Israelek eta Arabiar Emirerri Batuek «bake akordio bat» hitzartu dute

Hitzarmenaren arabera, Tel Avivek uko egingo dio anexio planari, «behin-behinean», eta harremanak normalduko ditu herrialde arabiarrarekin. Washingtonek aurrerapauso historikotzat jo du akordioa

Donald Trump AEBetako presidentea, akordioaren berri emateko unean, Etxe Zurian. DOUG MILLS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak atzo eman zuen bake akordioaren berri, Twitter bidez. «Aurrerapauso erraldoia gaurkoa. Gure bi adiskide handiren arteko bake akordio historikoa: Israel eta Arabiar Emirerri Batuak», idatzi zuen.

Bi herrialdeen arteko akordioa baieztatu zuen Mohamed bin Zayed al-Nahyan Arabiar Emirerri Batuetako printzipe oinordekoak. Hark azaldu zuenez, Trumpek eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak akordioa lortu zuten Israelek iragarria zuen anexio plana eteteko. Bestalde, Arabiar Emirerri Batuek eta Israelek hitzartu zuten aldebiko harreman bat ezartzeko modua emango duen bide orri bat negoziatzen hastea. Elkarrizketa horiek Israelen eta Arabiar Emirerri Batuen arteko harremanak normalizatzeko balio beharko lukete.

Hiru herrialdeek adierazpen bateratu bat kaleratu zuten. Nabarmendu zutenez, akordioa «aurrerapauso diplomatiko historikoa» da, eta «bakea sustatuko du Ekialde Hurbilean». Akordioa sinatu duten herrialdeen arabera, «bide berri bat» urratu dute, eta akordioak «eskualdearen potentzial erraldoia askatzeko» balioko du.

Tel Aviveko ordezkaritza bat eta Abu Dhabiko bat bildu egingo dira «datozen asteetan», hainbat akordio sinatzeko. Horien artean, inbertsioei, turismoari, hegaldiei, segurtasunari, telekomunikazioei, teknologiari, energiari, osasunari, kulturari, ingurumenari eta harreman diplomatikoei dagozkien arloetakoak.

«Ekialde Hurbileko bi gizarterik dinamikoenen arteko loturak eskualdea eraldatuko du», sinatzaileen esanetan. Ekonomia hazkundea, garapen teknologikoa eta pertsonen arteko gertuko harremanak hauspotuko dituela adierazi dute.

Akordioaren ondorioz, Israelek uko egin dio Netanyahuk iragarri zuen anexio planari, «behin-behinean». Hala zehaztu du lehen ministroak berak, anexiorako egitasmoak mahai gainean jarraitzen duela nabarmenduz. Plan horrek aurreikusten du Israelek Zisjordaniaren %40 ingururen gaineko subiranotasuna aldarrikatzea eta eskualde horretan eraikitako legez kanpoko kokaguneak legeztatzea. Akordioaren sinatzaileek kaleratu duten oharrean zehaztu dutenez, AEBek Saudi Arabiaren babesarekin egin diote Israeli anexio plana bertan behera uzteko eskaria. Israelek onartu egin du orain herrialde arabiar eta musulmanekin harremanak sustatzera bideratzea indarrak.

AEBen «kiderik fidagarrienak eta gaitasun gehien dituztenak» hurbilduko ditu. Oharrak aurreratu du Israelek eta Arabiar Emirerri Batuek AEBekin bat egingo dutela Ekialde Hurbilerako agenda estrategiko bat aurkezteko lanetan. Agenda horrek auzi diplomatikoak, ekonomikoak eta segurtasun arlokoak bilduko ditu.

Aldeek diote Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan «irtenbide justua, osoa eta egonkorra» lortzeko ahaleginetan jarraituko dutela. Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri ministro Anwar Gargaxek nabarmendu du etor daitezkeen bestelako anexio planak eragozteko bidea emango duela akordioak, eta eskatu die Israel eta Palesinako ordezkariei itzul daitezela negoziazio mahaira.

«Traizioa»

PAE Palestina Askatzeko Erakundeko zuzendaritzako kide Hanan Axrawik gaitzetsi egin du akordioa sare sozialetan: «Israel saritu egin dute okupazioa hasi zutenetik Palestinan legez kanpo egiten ari direna jendaurrean bere gain ez hartzeagatik. Arabiar Emirerri Batuek publiko egin dituzte Israelekiko harreman normalizatuak izateko ahaleginak».

Hitzarmena gogor salatu du Hamasek ere. Fawzi Barhoum eledunak Abu Dhabiri egotzi dio palestinarrei traizio egin izana: «Labana sartu digute bizkarretik, Israelekin harremanak hasita. Israelek okupaziopean egindako krimenen saria da hau». Al-Fatahko zuzendaritzako kide Abbas Zakik, berriz, salatu du arabiar herrialdeen arteko adostasuna urratzen duela akordioak, eta Arabiar Ligari eskatu dio bertan behera utz ditzala Israelekiko elkarrizketak.

Arabiar Emirerri Batuek, Omanek eta Bahrainek txalotu egin zuten Etxe Zuriak urtarrilean aurkeztutako «bake plana», Zisjordaniaren zati handi baten anexioa jasotzen zuena. Ez ziren horraino heldu Egipto, Qatar eta Saudi Arabia, nahiz eta iragarri proposamena aztertuko zutela. Hala, soilik Iranek eta Turkiak altxatu zuten ahotsa palestinarren alde. Palestinarren lurrak Israelen esku uzteko modua ematen zuen egitasmoa «behin-behinean» baztertuta, ordea, litekeena da aurrez zalantzak agertu zituzten estatuetako askok hitzarmena babestea, atzo Egiptok egin zuen moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.