Belgikak Puigen estradizioari uko egin izanak mugarri bat ezar dezake

Bruselako epaitegiak ebatzi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du eskumenik Kataluniako kontseilari ohia Espainiaratzea eskatzeko. Puigdemonten suplikatoriorako aurrekari izan daiteke

Lluis Puig Kataluniako Kultura kontseilari ohia, Bruselan, epaitegi batek haren kontrako estradizio eskaria baztertu izana ospatzen. OLIVIER HOSLET / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Berriro ere, Espainiako justiziak zaplazteko bat hartu du Europan, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako auzia dela eta. Beste behin ere Espainiako auzitegien irizpideak bateraezinak izan dira Belgikako justiziaren irizpideekin. Iraganean ere gauza bera gertatu baitzaio Espainiari, Eskoziako, Alemaniako eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiarekin. Oraingoan, Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohia estraditatzeari uko egin dio Bruselako lehen instantziako epaitegi batek. Bruselako epaitegiak atzo ebatzi zuenez, Espainiako Gorenak ez du eskumenik Puigen estradizioa eskatzeko, defentsak adierazi bezala.

Erabakiak ondorio zuzena izan dezake Carles Puigdemont eta Toni Comin europarlamentarien estradizio eskarietan. Are gehiago, Europako Parlamentuak irizpide hori bere eginez gero, arrazoi nahikoa litzateke Puigdemont, Comin eta Clara Ponsati europarlamentarien suplikatorioa baztertzeko ere. Dena den, erabakia ez da irmoa, eta Belgikako Fiskaltzak aurreratu zuen helegitea aurkeztuko duela.

Gonzalo Boye Puigen defentsa abokatuak adierazi zuenez, erabakiaren ondorioetako bat izan daiteke Belgikak Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Comin Kataluniako kontseilari ohiaren estradizio eskariak ere baztertzea, Puigen kasuan agertu dituen arrazoi berberengatik. Oraingoz, bi eskari horiek etenda daude, Puigdemonti eta Comini eurodiputatu gisa imunitatea dagokienez, europarlamentuak haien kontrako suplikatorioan akta kenduko dien ala ezerabaki zain. Diputatu izaera kentzea erabakiko balu, arrazoizkoa dirudi Belgikak Puigi ezarri dion irizpide berari jarraitzea.

Espainiako Auzitegi Gorenak aurkeztu zuen Puigdemonten eta Cominen kontrako suplikatorioa. Berdin Eskozian erbesteratutako Ponsati Kataluniako kontseilari ohiaren kasuan ere. Baina Gorenaren eskari hori ere bertan behera geldi daiteke europarlamentuak Bruselako epaitegiaren irizpidea bere eginez gero. Defentsaren argudioak «ez zaizkio oharkabean pasatuko» Europako Parlamentuari, Boyek urtarrilaren 16an Elnacional.cat Kataluniako hedabidean argitaratu zuen artikulu batean adierazi zuenez.

Boyek azaldu zuenez, Espainiako Gorenak iraganean arrazoitu du berari dagokiola Puigdemont, Comin, Ponsati eta Puig epaitzeko eskumena, Kataluniako diputatu zirelako. Diputatuak forudun direnez gero, soilik Gorenak epaitu ditzake. Baina Puigek eta Ponsatik 2018an utzi zuten diputatu akta, eta Puigdemontek eta Cominek joan den urtarrilean. Beraz, Gorenak argitu behar ditu buruzagi erbesteratuen auziak? Ez du hala uste Boye abokatuak. Haren esanetan, legeak dio ahozko epaiketari bide ematen dion autoak ezartzen duela zer epaitegirena den auzipetzeko eskumena. Auto hori ematen duenarena dela, alegia. Erbesteratutako buruzagien kasuan ez da halako autorik izan; ez diputatu zirenean, ezta gerora ere. Eta ez da izango Espainiaratzen ez badituzte.

Gorena ez da Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren kontrako suplikatorioa galdegiteko eskumena duen auzitegia ere, Boyek nabarmendu zuenez. Argitu zuen ezen, europarlamentariei immunitatea dagokien arren, Espainiako legediak ez diela forudun izaera aitortzen, eta, beraz, beren epaile naturala ez dagoela Gorenean. Llarenak, immunitatea eta forudun izaera «nahastu» dituela ohartarazi, eta salatu zuen ez zela izan «oharkabeko okerra».

Ikusteko dago Belgikak zenbateraino eman dituen ontzat defentsaren argudioak, oraindik ez baita publiko egin ebazpena.

Erabakia ezagun egin eta gutxira zoriondu zuen Puigdemontek Puig. Twitterreko mezu batean, ohartarazi zuen Espainian ez direla errespetatzen oinarrizko eskubideak. «Hasieratik salatu genuen, eta arrazoi eman zigun NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak ere. Orain berretsi egin dute auzitegiek; Gorenak ez du eskumenik gu jazarri eta epaitzeko».

Quim Torra Kataluniako presidentearen esanetan, Belgikatik heldutako berriak «bikainak» dira. Penagarria iruditzen zaio «justizia lortzeko modu bakarra» Europara jotzea izatea. Haren esanetan, Bruselako epaitegiaren erabakiak «agerian» utzi du «beste behin ere» Espainiako justizia. Buruzagi independentisten kontrako «epaiketa iruzurtia» indargabetzea eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.