Koronabirusa. Mundua

Italia, hildako gehien duen herrialdea

Italian okerrera egin du egoerak, eta hildakoak 3.400 dira dagoeneko, Txinan baino gehiago. Wuhan hirian, COVID-19a lehen aldiz agertu zen tokian, kasik bi hilabete behar izan dituzte kutsatzeak erabat eteteko

Polizia itxialdiari entzungor egin eta kalean dabiltzan herritarrak geldiarazten, Milanen. MARCO OTTICO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun

Iazko abenduan Txinak gaitzaren berri eman zuenetik erabat irauli da testuingurua. Albistegi eta egunkarietan Wuhango kale hutsak ikustetik etxean itxita egotera igaro dira Mendebaldeko herritarrak. Izan ere, koronabirusak eta haren ondorioek jauzia egin dute, eta, Txina bere onera itzultzen hasia den bitartean, egoera kontrolaezin bilakatu da Europan eta, batez ere, Italian. Azken datuen arabera, Italian hildakoak 3.405 dira dagoeneko, Txinan baino gehiago.

Puntu beltz bilakatu da egun gutxian Italia iparraldeko Lombardia eskualdea. Hangoak dira COVID-19aren ondorioz hildakoetatik 2.000 inguru. Bergamo hiriak utzi zuen atzo eguneko irudi iluna: armadako ibilgailu andana hiriko hilerrian kabitu ezinik geratutakoen hilkutxak eramaten. Orotara, 30 ibilgailu ziren, 60 hilotz eramaten. Inguruko herrietako hilerrietara eraman zituzten, horietan errausteko.

Mundu osoko hainbat txokotan bezala, Lombardian ere indarrean da etxeratze agindua. Baina, gaur-gaurkoz, kutsatzeak ez dituzte mugatu. Hamar milioi biztanleko eskualde hartan, 17.713 kasu eta 1.959 hildako baieztatu dituzte orain arte; horietatik, 319 egun bakarrean.

Koronabirusaren ondorioz hiltzen direnen gorpuekin ere kontu handiz ibiltzeko eskatu dute agintariek. Ehorztetxeetako langileek eskularru eta maskarekin egin behar dute lan, eta hildakoen arropa bera ere ezin dute ukitu. Hori ez da hiriko agintariak kezkatzen dituen bakarra, ordea. Giorgio Gori alkateak azaldu duenez, oso litekeena da COVID-19aren ondorioz kutsatu eta hildakoak askoz gehiago izatea: «Bada jendea erietxera eraman ezin izan dutena gaixo egon arren, eta horietako asko etxean hiltzen dira».

Itxialdiari entzungor

Badira aste batzuk Italiak eskolak, saltokiak eta bestelakoak itxi zituela eta herritarrei etxean geratzeko agindu ziela. Baina kasu gehien izan diren eskualdean, herritarretatik %40 inguruk etxeratzeari entzungor egiten diote oraindik dute, eta birusa zabaltzea azkartzen dute.

Horiek hala, urrats bat gehiago egin du Erromak, eta aurrez Iranek, Israelek eta Txinak hartutako bidea hartu du, kutsatutakoen telefono bidezko jarraipena eginez. Italiako Gobernuak akordioa egin du telefono konpainia handiekin, baieztatutako kasuen jarraipena egiteko eta kutsatutako herritarrek etxeratze agindua betetzen dutela bermatzeko.

Hain zuzen ere, neurri zorrotzagoak hartzeko aholkatu diote Italiari Txinatik joandako adituek. «Ez dituzue kaleak itxi, eta garraio publikoak normal dabiltza; jendeak jaiak egiten ditu hoteletan, eta ez duzue ezer egiten hori ekiditeko», kritikatu du Yang Huichuanek, Txinako Gurutze Gorriko arduradunak. Italiako Lombardia eskualdean gertatutakoa Wuhango kasuekin alderatu du Yangek, eta ohartarazi du herritarren mugimendua eta enpresa oro eten ezean, kutsatzeek aurrera segituko dutela. «Mundu guztiak jarri beharko luke bere burua berrogeialdian», gaineratu du Gurutze Gorriko arduradunak, eta nabarmendu egungo krisiak balioko duela etorkizunean munduan geratuko diren osasun arazoei aurre egiteko.

 

 

Wuhan bere onera itzultzen

Mendebaldeko estatu gehienetan ez bezala, Txinan beherantz egin dute kutsatzeek azken egunetan. Datu ofizialen arabera, orain atzerritik joandakoak dira kasu berri gehienak. Ondorioz, berrogeialdian jartzen hasiak dira atzerritik herrialdera sartzen diren oro.

Wuhanen, aldiz, ez dute kutsatu berririk izan 56 egunean lehen aldiz. Gaitza lehen aldiz agertu zen hirian ia bi hilabete daramatzate erabateko itxialdian. Gaitza zabaltzen hasi eta gutxira, urtarrilaren erdian, eskolak eta enpresak itxi eta garraio publikoa eten zuen Txinako Gobernuak, eta orain hasi dira erabaki horren emaitzak ikusten.

Hala ere, kontuz ibiltzeko ohartarazi dute agintariek, eta iragarri beste hamabost egunean kasu berririk antzematen ez badute bizimodu normala egiten hasiko direla bai hirian eta bai Hubei eskualdean. Lehengora itzultzeko lehen urratsak egiten hasiak dira, hala ere. Gaitzari aurre egiteko Hubeira bidalitako 42.000 medikuak euren herri eta hirietara itzultzen hasiak dira.

Kutsatzeak murriztuta txerto bat garatzeko lanetan jarria da Asiako erraldoia, AEBekin eta nazioarteko hainbat enpresekin batera. Adituek iragarri dute, hala ere, denbora beharko dutela horretarako eta, goizenez ere, urte amaierarako lortuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.