Rementeriak bere aldaketa fiskalari eutsi ahal dion jakingo du luze gabe

EAJren eta PSEren zuzendaritzek bilera egingo dute «berehala». Haren ostean jakingo da Bizkaiko Foru Gobernuak atzera egingo duen ala ez errenta oso handien zergapetzeari egindako aldaketan

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Aitor Elizegi Athleticeko presidentea —erdian—, aurten, San Mameseko zelaiko palkoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Unai Rementeriak ez du bakerik errenta irregularren zergapetzearen aldaketarekin EAEko foru aldundien arteko ustezko zerga harmonizazioa hautsi eta gero. Baina atzo argi utzi zuen arau aldaketari eusteko asmo irmoa duela. Bizkaiko ahaldun nagusiak kritika asko eta askotarikoak jaso ditu Araban, Gipuzkoan eta baita Bizkaian ere, beste alderdietatik batik bat, baina baita EAJtik ere, nahiz eta horiek etxe barruan kudeatu dituzten. Hala ere, Rementeriarentzat, kezkagarriena PSE bere gobernu bazkidearen aurkakotasuna da —Sabin Etxeak dioenaren zain—, eta azkar jakingo da praktikan futbolariei eta eliteko beste kirolariei mesede egiten dien neurriak benetan aurrera egiten duen ala ez, EAJko eta PSEko zuzendaritzek bilera bat egingo baitute datozen orduetan.

2014tik indarrean zegoen arau bat aldatu zuen foru aldundiak dekretu baten bidez joan den abuztuaren 21ean, Bilbo Aste Nagusian zela, eta idatzi korapilatsu baten bidez. Hain zen korapilatsua, ezen PSEko bazkidea ez baitzen ohartu zer onartzen ari zen. Ia hilabete geroago auzia prentsan argitaratu eta gero, PSEk onartutakoaz hausnartu behar izan du.

Errenta irregularrak (oso handiak) dituztenek beren irabazien erdien gainean dagokien errenta zerga ordaindu behar zuten 2014ko arauaren arabera, baina beste erdia salbuetsita zegoen, betiere 300.000 eurotik beherako irabazia bazen. Hau da, 300.000 eurotik gorako mozkinek ere zegokien errenta zerga ordainduko zuten. Azken dekretuak muga hori ezabatu du, eta errentaren erdiaren gaineko zerga baizik ez dute ordaindu beharko errenta irregularrak deitutako soldata handi horiek. Hor sartzen dira zorizko jokoen irabaziak, baina baita eliteko kirolarien errentak ere; eta Bizkaian, praktikan, Athletici egiten dio mesede handiena, hark pagatzen baititu jokalarien soldata handien zergak, kontratua egitean horrela adosten dutelako aldeek. Horri buruz hausnartu behar izan du PSEk azken egunetan, aberatsenei zergen zati bat barkatuz ogasunaren bilketari zuloa egiten dion neurri bati buruz, alegia, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eliteko kirol taldeen fair play-a hausteari buruz.

Idoia Mendiaren haserrea

Gaur arte sendo eutsi die foru gobernuak araudia aldatzeko plazaratutako argumentuei. Atzo, Elena Unzueta bozeramaileak esan zuen «talentua erakartzeko» egin dela, «ekintzailetasunaren eta enpresa sorreraren aldeko ekosistema» bat sortu nahi duela diputazioak, «Bizkaia hobea eta lehiakorragoa egiteko, eta inbertsio funtsak erakartzeko». Unzuetak onartu zuen, lerro artean bada ere, Athletici egindako mesedea. «Garrantzitsuena ez da ahalezko ondorio hori», esan zuen, «baizik eta jarduera ekonomikoa sustatzea».

Baina PSE ez dago ados. Idoia Mendiak ahaldun nagusiaren «jatortasunik eza» aipatu zuen, errenta oso handiei eragiten dien zerga aldaketak «hautsi» egin duelako alderdi bien arteko zerga erreformaren akordioa. «Abuztuan egin dute, 60 orriko dekretu batez bidez, eta idatzi oso kriptiko batean». Eta erantsi zuen: «Politikan hobea da aurpegia ematea, eta gauzak argi esatea».

Horiek horrela, PSEk dekretua baliogabetzeko eskatu zuen Gobernu Kontseiluan; Unzuetak argitu zuen indarrean jarraitzen duela, baina bilera bat egingo dutela bazkideek, «berehala». Hauteskunde kanpaina badator, eta ez dirudi lagungarria horrelako neurri batek. Sabin Etxean ere badakite hori, eta ikusteko dago aldaketari eutsiko zaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.