Fiskal nagusiak ondorioztatu du Trumpek ez zuela deliturik egin

Barrek AEBetako presidentearen kanpainaren eta Errusiaren ustezko harremanari buruzko ikerketaren berri eman du. Trumpek tonu ironikoan erantzun du: «Nire presidentetzaren amaiera da»

William Barr AEBetako fiskal nagusia, atzo, Muellerren ikerketaren berri ematen. ERIK S. LESSER / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
William Barr Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) fiskal nagusiak atsedenaldia eman dio Donald Trump herrialdeko presidenteari. 23 hilabeteren, 500 bat miaketaren, 2.300 zitazioren eta hainbat galdeketaren ostean, Robert Mueller fiskal bereziak iragan hilabetean eman zion Barri Trumpen 2016ko presidentetzarako bozetako kanpainaren eta Errusiako Gobernuaren ustezko harremanari buruzko ikerketaren txostena —448 orrialdekoa—, eta fiskal nagusiak atzo ezagutarazi zuen dokumentu hori; AEBetako presidentearentzat, mezu baikorrak besterik ez ziren atera atzo Barren ahotik, txostenari buruz aritu zenean. Laburbilduz, fiskal nagusiak ondorioztatu du Trumpek ez zuela deliturik egin: ez zen kolusiorik izan, eta AEBetako presidenteak ez zuen justiziaren lana oztopatu. Ez hark, ez eta haren 2016ko kanpainako lantaldeak ere.

Muellerren ikerketak «ez du frogarik aurkitu» ustezko delitu horien inguruan, Barrek atzo jakinarazi zuenez. Aurrez emana zuen informazio hori, baina atzo gaineratu zuen ikerlariek ustez justiziaren lana oztopatu zuten hamar gertakari aztertu zituztela, baina, haren iritziz, ez zela deliturik izan, txostenaren edukia oinarri hartuta. Prentsaurrekoak23 minutu iraun zuen, eta Barrek Trumpen jarreraren defentsa egin zuen: «Fiskalorde nagusiak [Rod Rosenstein] eta biok ondorioztatu dugu fiskal bereziak aurkezturiko frogak ez direla nahikoa zehazteko presidenteak justizia oztopatu izanaren delitua egin zuela». Interpretazioak, beraz, ikerketaren frogen menpe daude, eta, fiskal nagusiaren iritziz, ez dira nahikoa Trumpek delitu bat egin zuela frogatzeko. Muellerrek, baina, hil honetan jakinarazitakoaren arabera, ez du erabakirik hartu AEBetako presidenteak deliturik egin ote zuenaren inguruan; horregatik, ikusteko dago AEBetako Kongresuak zer esango duen datozen egunotan, badirudielako fiskal bereziak erakunde horren esku utzi duela erabakia. Hamar gertakari horiek, beraz, luzerako emango dute.

Ikerketaren protagonista nagusiak tonu ironikoa erabiliz erreakzionatu zuen: «Hau lazgarria da. Nire presidentetzaren amaiera da». Aurrez ere, Twitter sare sozialaren bidez honako mezu hau zabaldu zuen: «Ez kolusiorik, ez oztopatzerik. Gorroto nautenentzat eta muturreko ezkertiar demokratentzat... Partidaren amaiera».

Txostenean, Muellerrek dio aurkitu zituztela Moskurekin zerikusia duten norbanakoen eta Trumpen kanpainarekin zerikusia zutenen arteko harremanak, baina frogak ez zirela nahikoa ondorioztatzeko Errusiaren esku hartzea adosturiko zerbait izan zela. Justizia oztopatu izanaren ustezko delituaz, horri buruzko ikerketa abiatzea erabaki baten ondorio izan zen: Trumpek James Comey FBIko zuzendaria kaleratu izana. Muellerrek, txostenean esandakoaren arabera, ondorioztatu du «ziurrenik» hori egin zuela Comeyk ez zuelako ezeztatu AEBetako presidentea ikertzen ari zela.

Muellerren testigantza

Barren prentsaurrekoak haserre handia eragin zuen AEBetako klase politikoan, eta erreakzioak berehalakoak izan ziren: Jerry Nadle diputatu demokratak eta Ordezkarien Ganberako Batzorde Juridikoaren presidenteak jakinarazi zuen fiskal bereziari eta haren lantaldeari eskatu diela testigantza emateko kongresuan, «maiatzaren 23a baino lehen».

Erabaki horrek Alderdi Demokrataren babesa du, ez dagoelako «batere pozik» Barren lanarekin; Nancy Pelosi demokraten Ordezkarien Ganberako bozeramaileak eta Chuck Schumer demokraten Senatuko buruzagiak atzo salatu zuten Barren lana ez dela «fidagarria», eta, horregatik, argudiatu zuten beharrezkoa dela Muellerren testigantza. Aukera horretaz, fiskal nagusiak adierazi zuen ez duela arazorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.