2023rako, autorik zikinenak hiriguneetatik atera nahi ditu Espainiako Gobernuak

2030. urterako, energia kontsumoaren %42 iturri berriztagarriekin bete nahi luke Espainiako Gobernuak. Espainiako Klima eta Energia Planaren zirriborroa egin du

Diesel auto eta kamioi zaharrei zirkulatzea debekatzen dien seinalea, Hanburgon. SFOCKE STRANGMANN / EFE.
Irune Lasa.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Energiaren sorkuntza eta garraioa izango dira trantsizio energetikoaren jokaleku nagusiak. Alegia, energi iturri berriztagarriak eta auto elektrikoak izango dira protagonistak datozen urteetan, nahitaez, munduak jorratubehar duen deskarbonizazio prozesuan.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuak nahi du hamabi urteren buruan, 2030. urterako, herrialdearen argindar kontsumoaren%74 eta energia kontsumo osoaren %42 iturri berriztagarriekin betetzea. Horrez gain, energia iturri kutsatzaileena, ikatza, jada ez litzateke erabiliko ordurako. Dena den, Espainian ikatzaren amaiera lehenago iritsiko dela uste dute aditu askok.

Iturri garbi horien artean, azpimarratzekoa da Ministroen Kontseiluak atzo onartuko Espainiako Klima eta Energia Planaren zirriborroak energia eoliko gehiago aurreikusten duela, eguzki energia fotovoltaikoa baino: 2030ean, energia eolikoa litzateke argindar iturri nagusia, 50 GWeko instalatutako potentziarekin, eta fotovoltaikoak 37 GW izango lituzke —27 GW gasezko ziklo konbinatuko zentralek—.

Bost milioi auto elektriko

Garraioaren deskarbonizazioa da Espainiako Gobernuaren planaren beste apustu handi bat, hori betetzen ez bada nekez beteko baitira beste helburuak. Eta garraio moduak errotik aldatzeko neurri indartsua iragartzen du: 2023. urtetik aurrera auto kutsatzaileenei mugak jartzea hirien erdigunera sartzeko 50.000 biztanletik gorako hirietan. Biztanle kopuru horretatik gora daude Hego Euskal Herriko lau hiriburuak, Barakaldo (Bizkaia), Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa).

Gaur egun, auto elektrikoak ez dira 37.000 aleetara iristen Espainian, baina hamabi urte barru bost milioi egotea aurreikusi du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak.

2030erako herrialdearen interkonexio elektrikoa %15era handitzeko, berriz, Frantziarekinaurreikusitako goi tentsioko loturei eusten die Espainiaren planak. Horietatik bi pasatuko dira Euskal Herritik: tarte bat itsaspean eginez, Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Frantzia) lotuko dituena, eta Iruñea eta Cantegrit (Frantzia) lotuko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.