Iraganaren azken epaia

Korsikako FLNC taldeak bere gain hartu zuen azken hilketa epaitzen ari dira Parisen. Fiskalak bizi guztiko kartzela zigorra eskatu du akusatu nagusiarentzat

Korsikako bandera Bastiako leiho batean, Macron Frantziako presidenteak herrialdera egindako lehen bisitan, 2018ko otsailean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Amaitzear da Korsikako borroka armatuak utzitako azken hilketaren epaiketa. Sinbolismoz betetako epaiketa horrekin, garai bat bukatuko da herrialdean: bost urte igaro dira FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak borroka armatua alde batera uztea erabaki zuenetik, eta zortzi, pertsona baten hilketa bere gain hartu zuen azken alditik. 2011ko urriaren 28an hil zuten Christian Leoni enpresaria, eta Cedric Courbey epaitzen ari dira ekintza harengatik. Fiskalak eskatu du bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeko Courbeyri, gutxienez 22 urte espetxeratuta.

Courbeyk errugabetzat du bere burua, eta FLNCk azken urteotan hartutako erabakiak goraipatu ditu Parisko epaiketan. Borroka armatua utzi zuen, eta gero, armagabetzeko prozesua abiatu. «Ekintza garrantzitsua izan zen, Korsikarentzat egindako aldebakarreko keinua», esan zuen Courbeyk. FLNCk borroka armatua uzteko erabakia plazaratu baino bi hilabete lehenago atxilotu zuten, 2014ko apirilean. Aurrez, bitan zigortu zuten, FLNCrekin lotura izateagatik: «Terroristekin harremana» eta armak izatea egotzi zioten orduan. Joan den astean, epaileak militantziaz galdetu zion, eta zehatz erantzun zion Courbeyk: «Ekintza horiengatik zigortu ninduten. Sei urte eman ditut kartzelan. Iragana eta oraina daude, eta hori iraganeko kontua da».

Higiezinen negozioari lotutako enpresaburu bat zen Leoni, baita Brise de Mer bandako kidea ere. Banda horrek lau hamarkada daramatza lapurretak eta ekintza armatuak egiten Korsikan. Erakunde horrek eragindako izua merkatua irabazteko baliatu izana leporatu izan zioten Leoniri zenbait lekukok, eta mehatxatuta zegoen lehenagotik ere. Hil baino zortzi hilabete lehenago, lehergailu bat jarri zuten haren eraikuntza lan batzuetan.

Hilabeteren ondoren, FLNCk bere gain hartu zuen «deuseztatze fisikoa», komunikatu batean. Hilketa «justizia ekintza bat» izan zen haientzat, eta ez «mendekua», hilabete batzuk lehenago Charles-Philippe Paoli militante historikoa hil zutelako. Paolik ere higiezinen enpresa batean egiten zuen lan, Leoniren lehian, eta FLNCko militante klandestinoa zen. Corsica Libera alderdi independentistaren zuzendaritzako kidea izan zen.

Courbeyk harreman zuzena du Paolirekin, gainera: haren seme baten aitabitxia da. Ez da egunotako epaiketako akusatu bakarra: Jean-Christophe Albertini —Paoliren koinatua— ere hilketarekin lotzen dute, baina ez da auzitegira joan, ez baitakite non dagoen. Armak lortu izana egozten diote Albertiniri, eta urteak daramatza ezkutuan.

Azken lau hamarkadetan, Korsika gatazka armatu bete-betean egon da. Bidean, FLNCk hainbat zatiketa izan ditu, eta taldea bateratu egin zen 2000ko hamarkadan. 2014. urtean, borroka armatua uztea erabaki zuen, bake prozesua errazteko, eta armagabetze prozesua abiatu zuen duela hiru urte. Orain, Korsikako zenbait eragile independentistak presoak hurbiltzea eta amnistia aldarrikatzen dituzte, baina ez dirudi Frantziako Gobernuak horretarako asmorik duenik. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak amnistiaren aukera ukatu izan du.

Elkarrizketa eten da

Bi alderdi abertzale daude Korsikan: Femu a Corsica autonomista moderatua, eta Corsica Libera independentista. Pe a Corsica koalizioan aurkeztu izan dira biak azken urteetako hauteskundeetan, nazionalisten arteko elkartze historikoa lortuta. 2017ko hauteskundeetan, aurreikuspen guztiak gainditu zituen koalizioak, eta gehiengo osoa lortu zuen Korsikako Biltzarrean.

Nazionalistek autonomia estatutua negoziatzeko eskatu izan diote Frantziako Gobernuari, baina hark ez du horretarako asmorik adierazi: Korsika hitza konstituzioan sartzea izan zen Macronen gobernuak onartu zuen urrats bakarra. Apirilean izan zen Macron bisitan azkenekoz, baina Korsikaren eta Frantziaren arteko elkarrizketa etenda dago aspaldian.

Dena den, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa Korsikan izan da egunotan. Asteazkenean, Gilles Simeoni uharteko kontseiluko presidentearekin eta Jean-Guy Talamoni biltzarreko presidentearekin elkartu zen Bastia hirian. Haien arteko elkarrizketak ere ez du aurrerapausorik emateko balio izan. «Gaur ez dago aurrerapenik, baina gobernuak Korsikaz duen ikuspegia aldatzeko zain jarraitzen dugu», esan zuen Simeonik arranguraz. Philipperi leporatu zioten Korsikarena ez dela «ekonomia kontu soila», «oinarrizko gai politikoa» baizik. Korsikaren «existentzia eta eskubideak» aitortzeko eskatu zioten berriz ere Frantziako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.