Azkena, gertukoekin

Elizkizun batekin esan diote agur Arzalluzi, Azkoitian. Urkullurentzat, «Euskadi osoak» zor dio aitortza, «erakundetzearen aldeko lanagatik»
Herritarrak eta politikariak Xabier Arzalluzi azken agurra ematen, atzo, Azkoitian.
Herritarrak eta politikariak Xabier Arzalluzi azken agurra ematen, atzo, Azkoitian. JUAN HERRERO / EFE

Erredakzioa -

2019ko martxoak 3
Atzo arratsaldean egin zioten azken agurra Xabier Arzalluz EAJko buruzagi historikoari, bere jaioterrian, Azkoitian (Gipuzkoa). Leporaino bete zuten Andre Mariaren Jasokundearen parrokia. Gertukoenen txanda izan zen adio esateko: senide, lagun eta bizilagunena. Elizkizun soila izan zen. Atarian, baina, omenaldi xume bat egin zuten. Hilkutxa lepoan hartuta sartu zuten elizan. Gazte batzuek, ikurrinak eskuetan zituztela, korridore bat osatu zuten; «Gora Euskadi askatuta» oihukatu zuen gizon batek, eta «gora» ozen batekin erantzun zioten han bildutakoek, txalo artean. Elizkizuna amaitu, eta hilkutxa elizatik atera ondoren, Eusko gudariak ereserkia abestu zuten han zeuden batzuek.

Ostegunean hil zen Arzalluz, eta ordutik atzo arte Bilboko Begoñako beilatoki batean izan zen; handik pasatu ziren alderdietako ordezkari ugari. Arratsaldeko elizkizunean ere izan ziren, besteak beste, EAJren zuzendaritzakoak, Andoni Ortuzar presidentea buru zutela, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, sailburu jeltzaleekin. Haiekin batera iritsi ziren Generalitateko Miquel Buch Barne kontseilaria eta Eduard Pujol Junts per Catalunyako kidea. Elizkizunean izan ziren, halaber, Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria; Gipuzkoako eta Bizkaiko ahaldun nagusiak; Donostia, Bilbo eta Gasteizko alkateak; eta EH Bilduko Arnaldo Otegi, PSEko Idoia Mendia, EAko Pello Urizar, Ahal Dugu-ko Roberto Uriarte, ERCko Gabrile Rufian eta PDeCATeko Marta Pascal, besteak beste. Gizarte zibileko ordezkariak ere izan ziren: Gure Esku Dago-ko Angel Oiarbide, eta Pedro Etxenike zientzialaria, adibidez.

Goizean, Jaurlaritzako sailburu jeltzale guztiek ekitaldi bat egin zuten Bilboko beilatokian. Arzalluzek «Euskal Herriaren kausarekin izandako konpromisoa» nabarmendu zuen Urkulluk. Lehendakariaren hitzetan, «Euskadi osoak» zor dio aitortza, besteak beste, «herri honen erakundetzearen alde» egindakoagatik.

EAJren Aberri Batzarrak ere omenaldia egin zion goizean, hauteskundeak prestatzeko bilera baten ostean. Adierazpen bat irakurri zuten, eta minutu bateko isilunea egin. «Alderdi hau den bezalakoa bada, neurri handi batean, hari esker izan da», azpimarratu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna