Hamahiru COVID-19 kasu atzeman dituzte Bilboko diskoteka batean

Hegoaldean beste 255 positibo atzeman dituzte. Nafarroan, etxeko ospitaleratzea martxan da

Basurtuko (Bizkaia) ospitalean egin dituzte PCR probak. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila PCR probak egiten aritu da azken bi egunetan, uztailaren 18an Bilboko Back&Stage diskotekan egon zirenei, bertan agerraldi bat egon zitekeelakoan. Hain zuzen, herenegun 234 proba egin zituzten kasu horrekin lotuta, Basurtuko ospitalearen atarian kokatutako karpa batzuetan. Eskainitako datuen arabera, guztira, hamahiru positibo atzeman dituzte gaur-gaurkoz: hamabi bezero eta langile bat. Hala ere, atzo diskoteka horretan egon ziren beste 115 pertsona deitu zituzten proba egitera.

Hego Euskal Herrian atzo beste 255 kasu atzeman zituzten, herenegun (292) baino 37 gutxiago, hain zuzen. Azken egunetako joerari jarraituz, Bizkaian erregistratu ziren kasu gehienak: 128. Gainontzeko lurraldetan, Gipuzkoan 41 kasu atzeman zituzten, Araban 29 eta Nafarroan 55. Beste bi kasuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnen artean jasotakoak dira. Jaurlaritzak ez du ospitaleratzeen, herriz herriko datuen eta R0 indizearen berririk eman, eta jakinarazi du bihar eskainiko dituela asteburuko datuak. Nafarroako Gobernuak, ordea, adierazi du beste lau ospitaleratze egon direla, eta jada ospitalean zeuden bi zaintza berezien unitatera eraman zituztela. Beraz, dagoeneko, hiru dira eremu horretan ospitaleratuta dauden pertsonak. Kasu gehienak, Iruñean eta Iruñerrian daude.

Etxeko ospitaleratzea

Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak etxeko ospitaleratzea berriro ere martxan jartzeko erabakia hartu du, batez ere birusaren kasuen gorakadaren ondorioz osasun zentroetan lan handiagoa egongo dela aurreikusita. «COVID-19aren desfase tenporala errepikatu egiten da: kutsatzeak inkubazio epeetan azaleratzen dira, edo behaketen bidez detektatzen dira, eta horietako batzuek eboluzionatu egiten dute, ospitaleratzera iristeraino». Beraz, kasu arinak dituzten pertsonei zuzenduta egongo dira etxeko ospitaleratzeak, eta hamar-hamabi pertsona artean artatu ahalko dira. Horrez gain, ospitaleko solairuetan ohe erabilgarri gehiago jartzeko erabakia hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.