Albistea entzun

Keinuen dantza hasi du Phillippek

Edouard Philippe lehen ministroa, atzo, Frantziako Asanblean.
Edouard Philippe lehen ministroa, atzo, Frantziako Asanblean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2020ko urtarrilak 8

CDFT limurtzeko keinu dantza hasi du Frantziako Gobernuak. Edouard Philippe lehen ministroak iragarri du ostiralean gizarte eragileekin bilduko dela pentsio sistemaren etorkizuneko finantzaketaz hitz egiteko. CFDT sindikatuaren eskaera da finantzaketa aztertzearena, eta horren bidez lortu nahi du gustuko ez duen puntua gobernuaren erreforma proiektutik ateratzea, orekarako adinarena, alegia.

Orekarako adina edo oinarrizko adina da gakoa, bai CFDTrentzat, bai Frantziako Gobernuarentzat. Haren bidez, gobernuak erretiroaren benetako adina atzeratu nahi du, erretirorako adin ofiziala (62 urte) ukitu gabe. Horretarako bidea da orekarako adinaren aurretik erretiroa hartzen dutenei pentsioa txikitzea (%5 urtero), eta adin horretatik aurrera erretiroa hartzen dutenei, berriz, handitzea. Gobernuaren asmoa da hasieran 62 urtetan finkatzea, baina 2027rako 64 urtetan jartzea, haren ustez erretiroaren adinak urte horretara hurbildu behar baitu sistemak defizita izan ez dezan.

Baina sistemaren egonkortasuna ziurtatzea bezain garrantzitsua da gobernuarentzat erreforma berak bakarrik ez onartzea. LREM Errepublika Martxan Macronen alderdiak gehiengo osoa du Frantziako Asanblean eta Senatuan, baina babes sozial zabalagoa bilatzen ari da, abenduaren 5ean hasitako protestak behingoz isiltzeko, elkarrizketazalea dela erakusteko, eta zentro-ezkerreko hautesleak ahaztu ez dituela erakusteko.

Hautagai bakarra

Babes hori emateko hautagai nagusia CFDT da, bere garaian PS Alderdi Sozialistaren arrastoan ibiltzen zen sindikatua. Bi arrazoirengatik. Batetik, boto gehien jasotako sindikatua bilakatu zelako azken hauteskunde profesionaletan —ordezkarien %26,1 ditu, eta CGTk, berriz, %24,8—; eta, bestetik, CFDT ados dagoelako erreformaren oinarri nagusiarekin: erretirorako sistema bakar bat ezartzea gaur egungo 42 sistemen ordez, eta lan bizitzan pilatutako puntuen araberako pentsioa ematea.

Gobernuaren arazoa da CFDT eta haren uberan ibiltzen diren beste sindikatu erreformistek —UNSA, CGC eta CFTC— ez dutela ikusi ere egin nahi orekarako adina. «Neurri bidegabea da», azaldu zuen igandean Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiak. «Orekarako adinaren txorimaloak desagertu egin beharko du», gaineratu zuen atzo Laurent Escure UNSAko buruak.

Puntu hori ez ezik, erreforma oso-osorik zakarrontzira botatzeko galdegin dute CGTk eta FOk, beste bi sindikatu nagusiek, eta iragarri dute protestan jarraituko dutela hala gertatu ezean.

Azken horiekin ezer negoziatzerik ez duenez, Philippek onartu behar izan du CDFTk bota dion amua, sistemaren finantzaketaz eztabaidatzea. «Ez dut amore ematen [orekarako adinarekin], baina prest nago eztabaidatzeko oreka lortzeko proposamen guztiei buruz», azaldu zuen atzo, RTL irratian. Sistema hori edo beste bat izan, «frantziarrek pixka bat gehiago lan egitea da oreka lortzeko bidea», gehitu zuen.

Erantzun epela jaso zuen. «Borondatea ikusi dugu [...], baina urrunago joan behar da, eta oinarrizko adina lege proiektutik atera. Ostiraleko helburua bada oinarrizko adina birziklatzea edo haren inguruan negoziatzea, CFDTren erantzuna ezezkoa da», ohartarazi zion Bergerrek.

Edozer gertatuta ere, aurki gertatuko da. Emmanuel Macron presidenteak Philipperi eskatu dio «konpromiso bizkor» bat bilatzeko. Asmoa da proiektua hilaren 24ko gobernu bileran onartzea eta otsailaren erdialdera iristea parlamentura.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Metalgintzako sindikatuek atzo eginiko elkarretaratzea, LHK-k Bilbon duen egoitzaren aurrean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bizkaiko metalgintzak grebara joko du itunaren negoziazioa luzatzen bada

Imanol Magro Ezimendi

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk bat eginda negoziatuko dute. Alde handia dago sindikatuen eskaeren eta patronalaren eskaintzen artean
Emakume bat bitcoin-ak diru gisa onartzen dituen okindegi batean, Santa Tecla hirian (El Salvador).. ©Rodrigo Sura / Efe

Kriptodiruak: birtualak ez diren galerak

Iker Aranburu

Bitcoinen eta beste diru digitalen balioa amildu egin da, eta 'luna' izenekoa, berriz, desagertu. Inbertitzaileak arrisku handiko aktiboetatik alde egiten ari dira. El Salvador arriskuan jarri du erorialdiak, bitcoinen aldeko apustua egin baitu

Irizar E-mobilityko langileek 22 egunez itxi dituzte lantegiko sarrerak ©Jon Urbe (Foku)

Irizar E-mobilityko greba bertan behera utzi dute, ituna adostu ondoren

Jokin Sagarzazu

Langile batzordeak egindako bost eskaerak sartuko dituzte hitzarmenean, eta soldata igoera izango dute. 22 egun egin dituzte greban.

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek LHKren aurrean deituriko mobilizazioa. ©Marisol Ramirez / FOKU

Lehen greba hotsak iritsi dira Bizkaiko metalgintzara

Imanol Magro Eizmendi

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk plataforma bateratu bat osatu dute lan hitzarmena negoziatzeko, eta patronalari jakinarazi diote ez dutela nahi negoziazioak gehiegi luza daitezen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...