Nafarroa %3,2 hazi zen iaz, urte amaiera motelagoa izan arren

Urteko azken hiruhilekoan %0,4 baizik ez zen hazi BPGa: tasarik txikiena 2014az geroztik. Aierdik %2,7ko hazkunde iragarpenari eusten dio aurtengo, baina dudak dituzte. Italia atzeraldian sartu da

Iker Aranburu -

2019ko otsailak 1
Nafarroak %3tik gorako hazkundeari eutsi dio 2018an. Bigarren urtez jarraian, %3,2 hazi da lurraldeko barne produktu gordina, baina datu soil horren atzean bi errealitate daude. 2017an, hazkundea bizkortzen ari zen ekonomia bat zen, Volkswagen motor nagusiaren aldi baterako geldialdia gorabehera —lantegia Polo berrira egokitzeko—. 2018an, berriz, indarra galtzen aritu den ekonomia bat izan da. Hori argi ikusten da urte amaierako datuan: hiruhileko batetik bestera %3,3tik %3ra jaitsi da hazkunde erritmoa.

2017an bezala, 2018an ere Landabenek zeresana izan du azken datu horretan. Izan ere, urteko azken laurdenean fabrika hainbat egunez itxi dute, motor falta zegoelako, CO2 isuriak neurtzeko sistema berriaren eta dieselaren gainbeheraren ondorioz. Arazo horri batuz gero nazioarteko ekonomiaren geldotzea, urteko azken hiruhilekoan %0,4 baizik ez da handitu BPGa, eta hori kopururik txikiena da 2014 hasieraz geroztik. Berdin gertatu zaie Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari ere: %0,5eko hazkundea txikiena izan da azken lau urteetan, eta horretan Mercedesen geldialdiak zeresana izan duela azaldu du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak.

Nafarroan, azken datuak bi iragarpenak hautsi ditu: txiki utzi du iaz urte hasieran egindakoa (%2,7), eta hamarren bat gainditu du udan egindakoa (%3,3). Edonola ere, «hazkunde esanguratsua» izan dela aldarrikatu du Manu Aierdi Nafarroako Ekonomikoaren Garapenerako lehendakariordeak, eta sektore batzuen ahultzea (kontsumoa eta esportazioak) konpentsatu duela beste batzuen indarrak (inbertsioak).

Aurtengo, %2,7ko hazkunde aurreikuspen bati eusten dio Nafarroako Gobernuak, baina «zuhurtzia» handiarekin, onartu baitu agian jaitsi egin beharko dutela nazioarteko egoera kaskartzen bada. «Ikusi behar dugu arriskuak gauzatzen ote diren».

Italia, atzeraldian

Hazkundearen moteltzea orokorra da, eta, neurri batean, gehiago eragin die beste eremu batzuei. Esaterako, eurogunean %1,8 handitu zen BPGa joan den urtean: tasarik txikiena 2014. urteaz geroztik. Urtearen bigarren erdian gertatu da mantsotzea: hiruhileko arteko hazkundea %0,4 izan zen urtearen lehen erdian, eta %0,2 bigarrenean. Horrela, urte amaieran ekonomia %1,2ko erritmoan hazten ari zen, urte hasierako %2,4tik oso urrun.

Datu kaskarrena Italiak eman du, atzeraldi teknikoan sartu baita, azken bi hiruhilekoetan hazkunde negatiboa izan duelako (-%0,1 hirugarrenean eta -%0,2 laugarrenean). Emaitza hobeak eman dituzte euroguneko beste hiru potentzia handiek: Espainia %2,5 hazi zen iaz, eta Frantzia eta Alemania, berriz, %1,5.

Ekonomiaren moteltzea eragina izaten ari da enpleguan ere: abendutik irailera %8,6tik %8ra jaitsi zen langabezia tasa eurogunean, baina, orduz gero, %7,9ra baizik ez. Azarotik abendura, ez da txikitu tasa, nahiz eta Eurostatek 75.000 langabe gutxiago zenbatu dituen. 12.919.000 lagun daude lanik gabe eurogunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna