desinbertsioak Isunak, ingelesezko laburduran), estatu horrek palestinarren aurka daraman «zapalkuntza» salatzeko, eta «Israeli presio egiteko nazioarteko legea bete dezan».

Pajaresek onartu egin du «kontraesanak» sor ditzakeela giza eskubideak modu nabarmenean bortxatzen dituen lurralde batzuk boikotatzeak eta beste batzuk, ordea, ez. CAFi dagokionez, kasurik nabarmenena Saudi Arabiarena izango litzateke. Herrialde hartako SAR konpainia publikoari sei diesel tren eman zizkion 2013. urtean. Herrialde hartan ere, Meka eta Medina arteko abiadura handiko trenak hornituko ditu Euskal Herrian fabrika bat duen beste enpresa batek, Talgok —lantegia du Ribabellosan (Erriberabeitia, Araba)—.

Askatasun demokratikoak gutxi zaintzeagatik salaketa handiak jasotzen dituzten beste herrialde batzuetarako ere lan egin du CAFek, hala nola Txina, Aljeria eta Turkiarako. «Egoerak ez dira guztiz berdinak, eta guk boikot kanpaina baten barruan hartu dugu erabakia», azaldu du Pajaresek.

Proiektu eztabaidatua

Jerusalemgo tranbia 2011. urtean inauguratu zuten, eta gaur egun ibilbide bakarra betetzen du —linea gorria—. BDSren presioaren ondoren, Veolia konpainia frantziarrak linea hori kudeatzeari utzi zion. Linea gorria zabaldu nahi du orain hiriko udalak, eta beste bi linea gehitu: berdea —haren lehiakideen artean dago CAF— eta urdina. Guztiak kolonietatik igarotzen dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 24ko datuekin eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da hildakorik izan, 23 positibo berri detektatu dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.474 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.013 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ikasle bat ikasgelan, Donostiako Axular Lizeoan. ©Gorka Rubio / Foku

Eskola «gutxitan» itzuli dira ikasgelara, sindikatuen arabera

Berria

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, ikastetxe «gutxi» izan dira gaur ateak ireki dituztenak. Sindikatuek protesta egin dute Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aitzinean.

Ikasgelara itzulera

Abian da itxialdiaren bigarren arindua

Berria

Konfinamendua samurtzeko neurriak ugaritu direla agerikoa izan da gaur; hondartzetan, makrodendetan, ostatuetan eta eskoletan aldaketa eguna izan da. Sindikatuek ohartarazi dute arretaz aztertuko dutela ea ikasleak eta irakasleak segurtasunez itzultzen ari diren eskolara, eta hala ez bada mobilizazioak egingo dituztela nabarmendu dute.

 

Gazte bat etxean ikasten itxialdi garaian. ©Raul Bogajo / Foku

Hego Euskal Herriko biztanleen %45ek «ondoeza» sufritu dute konfinamenduan

Edurne Begiristain

Konfinamenduak herritarrengan izan dituen ondorio psikologikoak aztertu ditu EHUk zuzendutako ikerketa batek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna