Katalunian gobernu krisia eragin du ERC eta PSOEren arteko akordioak

JxCk ohartarazi duenez, ituna ez da loteslea Kataluniako Gobernuarentzat. ANCk kezka agertu du «errepresioaren» salaketa geldiaraz dezakeelako Europan. ERCk gaur bozkatuko du akordioa

Quim Torra Kataluniako presidentea urte amaierako mezu instituzionala ematen, joan den astelehenean, Generalitatearen jauregian. RUBEN MORENO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen inbestidurari bide eman ala ez erabakiko du gaur ERCk. Kontseilu Nazionala 17:00etan bilduko da, alderdi independentistak PSOErekin lortu duen akordioa bozkatzeko. Gauza bera egingo du PSOEk bihar. Batzorde Eragile Federalak erabakiko du adostutakoa onartzen duen ala ez. Sanchez presidente egiteko akordioak gobernagarritasunaren korapiloa aska dezake Espainian; aldiz, gobernu krisia eragin du Katalunian; izan ere, JxCk, ERCk Generalitatean kide duenak, ez du begi onez ikusten akordioari buruz argitara emanden edukia, eta iritzi dio ERCk «leialtasun» eta «errespetu» gutxirekin jokatu duela.

Alderdi errepublikanoak nabarmendu du PSOEk Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahai bat eratzea onartu duela, ERC Sanchezen inbestiduran abstenitzearen truke. Independentistek «bermeak» eskatu zizkioten PSOEri, elkarrizketa mahai hori «eraginkorra» izan dadin, baina oraindik ez dute jakinarazi zer neurri zehatz hartuko diren horretarako. Aldiz, hainbat hedabidek aurreatu dute Katalunian galdeketa bat egiteko konpromisoa jaso dutela: Kataluniako herritarrek aukera izango dute mahaian adosten diren ondorioak bozkatzeko. ERCk defendatu du Kataluniako «gatazka bide politikora» eramateko balioko duela.

Mesfidati daude, ordea, Quim Torra Kataluniako presidenteaeta JxC. Salatu dutenez, ez dituzte akordioaren xehetasunak ezagutzen oraindik. Hori dela eta, Torrak bilera batera deitu du, gaurko, Pere Aragones Kataluniako presidenteordea eta ERCko koordinatzaile nazionala.

Inbestiduraren eztabaida hilaren 4an hasiko da; 5ean egingo dute lehenengo bozketa, eta, bigarren bozketa beharrezkoa balitz, 7an egingo lukete.

Inbestiduraren atarian, formak bakarrik ez, akordioaren edukia ere kritikatu du Torrak. Urte amaierako mezu instituzionalean ohartarazi du gobernuen arteko elkarrizketak autodeterminazio eskubideari eta hura gauzatzeari buruzkoa izan behar duela. «Ez dago elkarrizketa zintzorik etorkizun politikoari buruzko hitza herritarrei emateko konpromisorik gabe, baizik eta zuloak iraungitako adabakiekin estaltzeko borondatea soilik».

Gogorrago mintzatu da JxC. Laura Borras Kongresuko diputatuak independentismoa «ahultzea» leporatu die errepublikanoei. «Independentismoak Madrilen negoziatzeko indar gehien duenean, eskariak beheratzea erabaki dute batzuek».

Horrez gain, Borrasek argi utzi du ERCren eta Espainiako sozialisten arteko akordioak ez duela Kataluniako Gobernua lotzen, gobernu koalizioko kideetako bat ez baita adostasun horren parte. JxCk berretsi du Sanchez inbestitzearen kontra bozkatuko duela.

ERCrekin kritiko agertu da ANC ere. Elisenda Paluzie presidenteak gaitzetsi duenez, akordioak gatazka bideratu nahi du «goitik zaindutako bigarren trantsizio batera». Itunak independentismoaren batasunari kalte egiten diola ohartarazi du, eta «geldiarazi» egin dezakeela «errepresioaren» salaketa Europan. «Bitartekoa izan beharko litzatekeena, elkarrizketa, helburu bihurtu dute». Hausnarketa egiteko eskatu die ERCko oinarriei.

Torraren inhabilitazioa

ERCren eta PSOEren arteko akordioa ez da Generalitatean tentsioa muturrera eraman duen elementu bakarra. Torra inhabilitazio zigorra jasotzeko arriskuan dago Kataluniako Justizia Auzitegiak desobedientziagatik kondenatu zuenetik, xingola horidun pankartaren auziarengatik. Balizko inhabilitazio horren eraginez presidente kargua galduko luke. JxC eta ERC ez dira gai izan adosteko egoera horri nola erantzun, ezta Torraren ordezkoak zein izan beharko lukeen ere. Baliteke Torra bihar bertan inhabilitatzea Espainiako Hauteskunde Batzordeak, nahiz eta haren kontrako epaia oraindik ez den irmoa —Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi behar du—.

Kataluniako Parlamentuak Torra ez inhabilitatzeko argudioak aurkeztu zizkion atzo batzordeari. Ziurtatu du hura ez dela gai Torraren karguaren bateraezintasunei buruz erabakitzeko, auzia ez delako hauteskunde erregimenari buruzkoa. Erabakia soilik Kataluniako Parlamentuari dagokiola defendatu du.

Batzordeak bihar erabaki dezake Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiaren immunitatearen gainean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.