Israelek egindako erasoek Ekialde Hurbileko Iranen aliatuak asaldatu dituzte

Tel Avivek Irango indarren aurka egin du, eta Irakek eta Libanok aire eraso bana leporatu diote. Errusiak eta Turkiak gaur hitz egingo dute Siriako egoeraz

Irakeko Hezbollahko kideak, drone erasoan hildako Abu Ali al-Debbi milizianoaren hiletan, atzo, Bagdaden. MURTAJA LATEEF / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa hauteskunde kanpaina betean dago, baina horrek ez du arindu Ekialde Hurbilean Iranekin duen lehia bizia. Asteburuan, gaiztotu egin da giroa; Israelek adierazi du Irango indarrei egin ziela eraso Sirian, eta Irakek eta Libanok aire eraso bana egin izana leporatu diote Tel Avivi. Hiru kasuetan, droneak dira protagonistak, distantzia handira eraso anonimoak egiteko tripulatu gabeko hegazkinak. Michel Aoun Libanoko presidenteak «gerra deklaraziotzat» jo du erasoa, eta Irakeko Gobernua otzanago aritu da: herrialdearen «burujabetza» mantentzeko «neurri guztiak» hartuko ditu.

Israelek bidalitako droneek Irak izaten dute jomugan sarri. Azken hilabetean, PMH Herriaren Mobilizazio Indarrak gobernuaren aldeko milizia xiitak eraso ugari jasan ditu. Atzo, miliziak Israeli egotzi zion azken erasoa, herrialdeak Siriarekin duen mugan egina. PMHko soldadu bat hil zuten. Miliziak adierazi du AEB Ameriketako Estatu Batuak ere erantzule direla.

Igandean, Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroa ezustean joan zen G7koen Miarritzeko (Lapurdi) goi bilerara, eta bitartean Israelek tentsioa areagotu zuen eskualdean, Iranen aliatuen aurka eginda. Egun hartan bertan, Tel Avivek jakinarazi zuen Damasko hegoaldeko Irango base bati egin ziola eraso, Irango Guardia Iraultzailea Israelen aurka egitekoa zen «drone eraso hiltzailea» geldiarazteko asmotan, gobernuaren hitzetan.

Irango Guardia Iraultzaileak guztia ukatu du: esan du ez zelainolako erasorik egon. Halere, SANA berri agentziaren arabera, Siriako armadak jakinarazi du Israelgo zenbait misil atzeman zituztela larunbat gauean. Gainera, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak esan zuen bi hildako egon zirela, Hezbollah-ko bi miliziano, eta Irango Guardia Iraultzaileko Al-Quds indarren soldadu bat.

Israelen erasoaren ondotik, Netanyahuk Twitter bidez bidali zion mezua Irani: «Iranek ez du immunitaterik inon. Gure indarrek edozein aldetan egiten dute Irango erasoen aurka. Norbait zu hiltzeko altxatzen bada, hil ezazu lehenengo». Netanyahurekin izandako elkarrizketa batean, Mike Pomeo AEBetako Estatu idazkariak Washingtonen babesa adierazi zion hari.

Bestalde, igandean, bi drone erori ziren Beiruteko hegoaldean. Ez zen zauriturik egon, baina Hezbollah-ren egoitza bati kalteak eragin zizkion. Libanoko Gobernuak Israeli egotzi dio erasoa. Hasan Nasrallah Hezbollah alderdi xiitako buruak ohartarazi du ez dutela onartuko Israelen dronerik Libanoren airegunean, eta eraitsi egingo dituztela. Haren esanetan, Beiruten aurkako lehen erasoa izan da 2006. urteko abuztutik, Israelen eta Hezbollahren arteko gerra amaitu zenetik. Haren ustean, Libanon sartzen diren droneak «dagoeneko ez dira informazioa biltzeko», baizik eta «eraso, leherketa eta hilketetarako».

Gerra Idliben

Egun, Siriako gerrako gudu zelai nagusia herrialdearen ipar-mendebaldeko gunea da, Idlib eskualdea. Siriako Gobernuaren aldeko indarrek matxinoen esku zeuden herri ugariren kontrola hartu dute azken asteotan, Errusiaren babesarekin. Turkiak, berriz, matxinoak babestu ditu, eta «krisi humanitariotzat» jo du gertatzen ari dena. Vladimir Putin eta Recep Tayyip Erdogan bi herrialdeetako presidenteak gaur elkartuko dira, Moskun, Idlibeko egoeraz aritzeko. Kremlinen esanetan, Putinek «ulertzen du turkiarren larritasuna», baina, aldi berean, kezkatuta dago Idlibeko «eraso terroristen aktibazioarekin». Bestalde, Erdoganek adierazi du laster «garbituko» dituela «terroristak» Siriako mugatik.

Negozioez ere ariko dira bi presidenteak: Turkiak gaur jasoko du Errusiako S-400 antimisil kargamentua. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ez ditu horiek onartzen, eta Washingtonek erosketaren aurka egin du. Turkiak adierazi du segurtasuna bermatzeko behar duen edozein material erosteko eskubidea duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.