Brasilgo presidenteak Amazoniako meatzaritza legeztatu nahi du

Jair Bolsonaroren ustez, indigenen erreserbek Brasilgo ekonomia garatzea «galarazten» dute. Amazoniako indigena bat hil dute, baina, presidentearen iritziz, ez dago «nahikoa froga»

Zenbait tributako indigenak Jair Bolsonaro presidentearen politiken aurkako protestan, joan den apirilean, Brasilian. JOEDSON ALVES / EFE.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Indigenen erreserbek Brasilgo ekonomiaren garapena eragozten dute», adierazi zuen Jair Bolsonaro eskuin muturreko Brasilgo presidenteak, herenegun. Bolsonaroren ustez, «indigenek ere beren lurrak ustiatzeko eskubidea dute». Horregatik, haren asmoa Amazoniako meatzaritza erregulatzea eta legeztatzea da, Brasil «lehengaiei esker» bizi baita. «GKEek eta beste herrialde batzuek indigenak beren zoologikoan preso egotea nahi dute, historiaurreko animaliak izango balira bezala», esan zuen presidenteak.

Nahiz eta XX. mendeko azken laurdenera arte apenas ustiatu ziren Amazoniako meatzaritza guneak, azken urteotan horiek izan dira Brasilgo hazkunde ekonomikoaren ardatzetako bat. Hau da, gobernuarentzat oinarrizko diru iturri bihurtu da meatzaritza. Brasilgo Ingurumen ministro ohi batzuen arabera, azken urte hauetan «oso arduragabea» izan da meatzaritza; horregatik, Amazonian inoiz izan duten «deforestaziorik handiena» jasaten ari dira. Bolsonarok, ordea, zalantzan jarri zituen basogabetzeari buruzko datu ofizial horiek, eta hauxe nabarmendu zuen: «Amazoniako eremu babestua handiegia da, kontuan hartuta zenbat indigena bizi diren han».

Amazonian meatzaritzaren inguruan zegoen presioa areagotu da, joan den uztailaren 23an indigena bat hilda topatu baitzuten, Brasil iparraldeko Amapa estatuan. Emyra Waiapi zuen izena, 62 urte zituen, eta indigenen buruetako bat zen. Aurreneko hipotesiek diotenez, meatzari talde ilegal batek hil zuen. Brasilgo Ministerio Publikoak azaldu duenez, «indigenek etnietako kide ez diren pertsonak ikusi zituzten» ezbeharra gertatu zenean. Jawaruwa Waiapi indigenen beste buruetako batek bere komunitatea babesteko laguntza eskatu du: «Errifleak eta beste arma batzuk dituzte. Arriskuan gaude. Armadaren beharra dugu; [meatzariak] geldiarazi behar dituzte».

Meatzariek, egurgileek eta nekazariek «askotan» mehatxatzen dituzte etnia horietako kideak, indigenen buruzagiek ziurtatu zutenez. Presidenteak, ordea, auzitan jarri zituen indigena horien adierazpenak: «Ez dago nahikoa froga esateko indigena hori egun horretan eta han hil zela. Hipotesi diferenteak daude». Ingurumena babesten duen Amazon Watch erakundeak esan zuen Bolsonarok «eskuak odolez zikinduta» dauzkala. Erakunde horren arabera, «presidentearen politikak ez dira batere zuhurrak», eta meatzaritza legeztatzearen alde egin dituen adierazpenek bultzatu dituzte mafiak eremu babestuak inbaditzera.

Michelle Bachelet Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak zera azaldu zuen: «Emyra Waiapiren hilketak ez du ikaratu behar bertan bizi den jendea. Ez dute beren bizilekua utzi behar, horrek oihanaren suntsipena ekarriko bailuke». Randolfe Rodrigues oposizioko senatariaren ustez, «presidentea da hilketa honen erantzulea». Haren arabera, «indigenek kontraeraso bat egingo dute», eta egoerak «okerrera» egingo du.

Brasilgo autoritateek larrialdi kabinete bat eratu dute, «gertatutakoa ikertzeko eta indigenak babesteko». Kabinete horretan, armadak eta Polizia Federalak parte hartuko dute, besteak beste.

Sei militante chavista, hilda

Talde paramilitar batek sei militante chavista hil zituen herenegun, Venezuela mendebaldeko Barinas hirian. Hori salatu du Hugo Chavez Brigadak. Hildakoak brigada hartakoak eta Bolibar eta Zamora Korronte Iraultzaileko militanteak zirela dio. Oraindik ez dago argi zeintzuk izan diren hilketa horien erantzuleak, baina talde chavistak uste du arduradun nagusiak«lur-jabe eskuindarren mertzenarioak» izan direla. PUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak hilketak gaitzetsi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.