Lau pertsona hil dituzte gutxienez Viena erdialdean eginiko erasoan

Poliziak ustezko erasotzaileetako bat hil du. Ikerketaren arabera, hura izan da tirogile bakarra. 22 pertsona daude zaurituta, horietako batzuk larri. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa

Austriako Polizia, Viena erdigunean, tiroketa gertatu den inguruan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Iosu Alberdi - Jone Bastida Alzuru
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Izua hedatu da Austrian. Viena erdialdean, tiroketak izan ziren astelehen arratsean, 20:00ak aldera. Sei lekutan gertatu ziren, eta horietako bat sinagoga batetik gertu, Schwedenplatz plazaren ondoan. Gutxienez lau lagun hil zituzten erasoetan, eta beste 22 pertsona zauritu, horietako batzuk larri. Ustezko erasotzaileetako bat ere hil zuten.

Oraindik gertatutakoa ikertzen ari diren arren, Karl Nehammer Austriako Barne ministroak atzo esan zuen, bideoak aztertu ostean, ez dagoela bigarren erasotzaile baten zantzurik. Ez zuen, ordea, hori ziurtzat jo, eta zalantzak dira nagusi. «Segurtasun maila gorena eta Poliziaren presentzia hor daude oraindik».

EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa, atzo arratsaldean. Austriako Barne ministroak aurretik adierazi zuenez, EIren jarraitzailea zen hildako erasotzailea; leialtasuna emana zion talde armatu horri. Kujtim Fejzulai zuen izena, eta 20 urteko gazteak aurrekari penalak zituen. Erasoaren ondoren, haren etxea miatu zuten agenteek.

Polizia iturriek APA Austriako agentziari jakinarazi ziotenez, Austriako Poliziak bi pertsona atxilotu zituen atzo Sankt Polten hirian, Vienatik 60 bat kilometrora, hiriburuan izandako «eraso terroristarekin» lotuta. Ez ziren bakarrak izan. Nehammerren arabera, atzo goizaldean hildako erasotzailearen etxebizitza inguruan «sarekada handiak» egin zituzten, eta hainbat pertsona atxilotu. Denera hamalau lagun izan daitezke atxilotuak.

Gobernuak «eraso terrorista islamistatzat» jo du gertatutakoa, eta etxean geratzeko eskatu zien herritarrei. Atzo ez zuten eskolarik eman, eta herrialdeko mugetako kontrolak zorroztu zituzten, ustezko erasotzaileetako bat ihes eginda egon zitekeelakoan; ez dute baztertu parte hartzaile gehiago egotea. Alemaniak ere zaintza areagotu duela iragarri zuen Austriarekin duen mugan.

Erasoak jazo eta berehala zabaldu zuten Austriako hiriburuko erdigunera ez joateko oharra, eta garraio publikorik ez hartzea gomendatu zuten. Poliziak «operazio handi bat» abian zuela jakinarazi zuen, eta, besteak beste, hiriaren erdigunea inguratu zuen, erasotzaileak atxilotzeko asmoz. 75 soldadu berezi ere ingurura bidali zituzten, eta Alemaniak eta Hungariak indar bereziak bidaltzeko eskaintza egin zioten Austriako Gobernuari.

Herrialdeko hainbat hedabidek adierazi zuten Schwedenplatzeko sinagoga izan daitekeela erasoaren helburua, baina Poliziak ez du halakorik baieztatu. Testiguen arabera, erasotzaileetako batek inguruko terrazetara tiro egin zuen, eta handik igarotzen ari zen herritar bat jo zuen gutxienez. Batek adierazi du «50 tiro-edo» entzun zituela.

Austriako kantziler Sebastian Kurtzek baieztatu egin zuen «eraso terrorista bat» izan zela gertatutakoa, eta «ongi prestatua» zegoela nabarmendu zuen. «Une gogorrak» iritsiko direla azaldu zuen, eta «erabakitasun osoz» erantzungo dutela.

Oskar Deutsch Austriako komunitate juduaren presidentearen arabera, oraingoz ez dago argi Viena erdialdeko sinagogaren kontrako erasoa izan den ala ez, baina tiroketa gertatu zenerako tenplua eta inguruko bulegoak itxita zeudela argitu zuen. Vienako komunitate juduak bertan behera utzi zituen atzo bere jarduera guztiak, eta sinagogak, eskolak eta dendak itxi zituzten; aldi berean, kalera ez ateratzeko gomendatu zien bere kideei, «segurtasuna ez dagoelako bermatuta». «Erasoetan antisemita arrazoi bat dagoela nabarmena da, baina ez dago baieztatuta», esan zuten komunikatu baten bidez.

Erasoa gertatu eta ordu batzuetara eman zuen Poliziak lehen heriotzaren berri. Azken informazioen arabera, 22 dira denera zaurituak —horietako bat Polizia agentea—, eta batzuk larri ospitaleratuta daude.

Erreakzioak

Vienako «eraso terroristak» oihartzun handia izan du nazioartean, eta berehala iritsi ziren agintarien adierazpenak.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea izan zen atentatuaren inguruan iritzia eman zuen lehenengoetariko nazioarteko buruzagia. «Frantziaren ondoren, adiskide den herrialde bati eraso diote. Gure etsaiek jakin behar dute zeri ari zaien aurre egiten. Ez diogu ezeri amore emango», idatzi zuen Twitterren. Beste txio bat ere argitaratu zuen ondoren: «Europa lutoan dago. Gutako bati kalte handia egin dio terrorismo islamistak. Frantzia Austriaren ondoan dago, babesa emateko prest». Macronek gaineratu zuen europar gisa ahal den guztia egingo dutela «izurrite honi aurre egiteko eta gure balioak utzi gabe aurrera egiteko».Hilabeteotan gaiztotu egin dira Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen eta Frantziakoaren arteko harremanak, eta Nizako, Avignongo eta Lyongo erasoek tentsioa areagotzea ekarri dute.

Errusiak, Italiak eta Greziak ere, besteak beste, Vienako erasoa gaitzetsi zuten. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, berriz, adierazi zuen Kabulgo unibertsitatean eta Viena erdialdean izandako erasoek agerian uzten dutela EIri aurre egiten jarraitzeak duen garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.