Asteartean segituko du erretreten erreformaren aurkako protestak

SNCFko langileek greba luzatu dute, eta hegaldien herenak bertan behera utzi dituzte. Philippek sindikatuei erantzun die ez duela gibelera eginen; asteazkenean aurkeztuko du pentsioen erreforma

SNCFko langileen protesta, atzo, Hendaian. AMAIUR KOSKARAT.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Osteguneko irudia errepikatu nahi dute sindikatuek. Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioa jendetsua izan zen Baionan eta Frantziako hainbat hiritako karriketan. Egun bateko protestak Emmanuel Macron presidentea makurraraziko ez duela dakitenez, grebek eta manifestazioek denboran irauteko erronka hartu dute. Hurrengo greba eguna asteartean dute.

Asteartera arte itxaron gabe, mobilizazioak segida izan zuen atzo hainbat sektoretan, hala nola SNCF trenbide konpainian. Goizean, biltzarra egin zuten Hendaian (Lapurdi). Greba segitzeko prest agertu ziren gehienak: 76 pertsonetatik 74. Biltzarra burutu eta manifestazioa egin zuten Hendaiako karriketan.Lapurdiko Jaka Horiak batu ziren protestara. Oraino mobilizatuak ez diren enpresetara jo zuten manifestariek informazio lana egitera, mugimendua hedatzeko asmoz.

Ipar Euskal Herritik landa eresektore anitzek egin zuten greba atzo: AHTen %90 egon ziren geldi, eta Air France konpainiak hegaldien herenak ezeztatu zituen. Parisko metroa ere ez zen ibili.

Herenegun, Frantziako Barne Ministerioaren arabera, 800.000 pertsona jautsi ziren karrikara. Sektore batzuetan, azken hamarkadetako grebalari kopuru handiena izan zela ziurtatu zuten sindikatuek. Irakaskuntza arloan, irakasleen %10ek jarraitzen zuten greban; herenegun %55 ziren.

Mobilizazio gehiago

Frantziako Gobernuak, berriz, sindikatuen kontrako xedea du: mugimenduak indarra galtzea nahi du, ez dadila sektore guztietara hedatu eta, batez ere, ez dezan bere burua behartu gibelera egitera, Jaka Horiekin gertatu bezala. Horregatik, lehen ministro Edouard Philippek hitza hartu zuen atzo arratsaldean. Eztabaida sozialerako prest zegoela esan bazuen ere, argi utzi zuen erreforma «baitezpadakoa» zela. «Abantailak dauzkaten sailek ulertu behar dute sistemak ezin duela bere horretan iraun». Gobernuak erreforma bururaino eramanen duela esan zuen, «asmo tinkoa» duelako.

Atzo arratsalde bukaeran RATP eta SNCF garraio enpresa buruekin biltzekoa zen lehen ministroa —sektore horietan izan du erantzun handiena grebak, haiek dutelako galtzeko gehien erreformarekin—. Astelehenean, sindikatu eta patronalarekin egingo du azken «negoziazio bilera». Erretreten erreformaren proiektu osoa, berriz, asteazken eguerdian aurkeztuko du.

Mobilizazioa eteteko ez zuen balio izan gobernuburuaren atzoko mintzaldiak. Intersindikalak iragarri zuen asteartean mobilizazio eguna izanen dela. Greban segitzeko gogoa erakutsi du, eta manifestazioak antolatu ditu egun horretarako. Ipar Euskal Herrian ere, LAB sindikatuak astearteko mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Gaur goizean, Angelun (Lapurdi) elkarretaratze bat egingo dute intersindikalak, LABek eta Jaka Horiek deiturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.