Errenta irregularren dekretua atzera botako du Bizkaiko Foru Aldundiak

EAJko eta PSEko Bizkaiko zuzendaritzak bildu ondoren erabaki dute abuztuko zerga aldaketa bertan behera uztea. Foru arau berri bat lantzea hitzartu dute bi alderdiek, «inbertsio funtsak erakartzeko»

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatua, abuztuan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Azkar samar konpondu dute Bizkaiko Foru Aldundian errenta irregularren gaineko neurriak eragindako eztabaida. Astebete baino ez da pasatu abuztuan dekretu bidez egindako zerga aldaketaren berri argitara atera zenetik, eta EAJko eta PSEko Bizkaiko zuzendaritzak bildu ondoren, atzera egin du Unai Rementeriaren gobernuak: eraginik gabe utziko dute bereziki Athletici mesede egiten zion zerga aldaketa. Diputazioak hasieratik aipatu zuen «inbertsio funtsak erakartzea» zela helburua, eta hori beste bide batetik egitea adostu dute orain EAJk eta PSEk. Ez dute zehaztasun handirik eman, baina zerga aldaketa foru arau bidez egitea hitzartu dute; hau da, Batzar Nagusietan onartzea.

Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJren bozeramaile Jon Andoni Atutxak eman zuen alderdietako zuzendaritzen akordioaren berri, atzo. Batzarkide jeltzaleak nabarmendu zuenez, abuztuko dekretuaren helburu bera izango du foru arau berriak ere; alegia, star-up enpresei, «ekintzaileei» eta inbertsiogileei abantaila fiskalak emanez, «jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen jarraitzea». Baina, oraingoan, «beste kolektibo batzuetan eragin gabe».

Konforme agertu zen akordioarekin Ekain Rico PSEren eleduna ere; haren hitzetan, ez zeudelako ados abuztuko dekretuarekin, «ez forman, ez mamian». Konpondu dute lehenengoa; bigarrena, foru arau berriaren prozeduran adostu beharko dute gobernuko sozioek. Ricok goraipatu du gardenagoa izango dela foru arauaren bidea, eta «juridikoki segurua».

Joan den abuztuaren 21ean onartu zuten 2014tik indarrean zegoen arau bat aldatzeko dekretua, Bilbo Aste Nagusian zela. Idatzi korapilatsu baten bidez —PSEko bazkidea ez zen ohartu zer onartzen ari zen—, aldatu egin zituzten errenta irregularren (soldata oso handien) gaineko baldintzak. Dekretua onartu baino lehen, kopuru osoaren gaineko zerga ordaindu behar zuten 300.000 eurotik gorako errenta zutenek. Muga hori ezabatu zuten abuztuan, eta, ondorioz, errentaren erdiaren gaineko zerga baizik ez zuten ordaindu behar kopuru horretatik gorako errenta zutenek.

Errenta irregularrak deitutako horietan sartzen dira zorizko jokoen irabaziak, baina baita eliteko kirolarien errentak ere; eta Bizkaian, praktikan, Athletici egiten zion mesede handiena 300.000 euroko muga kentzeak, hark pagatzen baititu jokalarien soldata handien zergak. Atzo Jon Andoni Atutxa batzarkideak jakinarazi zuenez, ordea, eraginik gabe utziko dute dekretua azkenean.

«Kudeatzeko egoera zaila»

Atzo goizean, alderdien zuzendaritzak oraindik negoziatzen ari zirela, EAJren BBBko buru Itxaso Atutxa prest agertu zen atzera egiteko. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Atutxak nabarmendu zuen ez zutela arazorik «atzera egin eta horrenbeste ika-mika piztu duen zerga legea berridazteko». Herenegun, izan ere, PSEkoek Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu bileran eskatu zieten jeltzaleei atzera egiteko. Haserre agertu zen Idoia Mendia idazkari nagusia ere. Ez zuten berehalako erantzunik izan, baina alderdietako zuzendaritzak bildu ostean iritsi zen erabakia, atzo.

Bizkaitik ez ezik, Gipuzkoatik ere egin diote presio Rementeriaren gobernuari. Bizkaiko Diputazioak atzera egiteko erabakia hartu aurretik, Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek salatu zuten «harmonizazio fiskala hautsi», eta «kudeatzeko zaila» den egoera eragin zuela Bizkaiko Diputazioaren neurriak. Datorren astean egitekoa zen araua atzera botatzeko eskaera, Zergak Koordinatzeko Organoaren bileran. Dagoeneko ez da beharrezkoa izango, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.