Nafarroako Gobernuak kenkaria aplikatu nahi die 2015etik 2018rako amatasun laguntzei

PSNk bere kutsua ezarri nahi du zerga arloan. Atzo, ezohiko gobernu kontseiluan, hainbat zerga aldatzeko hiru lege proiektu onartu zituen Nafarroako Gobernuak. PSNk bere zigilua jarri die neurriei, tartean hauteskunde kanpainako promesak baitaude. Lehenik, 2015etik 2018ra amatasun eta aitatasun laguntzak jaso zituzten gurasoei zerga kenkari bidez itzuli nahi die dirua. Bigarrenik, enpresaburuen kexak apaldu nahirik, enpresen ondasunen eta partaidetzen gaineko zerga kentzeko asmoa du. Azkenik, errenta zergan deflaktazioa ezarriko du, inflazioaren eraginak leuntzeko. Neurririk gehienak aldez aurretik iragarri zituen gobernuak, baina atzo modu ofizialean ezagutarazi zituen. Guztira, 39 milioi euro kostatuko zaio Ogasunari.
Urtero, aurrekontuen eta zergen eztabaida aldi berean egiten dira Nafarroako Parlamentuan. Diru sarreren atalean zer aldaketa ezarri nahi dituen jakinik, gastu eta inbertsio publikoen inguruko xehetasunak zehaztea falta da. Hala ere, gobernua sostengatzen duten lau alderdiek ez dute gehiengorik, eta ezinbestean beharko dute Navarra Sumaren edo EH Bilduren babesa, edo, gutxienez, abstentzioa.
Remirez, «baikor»
Horregatik, deigarria izan da neurriok hiru lege proiektutan bereiztea, normalean bakarrarekin aski baita. Horrela, parlamentuko tramitazioa erraztu nahi dezake. Adibidez, enpresa ondasunen kasuan, Navarra Sumak iragarri du aldeko botoa emango duela; amatasun laguntzen kasuan, kenkarien formula gaitzetsi arren, eskuineko koalizioak ez du kontra bozkatuko. Javier Remirez gobernuko presidenteordea «erabat baikor» dago. «Elkarrizketarako erabat irekita gaude, bai gobernuko bazkideen artean, bai eta, jakina, parlamentuko gainerako indarren artean ere».
Amatasun eta aitatasun laguntzen kasuan, iaz piztu zen polemika. Auzitegi Gorenak ebatzi zuen, Espainian, 2014tik aurrerako amatasun laguntzen atxikipenak itzuli behar zirela. Navarra Sumak zein PSNk hasieratik egin zuten horren alde, eta haien babespean ama talde bat antolatu egin zen Uxue Barkosen gobernuari presio egiteko. Aldiz, aurreko gobernuak eta hura sostengatzen zuten lau indarrek irmo defenditu zuten Nafarroari ez zegokiola Gorenaren epaia betetzea. Berriki, iragan urrian, Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoi eman die. Ordura arte emandako hitza jan dezakeela ikusirik, Maria Txibite lehendakariak «arazoa konpondu» behar dela nabarmendu du asteotan.
Orain, atzerako eragina saihesteko formula bat aurreikusi du. Lege artikulu bakar baten bidez, kenkari berri bat ezartzea proposatzen du, baina soilik 2015etik 2018ra amatasun eta aitatasun laguntza jaso zutenei ezarriko zaie. Kenkari hori errenta zergaren kuota diferentzian ezarriko da. Horrek esan nahi du osorik itzuliko dela baldin eta kuota hutsaren hurrena edo negatiboa bada. Hortaz, 30.000 eurotik beherako errentei %25eko kenkaria ezarriko diete. Hortik gorako errentei, kenkariaren ehunekoa jaitsiko zaie, eta 105.000 eurotik gorako errentei ez zaie aplikatuko.
Gainera, errenta zergan, tarifaren deflaktazioa aplikatu nahi dute. «Horrekin eragotzi egin nahi dugu errenta zerga handiagoa ordaindu behar izatea inflazioagatik errenta igo zaien zergadunei», azaldu du Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariak. Horrekin batera, gobernuaren baldintzak betetzen diren kasuetan, zaharberritze obrek ez dute zergarik ordainduko. Gainera, ibilgailu elektrikoen edo entxufa daitezkeen hibridoen kasuan, inbertsio kenkariak ezarriko dira, ibilgailu bakoitzeko. Bizikleta elektrikoen kasuan, muga bat ezarriko dute: gehienez lau ibilgailuri ezarriko zaie kenkaria, Ogasunak hilabeteotan nabaritu baitu zenbaitek «negozioa egiteko» baliatzen dutela neurri hori.
Sozietate zergan, babes jarduerei lotutako publizitate gastuak arautuko dituzte. Adibidez, apustu etxe edo joko enpresen iragarki kontratuetan, ezingo da kenkaria ezarri. «Helburua da jokoa eta apustuak sustatzen dituzten iragarkiok ez bultzatzea».
Zerga kendu eta «parekatu»
Azkenik, ondare zergan, enpresa ondasunak zerga ordaintzetik libre egongo dira. Elma Saizek nabarmendu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerarekin eta estatuko erregimen komuneko egoerarekin «parekatu» nahi izan dutela; haren esanetan, Nafarroak «desabantaila» zuen gainerako lurraldeekin alderatuta. Iragan legealdi hasieran ezarri zen zerga, baina apalduz joan da. Egun, milioi batetik gorako ondasunetan %95eko kenkaria ezartzen da, eta soilik %5 ordaintzen. Orain, hori ere kentzea proposatu du. Bospasei milioi gutxiago bilduko dira.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.