Europako Batasunak fronte bateratua erakutsi nahi du gaur Txinaren aurrean

Macronek Merkel eta Juncker ere gonbidatu ditu Parisen Xirekin biltzera. Parisek eta Berlinek mesfidantzaz ikusi dute Italiak zetaren bide berriarekin bat egitea

Xi Jinping eta Emmanuel Macron lore eskaintza bat egiten, atzo, Parisko Garaipen Arkuan. FRANÇOIS MORI / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Txinarekiko estrategia aldatu nahi dute Frantziak eta Alemaniak. Orain arte, Europako Batasuneko kideek banan-banan tratatu dute Asiako potentziarekin, baina, horrela negoziatuta ahul direla eta galtzeko asko dutela ikusita, fronte bateratua indartzeko asmoa dute Berlinek eta Parisek. Gaur bertan erakutsi nahi dute estrategia berria, Parisen; Xi Jinping Txinako presidenteak aurrean izango ditu Emmanuel Macron ez ezik Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea ere.

Xi igandean iritsi zen Frantziara, Italian egun batzuk egin ondoren. Italiako egonaldi horrek berak agerian utzi du EBko herrialdeak oso banatuta daudela Txinarekin izan beharreko harremanei buruz. Izan ere, Alemaniaren, Frantziaren eta Batzordearen beraren atsekaberako, bisita horretan bat egin du Italiak ofizialki Xiren proiektu kutunarekin, zetaren bide berriarekin. Antzinako merkataritza bidea gogoan, Europaren, Asiaren eta Afrikaren arteko harreman komertzialak sakontzeko bide gisa saldu du proiektua Pekinek, baina mesfidantzaz ikusten dute Bruselan eta Washingtonen, uste baitute Txinaren tresna bat dela bere eragin politikoa eta ekonomikoa hedatzeko.

Italia da harekin bat egin duen EBko herrialde nagusia, baina ez bakarra: Portugalek, Poloniak, Kroaziak, Greziak, Hungariak, Txekiar Errepublikak eta Maltak jada sinatu dute ituna, eta beste bostek ere asmoa adierazi dute, espero baitute haren bidezazpiegitura batzuk finantzatu ahal izango dituztela.

Arrakalak zabaldu aurretik Xiri fronte bateratu bat aurkezteko helburua du gaurko bilerak. Le Monde egunkariak kaleratutakoaren arabera, politika horren lehen erakusgarria izan daiteke EBk aldebikotasuna derrigorrezko egitea merkatu publikoen banaketan. Hau da, Txinako enpresek soilik parte hartu ahal izatea EBko lehiaketa publikoetan baldin eta Europako enpresek aukera berak badituzte Txinako lehiaketetan esku hartzeko. Txinarentzat ez ezik beste herrialde guztientzat ere balioko duen neurri bat da hori.

EBko agintariek aho batez onartu zituzten baldintza horiek joan den asteko Europar Kontseiluan. Batzordearen aspaldiko asmoa zen, baina Alemaniak trabatzen zuen, ez baitzuen oztoporik nahi Txinarekin duen merkataritza harreman sakonean. Bana Txinako enpresa batek Kuka robotika enpresa alemaniarra erosi izanak erakutsi dio Berlini etorkizuneko sektore askoren kontrola galtzeko arriskua daukala, eta babes neurri batzuk hartu behar dituela.

Ados eta kontra

Gaurko bilera testuinguru berezi batean gertatuko da. Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerrek leku bitxi batean jarri dute Europako Batasuna. Batetik,Txinarekin bat egiten du EBk, aldarrikatzen baitu merkataritza librearen alde eta protekzionismoaren aurka dagoela. Baina, bestetik, ados dago Trumpek Txinaren aurka egiten duen salaketa batekin: Txinako enpresak Mendebaldekoen jabetza intelektuala lapurtzen aritu direla, Pekingo agintariek finkatutako inbertsio arauen bitartez.

Duela bi aste, Txinako Parlamentuak atzerriko inbertsioak errazteko lege bat onartu zuen. Legeak Bruselara eta Washingtonera begira egindakoa dirudi, haren artikulu batek espresuki debekatzen baitu administrazioak «teknologiaren transferentzia behartzea». Kontratu publikoetan «tratu bera emango zaie txinatarren eta atzerrikoen enpresei eta zerbitzuei», esaten du legeak. Ikusteko dago lege horrek eragina ote duen Txinaren eta AEBen arteko negoziazioetan. Ostegunean dira Txinara joatekoak Robert Lighthizer AEBetako merkataritza gaietarako negoziatzailea eta Steven Mnuchin Altxorreko Estatu idazkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.