Venezuelan negoziazio mahai «iraunkor bat» eratzea adostu dute

Nicolas Maduroren gobernuak eta oposizioak «bake elkarrizketak» izan dituzte hiru egunez, Barbadosen. Bi aldeek sei puntu adostu dituzte, baina ez dute eman horiei buruzko xehetasunik

Juan Guaido oposizioaren buruzagia Venezuelako Parlamentuan, Caracasen, joan den asteartean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro buru duen Venezuelako Gobernuak eta oposizioak negoziazio mahai «iraunkor bat» sortzea erabaki dute, Barbadosen hiru egunez «bake elkarrizketak» izan eta gero. Ez dute adostu noiz izango den hurrengo bilera, eta gobernuak ez du eman elkarrizketa horiei buruzko xehetasun handirik: «Sei puntu adostu ditugu oposizioekin», esan zuen Venezuelako presidenteak, atzo. Izan ere, Norvegiako Gobernuak, zeinak bitartekari lanak egin dituen, «diskrezioa» eskatu zien atzo bi aldeei. Madurok positiboki baloratu zituen negoziazioak: «Gobernabide akordio batera irits gaitezkeela uste dut, baina lan handia egin beharko dugu».

2013an hasi zen Venezuelako krisi ekonomikoa. Herrialdea bizitzen ari den egoera horrek eragin du gaur egungo krisi politiko eta soziala. Ekonomia da gobernuaren arazorik handiena. Izan ere, hiperinflazioa gertatu zen Venezuelan, eta erosahalmena hondoratu egin zen. Ondorioz, bizi kalitatea okertu zen: pobrezia hedatu egin zen, eta herritarrek ezin zituzten oinarrizko elikagai eta sendagaiak lortu. Venezuelako egoera ekonomikoaren beste arrazoietako bat atzerriko estatu batzuek jarri dizkioten zigor ekonomikoak dira. 2015etik, lau milioi pertsonak baino gehiagok ihes egin dute handik.

Pasa den urtarrilaren 10ean hasi zen Maduroren bigarren agintaldia, 2018ko maiatzeko hauteskundeetan botoen %67,4 eskuratu baitzituen. Oposizioak bozak errepikatzeko eskatu zuen, haren ustez «irregulartasun ugari» egon zirelako. Hala ere, Madurok argi utzi zuen: «Ez dira presidentetzarako hauteskundeak errepikatuko, baina hitz egiteko prest nago». Urtarrilaren 23an, Juan Guaido oposizioaren buruzagiak Venezuelako presidente izendatu zuen bere burua, manifestazio baten amaierako ekitaldian. Herritar askoren babesa zuen. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izan zen Guaidoren izendapena aintzat hartzen lehena. Geroago, Europako hogei bat gobernuk onartu zuten Guaido presidente gisa: Kanadak, Brasilek, Paraguaik eta Espainiak, adibidez. Maduroren eta haren gobernuaren defendatzaileen ustez, gertatutakoa estatu kolpe bat izan zen: «Ulertzen dut Latinoamerikan kolpe hitza erabiltzea legez kontrakoa dela, baina ni ez nago horrekin ados. Gauzei bere izenez deitu behar zaie».

Sei hilabete pasatu dira Guaidok bere burua presidente izendatu zuenetik. Oposizioaren buruzagiak herritar askoren babesa galdu du pixkana: 2.000 pertsona baino gutxiago joan ziren Guaidok maiatzaren 11rako deitu zuen «martxa jendetsura».

Hilabete honen hasieran, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak txosten gogor bat argitaratu zuen Venezuelako Gobernuaren aurka. Dokumentu horren arabera, Maduroren gobernuak «eskubideen urraketa larriak» egin zituen. Plazaratu zuten datuetako bat hau izan zen: Venezuelako segurtasun indarrek 6.800 lagun exekutatu zituzten autoritateari erresistentzia egiteagatik, pasa den urteko urtarriletik aurtengo maiatza bitartean.

Joan-etorri horien ondoren, Norvegiak iazko maiatzaren 29an eman zuen Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren ordezkarien arteko bileraren berri. Ine Ericsen Norvegiako Atzerri ministroak ziurtatu zuen «bi aldeek egoera horri konponbide bat aurkitu nahi diotela erakutsi» zutela. Ordezkarien arteko bilera astelehenean hasi, eta asteazkenean bukatu zen. Nahiz eta gobernuak oraindik ez xehetasunik eman duen jorratutako sei puntuei buruz, Venezuelako zenbait egunkari digitalen arabera, gobernua prest agertu da 2025ean egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeak aurreratzeko, baina bi baldintza jarrita: Asanblea Nazionala berregituratzea eta atzerriko estatu batzuek buruzagi chavistei ezarri dizkieten zigor ekonomikoak kentzea. Izan ere, 2016ko hauteskundeetatik oposizioak dauka parlamentu horren kontrola.

Oposizioaren helburuetako batpresidentetzarako hauteskundeak aurreratzea da, Maduro boteretik botatzeko. Hori lortzeko, Batzar Nazional Konstituziogilea desegitearen alde legoke oposizioa, Venezuelako hedabide batzuen arabera. Horiek diotenez, bozakegitekotan, Maduro ez litzateke presidentegaia izango, eta haren ordez Hector Rodriguez Castro iparraldeko Miranda estatuko gobernadorea aurkeztuko litzateke.

Hala ere, Diosdado Cabello Batzar Nazional Konstituziogilearen presidenteak atzo esan zuen informazio hori gezurrezkoa zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.