Zaballako azken hildakoaren familiak bide juridikoak agortuko ditu

«Arrotza» gertatu zaie senideei gaztearen heriotza, eta uste dute «arraroa» dela aurretik «alarmarik» egon ez izana. Salhaketak elkarretaratzera deitu du biharko, 12:00etan, gertatua salatzeko

Zendutako gaztearen izeba eta aita, Salhaketak atzo eman zuen prentsaurrekoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Iragan astearen hasieran Zaballako espetxean (Araba) zendutako gaztearen senideek auzitara joko dute «gertatutakoa argitzeko». Presoaren aitak eta izebak ezagutarazi dute Jonathan Costillas Rituerto izena zuela, 1994an jaioa zela, eta duela hamar hilabete zegoela preso Espainiako Estatuaren ardurapean. Hain justu, administrazioaren zaintzapean zegoela hil zenez, erantzukizunak eskatuko dituzte, hari zegokiolako zendutakoaren segurtasuna bermatzea.

Heriotzaren berri izan eta aste batera azaldu dute hori gaztearen senideek. Salhaketako kideekin batera agertu ziren hedabideen aurrean, atzo. Ez zuten hitza hartu, baina zehaztu zuten garrantzitsua zela agerraldian egotea Jonathan Costillas Rituertori «aurpegia jartzeko», kartzelan hildakoen zerrendan beste «zenbaki bat gehiago» izateari utz diezaion. Elkartearekin adostutako testu baten bidez azaldu zuten azken astean bizitakoa. Halaber,administrazioari hainbat eskaera egin zizkioten agirian, espetxean hildakoen senideek ez dezaten bizi haiek pairatu dutena.

Lehenik eta behin, jakinarazi dute «arrotzak» gertatu zaizkiela gaztearen heriotzaren nondik norakoak. Espetxeko agintariek ezagutarazitakoaren arabera, bere buruaz beste egin zuen, zazpigarren moduluan bizitoki zuen ziegan. «Arrarotzat» jo dute aurretik horri buruzko alarma abisurik egon ez izana. Gogora ekarri dute kartzeletan halako gertaerak eragozteko protokoloak daudela, eta adierazi dute posible zela azken heriotza hori galaraztea.

Senideei «arretarik ez»

Idatzian azaldu dutenez, aurreko asteko astelehenean espetxetik dei bat jaso zuten senideek, gazteak bere buruaz beste egin zuela esanez. Dei hori izan da kartzelarekin izandako harreman bakarra: bertako zuzendaritzak ez die elkartasunik adierazi, ezta laguntzarik eskaini ere. Epaitegietara jotzeko esan zieten deian, baina itxita zeuden bertaratu zirenean. Bost egun pasatu arte ezin izan zuten ikusi senidearen gorpua. Are, jakinarazi dute «tratu tamalgarria» eman zietela epaitegietara joan zirenean gorpua ikusteko eskatzeko. Horrez gain, heriotzaren berri eman zietenetik aste bat igaro den arren, senideek ezin izan dituzte eskuratu Costillas Rituertok espetxean zituen ondasunak eta gutunak. Salatu dute jarraibide «kontrajarriak» eman dizkietela kartzelan eta epaitegietan.

Salhaketak hausnartu du bitan biktimizatu dituztela Zaballan hildako azken pertsonaren senideak. Elkarteak gaineratu du espetxeko agintariek eta epaitegietako arduradunek ez dutela «ez sentsibilitatez, ez zintzotasunez» jokatu. «Aspalditik salatu dugun moduan, kasu honetan ez dira bete gutxienekoak». Cesar Manzanos Salhaketako eledunak nabarmendu du horri «aurre egin behar» zaiola, eta, senideek egindako eskaeren ildotik, zenbait proposamen egin ditu: fiskalak ofizioz iker ditzala espetxean gertatzen diren heriotza guztiak; espetxe zuzendaritzek familiei informazioa ematea, eta ez gorpua «alfonbra azpian» ezkutatu nahi izatea; senideei laguntza ematea...

Horrez gain, eskatu du gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzeko, eta droga menpekotasunak dituztenentzako programak lehenesteko, espetxeetatik kanpo. «Kartzeletan arriskua dago droga menpekotasunak agertzeko edo areagotzeko». Horrez gain, Espainiako Zigor Kodea aldatzea galdegin du, zigorrak «beharrik gabe» luzatzen dituelako. Azkenik, espetxeetan «pilaketarik» gerta ez dadila eskatu du.

Zaballan, heriotza bat hileko

Salhaketako eledunak gogora ekarri du Zaballan hiru preso hil direla urte hasieratik. Horren harira, Espainiako espetxeetako funtzionarioen elkarte batek emandako datu bat gehitu du: lau hilabetean 63 pertsona hil dira estatuko kartzeletan. «Ez dakigu zer interes dituen elkarteak datuak jakinarazteko, baina pozten gara heriotza horiek agerian utzi dituztelako». Hain zuzen ere, Salhaketak hainbatetan kritikatu du espetxeetako zuzendaritzek gero eta gehiago isilarazten dituztela horien barruan gertatutako heriotzak. Manzanosek gehitu du beste pertsona asko hil ohi direla espetxetik atera eta gutxira. «Barruan hil ez daitezen ateratzen dituzte, estatistikak handi ez ditzaten».

Zehaztu du espetxe barruko heriotza horiek ez dutela izan «ageriko arrazoirik». Ordea, horien atzean estatuaren jazarpena dagoela iradoki du: «Heriotza zigorra modu estrajudizialean aplikatzea da». Azken heriotza eta aurreko guztia salatzeko, elkarretaratze batera deitu dute biharko, 12:00etan, Espainiako Gobernuaren Gasteizko ordezkaritzaordearen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.