Bide luzea egin du hiltzeko

Vincent Lambert hil da, Frantzian eutanasiari buruzko eztabaida berpiztu duen gizona. Lamberten gurasoek uste dute «estatuaren krimena» izan dela; emazteak dio hark hiltzea aukeratuko zukeela
Vincent Lambert, Reimseko ospitalean.
Vincent Lambert, Reimseko ospitalean. L'UNION DE REIMS / EFE

Ane Hurtado Uranga -

2019ko uztailak 12
Vincent Lambert atzo goizean hil zen, 42 urte zituela, Reims hiriko (Frantzia) ospitalean 11 urte igaro eta gero. Haren emazte eta legezko tutore Rachel Lambertek ez zuen nahi haren bizia artifizialki luzatzea: «Nahiz eta oso bakarrik sentituko naizen, badakit berak hil egin nahi zuela». Lamberten gurasoak, ordea, katolikoak dira. Semea bizirik mantentzen zuten tratamenduekin jarraitzeko eskatu zieten medikuei, eta auzitara jo zuten. «Gure semearen heriotza estatuaren krimena izan da», esan zuten atzo, semea hil eta gero. Lambertek ez zuen bere nahia idatzita utzi.

Erizaina zen Lambert. 2008. urtean eduki zuen auto istripu larri baten ondorioz, tetraplegiko eta egoera begetatiboan gelditu zen. Hiru urte geroago, Erik Karriger medikuak ziurtatu zuen Lamberten egoera begetatiboa «kronikoa eta itzulezina» zela, eta orduan hasi zen senideen arteko borroka juridikoa. Istripua izan zuenetik, 11 urtez egon zen bizirik elikadura eta hidratazio artifizialari esker, baina, azkenean, gurasoek amore eman zuten, eta Reimseko ospitaleko medikuek makinak itzaltzea erabaki zuten duela hamar egun, Gorenaren epaia jaso eta gero. Hala ere, gurasoen abokatuak esan zuenez, «borroka ez da bukatu, eta Lamberten heriotzaren arduradunek azalpenak eman beharko dituzte». Izan ere, gurasoen eta abokatuen arabera, Lamberti «bizitzeko eskubidea kendu» zioten.

Sei urteko borroka

Mediku taldeak aintzat hartu zuen Frantziako legedia, eta Lambert artifizialki bizirik ez mantentzeko erabakia hartu zuen 2013. urteko apirilean. Chalons-en-Champagneko auzitegiak, ordea, tratamendua berrezartzeko agindua eman zuen. Urtebete geroago, tratamendua etetea erabaki zuten berriz, baina Daniela Simone ospitaleko zainketa aringarrietako buruak ez zuen erabakia errespetatu, eta tratamenduarekin jarraitu zuen. 2016an, Lamberten emaztea haren tutore bilakatu zen. Geroago, 2017ko urtarrilean, Lamberten gurasoek semea zentro espezializatu batera eramateko eskaera egin zuten, baina ezezkoa eman zieten.

Aurtengo urtarrilean, Reimseko ospitaleak tratamendua etetea eskatu zuen berriz ere, eta Chalons-en-Champagneko auzitegiak onartu egin zuen, baina Parisko Apelazio Auzitegiak erabakia indargabetu zuen. Ekainaren 28an, Frantziako Kasazio Auzitegiak Lambert hiltzen uztea erabaki zuen, eta, azkenean, uztailaren 2an kendu zizkioten gaixoari zainketa aringarriak.

Eutanasia, bai edo ez

Lamberten kasuak heriotza duinaren eta eutanasiaren inguruko eztabaida berpiztu du Frantzian.

Eutanasia ez da legezkoa herrialde horretan, baina 2016. urteko lege batek pertsona bat hiltzen uztea baimentzen du, baldin eta haren egoera atzeraezina bada.

Frantziar askoren ustez, lege horrek ez du beti gaixoen nahia errespetatzen. Izan ere, Lamberten kasuan gertatu zen bezala, gaixoak testamenturik uzten ez badu, medikuak familiarekin jarri behar dira harremanetan gaixoaren bizitza luzatu nahi duten erabakitzeko. Lamberten emaztearen arabera, nahiz eta senarrak ez zuen testamenturik egin, askotan azaldu zion horrelako kasu batean hiltzea aukeratuko lukeela.

Gurasoen eta emaztearen iritziak oso desberdinak zirenez, 11 urte pasatu dira istripua izan zuenetik hiltzen uzteko erabakia hartu duten arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna